Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-18

Altzolaneko olagarroa eta beste kontu batzuk



Atzo Galiziaren Eguna ospatu zuten Zarautzen, eta horren harira, Azken Portuko Altzola taberna kudeatzen duen bikote galiziarrari buruzko kontuak argitaratu zituen atzoko Urola Kostako HITZAk. Trinidad Arias eta Enrique Afonso, duela hainbat urte Azken Portura iritsitako ehunka etorkin horietako bi besterik ez ziren izan. Beraien herriarekiko saudadea eta hango sukaldaritza, ordea, lanbide bihurtu zuten, eta aspaldian Altzola taberna Galizia ttipi bat bihurtu da Azken Porturen bihotzean: bertan jan daitezkeen lakoiak, olagarroak, enpanadek, gaztainek edota dasta daiteken ribeiroak eta albariñoak ez du Ourense, Vigo, Santiago edota Coruñako alde zaharretan goza daitekeenaren inbiria handirik: zuzenean sorlekutik ekartzen baititu bikoteak.
Altzola taberna, etorkin galiziarren artean ez ezik, estimatua da auzokideen artean ere. Iazko festetako piropo lehiaketan, "Altzolaneko olarrua ematek!" idatzi zuen norbaitek.
Hona, hitzez hitz, atzoko egunkarian irakurri ahal izan genuena.

GALIZIA BIHOTZEAN BARRENA
[Lore Agirrezabal]

"Feijoo, Ferreiro, Rivas, Rivero, Reixa, Afonso, Forcada, Novoneira, Fonte, Pereiro, Couso, Padron... asko dira. Milaka dira beren jaioterria utzi eta Euskal Herrira etorri ziren galiziarrak. Horietako askok Zarautzen aurkitu zuen bizibidea, eta urteen joanak zarauztartu egin ditu, baina saudadeak mendebaldera begira eduki ditu beti.
Herriminarekin bizitzen ikasi dute Zarauzko galiziarrek ere. Hemengo ohituretara eginda dauden arren, beraiekin ekarritako ohiturak ez dituzte ahaztu eta urtean behin orain herrikide dituzten galiziar eta euskaldunekin konpartitzen dituzte.
Gaur ehunka lagun bilduko da Iñurritza zelaian Galiziako musika entzun, hango eta hemengo dantzak ikusi, eta kulturen arteko elkartruke horretan Galiziako Eguna ospatzeko. Zarauzko Carballeira elkarteak urteak daramatza egun hau antolatzen, eta zarauztar askoren topagune bihurtu da. Urtero bezala, hango jakiak dastatzeko aukera izango da, eta La Morena olagarro prestatzaile ospetsua etorriko da Galiziatik.

Baina Iñurritzan ez ezik, Azken Portun ere izango da Galiziako produktuak dastatzeko aukerarik, Trinidad Ariasek egunero bezala bere herriko jakiak aterako baititu barrara.
Arias galiziarra da jaiotzez, Ourenseko Berin herrikoa. Hogeita bi urte zituela etorri zen Zarautzera ordurako hemen bizi zen bere senarrarekin, Enrike Afonsorekin, bizimodu berri bat hastera. Hamabost urte daramatza Azken Portun hartu zuen tabernan lanean, eta ogibideaz gain, bere herriarekin lotzen duen txokoa ere egin du bertan. Ireki zuenean, gainera,uste ez bezalako harrera izan zuela dio Ariasek berak: «Nik hasieran uste nuen Galiziako gauzek ez zutela funtzionatuko hemen. Nori gustatuko zaio olagarroa, nori lakoia? Pentsatzen nuen. Baina denei gustatu zaie, bai hemen bizi diren galiziarrei, bai zarauztarrei. Olagarroak arrakasta ikaragarria du. Pattarra, belar orujoa edo aguardientea ere etxean egindakoa edukitzen genuen lehen, Galiziatik nire gurasoek egindakoa ekartzen genuen. Orain edozein tabernatan dago, baina orduan jendeak ez zuen ezagutzen».
Dena galiziar erara egiten du Trinidadek, umetan ikasi bezala. Tabernan ere enpanadak eta olagarroa bere amak eta amonak egiten zituzten bezala egiten ditu. «Olagarroa hemen arrautza fijitua bezain gauza arrunta zen han; oso jaki herrikoia. Eguberrietan olagarroa jaten zen etxe guzti-guztietan eta azoketara ere jendea olagarroa jatera joaten zen». Neguan Gaztainen Eguna ere ospatzen dute Galizian bezala, eta handik, Berindik, ekartzen dituzte gaztainak, Ariasek dioenez, hangoak izan behar baitute «on-onak» izan daitezen.
Galiziarekiko lotura ez dute inoiz hautsi Ariasek eta Afonsok. Berinera (Ourense) urtero-urtero joaten dira, eta ohiturez gain, hizkuntza ere mantendu dute; etxean galizieraz egiten dute. «Niri hasieran kosta egin zitzaidan hona egokitzea, beti hara itzultzearekin amesten nuen. Gaur egun, berez, laster izango nuke horretarako aukera, erretiroa hartzeko gutxi falta baitzait. Hala ere, jubilatuta badakit joan joango naizela baina ez dela han geratzeko izango. Azken finean, denbora gehiago eman dut hemen han baino eta seme-alabak ere hemen ditut», esan digu Ariasek.
Gaur ere olagarroa prestatuko du Trinidadek, baina Santiago Egunean jai egingo du".