Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-12

Azken Portuko festetarako bandoa



Hilabete eskas geratzen da Azken Portuko jaiak hasteko. Horren harira, zenbaiti, urtero auzoko jaietan bandoa plazaratzea otu zaigu. Ez da ohitura askorik inguruetan, baina beste herri batzuetan egiten dute horrelako zerbait, eta errotuta dagoen ohitura da.
Azken Portuko festak gainean izanda, beraz, aurtengorako proposamena idatzi dugu. Zabalik dago, edozer aldatu, gehitu, kendu edo berridazteko. Denen artean adostu eta osatzea litzateke egokiena.

Hemen doa proposamena, zuen iritziak eta ekarpenak idatz ditzazuen.

BANDOA

Azken Portuan, sasoi batean itsasoa eta askatasuna baizik ez zen lekuan, eta agorrileko besta sonatuen bezperan, bertako biztanle, bisitari eta gainerakoei jende zintzoak gogoan izanen duen eta jende harroak errespetatzea on lukeen honako bandoa jakinarazten zaie:

· Lehenik, jaiak guztion ondarea dira, urte osoan zehar bat bederak botatako izerdiarekin irabaziak. Ezerk eta nehork ezin du eragotzi jaiak askatasun osoz gozatzeko herriak duen eskubidea, eta ezta bestak alaitasunean eta eromenean igarotzekoa ere.

· Halaber, gure besten, komisioaren eta txarangaren loria handia, txistulariak, dantzariak, buruhandiak eta auzotarrak lagun dituena, eta herritar eta bisitari guziekin batera karriketara ialgi ohi dena, berriro ere denen artean loratzeko deia egiten diegu guziei, herriak bizirik nahi ditugula lau haizetara aldarrikatu nahi baitugu aurten ere.

. Horretarako, auzoko ostatuetan denen eskura izango diren elastiko koloretsu eta alaiak soinean hartzeko eta besta egun hauetan horiek islatuko duten alaitasuna edonora zabaltzeko deia egiten dugu. Hitz batean esateko, Azken Portukoak gera. Agerian gera dadila.

· Halaber, “jaiak eta eskubideak guztiontzat” da gure aldarria, eta parranda betean ez dugu ahantziko dagoeneko herritar gehiegi direla gatibu hartu dituztenak bidegabekeriaren aurka aritzeagatik eta herri honek nahi duena bere kabuz erabakitzeko duen eskubidea defendatzeagatik. Loria guziei.

· Halaber, populu hezia garenez, hainbeste zaindari, salatari, guardia, ipurtzain eta gure zauriaren luzatzeaz bizi diren gainerako jende arrotz eta alferrik gabe igaro nahi ditugu festak. Ingratak eta malurosak zaizkigu oro, eta hobe guziak dagokien lekura itzultzen badira, bakearen adostera etortzen ez diren artean.

· Halaber, askoz langileagoak, zintzoagoak eta herrikoiagoak iruditzen zaizkigu galegoa, wolofera, errumaniera, kitxua, aimara, arabiera edota hego ameriketako doinua duen gaztelera hitz eginez, haien lengoaia eta azturekin gurea aberastuz, Azken Portura adur hobearen bila iritsi diren etorkin guziak. Jaiak aitzakia ederra dira haien lagunak garela eta gure artean lekua dutela erakusteko.

· Hau guziagatik, bestak alaitasunean eta elkarrekiko errespetuan igarotzeko deia egiten dugu, populu zahar, aske eta euskaldun bezala askatasunean bizitzeko dugun eskubidearekiko errespetutik hasita.

Besterik gabe, beraz, kanta eta dantza dezagun: Azken Portuko bestak iritsi dira!


Azken Portu, 2005eko agorrila


Alkate onena: Herriya.
Idazkari onena: Komisiyua.

2 Comments:

Anonymous Mikel said...

Neri asko gustatu zait. Ikusi egin beharko da jendeak zer esaten duen, baina, idea orijinala da behintzat! Eta ondo idatzitakoa. Nik, txosnei erreferentziarik ez zaiela egiten bota dut faltan, baino bestela primeran. Animo!

7/12/2005 3:19 da tarde

 
Anonymous Santa Klarita said...

Ondo dao, halare uste det aurten kamixetak eztiala tabernetan jarriko saltzen, ta igual puntu hori aldatu inberkoa. Bestela, nei behintzat gustau zait.

7/13/2005 9:31 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home