Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-07

ASPALDIAN UTZITAKO ZELDA



Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain
nik utzitako zelda
ea entelegatzen duen hormako izkribu tipia:
“eroria burrukara”.

Ea alboko zeldatik inork hots egiten dion
komuneko plastikozko tuberia soltatuz
telefonoz bezala mintzatzeko
ea hango egunak eternal dirauen,
gauak izotzezko,
egunsentiak esne garratza diren.

Ea errekuentoan mirilatik so egiten duen begiak
[surveillir et punir]
inor ikusten duen, edo jadanik inor ere ez
[denak ala inor ez].

Jakin nahi nuke ihes egin genuenok
benetan ihes egin genuen
ala ihes egitearena, bizitzen irauteko
atxakia hutsa izan zen.

[Egilea: Joseba Sarrionandia].