Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-06-29

Azken ibaia kutsatzen duzuenean


Azken ibaia
kutsatzen duzuenean,
azken zuhaitza
mozten duzuenean,
azken arraina
harrapatzen duzuenean,
orduan soilik
ohartuko zarete
dirua ezin daitekeela jan.

Cree indiarren esaera

[Goiko argazkia: Artozki herriko plaza, hondeamakinek bertako etxeak eraitsi ondoren, 2003ko irailaren amaieran. Artozki Itoizko urtegia betetzearen aitzakian Nafarroako Gobernuak mapatik ezabatu dituen hamaika herrietako bat da].

1 Comments:

Blogger Amelie said...

Gaurko BERRIA egunkarian irakur daitekeenez, Itoitz betetzeko debekua kendu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Nazionalaren ebazpenak aintzat hartu ditu

Hau da Edurne Elizondok Iruñean sinatutako berria:

1997. urteko bere sententzia ezin dela bete. Hori erran du Espainiako Auzitegi Gorenak orain, Itoizko urtegiaren inguruko auziari buruz, orain arteko sententziak proiektuaren kontra plazaratu ondoren. 1997ko sententzia hartan, Itoizko urtegia betetzeko debekua eman zuen Gorenak. Erabaki hori berretsi zuen urte berean Espainiako Auzitegi Nazionalak, behin betiko. 506 metroko mailatik gora ezin zela bete erran zuen erakunde horrek.

Zortzi urte geroago, urtegia betetzeko lanak hirugarren fasean dira. 561 metroko mailara ailegatu da gehienez ura urtegian. Orain 536koraino husten ari dira, aurreikusitako lanen arabera. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak bertan behera utzi zuen urtegia betetzeko debekua 2002. urtean. Bi urte lehenago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia kontuan hartu zuen Auzitegi Nazionalak debekua kentzeko: Konstituzionalak ontzat eman zuen 1996. urtean Nafarroako Parlamentuak onartutako Naturguneen Legearen aldaketa.

Itoitz inguruko naturguneen babesa izan zen urtegia legez kanpokotzat jotzeko arrazoi nagusietako bat. Lege aldaketak babesik gabe utzi zituen naturgune horiek. Itoizko Koordinakundeak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen erabaki horren kontra, aldaketa aurretik hartutako sententzia ez betetzeko egin zelako. Epaileek, ordea, ez zuten koordinakundearen alde egin.Auzitegi Nazionalak urtegia betetzeko debekua kendu ondoren, erabaki horren kontra helegitea aurkeztu zuten Itoizko Koordinakundeak eta Longidako Udalak, eta helegite horien ingurukoa da orain ezagutarazitako sententzia.«Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2000. urtean errandakoa onartzea erabaki du Auzitegi Gorenak; hau da, Naturguneen Legearen aldaketak ezinezko bilakatu duela Auzitegi Gorenak berak 1997. urtean plazaratutako sententzia betetzea». Gorenak, beraz, Auzitegi Nazionalak 2002an debekua kentzeko hartutako erabakia berretsi du.

«Segurtasun juridikoa» Espainiako Auzitegi Gorena otsailaren 16tik maiatzaren 31a bitarte egon da hartutako erabakia mamitzen, «auzia korapilatsua» badelako. Erakunde horrek argi utzi du, halaber, iritzirik ezin duela eman Naturguneen Legearen aldaketari buruz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak plazaratutako sententzien inguruan, «segurtasun juridikoagatik, eta erakundeen arteko errespetuagatik».

Gai horri buruz, Itoizko Koordinakundeko kide Patxi Gorraizek azaldu du mamia bestelakoa zela bi auzitegi horien eta Espainiako Auzitegi Gorenarenaren beraren aurrean aurkeztutako helegiteetan. «Auzitegi Gorenak ez zuen Naturguneen Legeari buruz erabaki behar; urtegia betetzeko debekuak kentzeko hartutako erabakiari buruz baizik».Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren kontra, hain zuzen ere, babes helegitea aurkeztuko du Itoizko Koordinakundeak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Hori eginez gero, Itoizko Koordinakundeak aukera izanen luke aurrerago Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko, berriro ere.

Helegitea aurkezteaz gain, gogoetarako baliatu du Itoizko Koordinakundeak Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia. Koordinakundeak argi du Itoizko urtegiko bultzatzaileek legeak «nahi izan duten moduan» aldatu dituztela proiektua aurrera eraman ahal izateko, eta, argi du, halaber, horrelakorik egiten jarraitzeko aukera gabe geldituko direla, azken hitza naturak berak baduelako: «Urtegiaren bultzatzaileek ezin izanen dute ezin saihestu daitekeena saihestu: urtegiaren inguruko lurra mugitzen jarraitzea, eta ezker hegaleko lerradura urtegira erortzea».Itoizko urtegiaren segurtasunaren harira, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak lurrikaren inguruan eskatutako txostenek urtegia betetzeko lanak gelditzeko balioko dutela espero du Itoizko Koordinakundeak. Horien zain dira koordinakundeko kideak, eta horien arabera, Espainiako Gobernuak urtegiaren inguruko «behin betiko erabakia» noiz hartuko zain.Koordinakundeak ez du inolako zalantzarik: «Inoiz hasi behar ez zuen proiektua da Itoizko urtegiarena; eta berandu baino lehen bertan behera utzi beharko dute».

BERRIA, 2006-09-30

6/30/2005 12:34 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home