Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-29

Festetan ezagutuko ditugunak [1]: BANDA BATXOKI

"Zer gara gu? Nor gara gu? Banda Batxoki gara gu!"


[Iturria: www.gaztesarea.net. Egilea: Koldo Otamendi]

Lagunen artean, tabernetako gau beroetan egiten diren ezinezko proiektu horietariko bat izatetik, sei urte pasa eta gero, bost urtez saioetan luzatu eta gero, baldintza desberdinetan eta musika tresnaz ezer jakinetik, zer edo zer jakitera, eta, bira desberdinetan, berrogeita hamar ikuskizun eskaini eta gero, Euskal Herriko zenbait txoko eta plazetan zein atzerrian emandakoak ere, orain, bere lan berria aurkeztera datoz, Iruñeko Txantrea auzotik, zuzenean. Banda Batxoki: jan goikoa eta lege txarra

NORTZUK ZARETE?
Banda bat gara, lagun talde bat, oraindik lagunak izaten jarraitzen baitugu. Bere garaian, orain dela sei urte, mozkorkeriaren artean, musika talde bat sortzearen inguruan luze aritu eta gero, talde birtual bat osatu genuen eta guzti (Joe Kakor's and The Butiños Punk Band), igande arratsaldeak entseguetan hasi ginen, oso baldintza kaskarretan. Lagunen artean, poliki-poliki animatzen hasi ginen, bakoitzak bere arima eta ekarpenak gehitzen, gaur egun garena osatu arte. Batzuk jotzen, besteak dantzan, beste batzuk kartzeletako ziegetatik… momentu on pilo bat igaro ditugu, baita oso txarrak ere. Gaur egun, jendearekiko harremanak indartzen eta zaintzen arreta handia jartzen dugu bai beste musika taldeekiko bai herrietako jendearekiko. Gure helburua, interesa jartzen duen jendeari huts ez egitea da, eta gutxieneko zerbitzuetan joan behar baldin bagara, hola joango gara! Adibidez, aurrekoan, Judizmendin, Kloratitako bateria jolearekin jo genuen, gureak eskumuturrekoa hautsita zeukan eta. Hori gara gu, behintzat garenaren puskatxo bat.

ZUEN LETRA BATEAN ZERA DIOZUE: TALDEAK DUINTASUNEZ DESAFINATZEN DUELA. NOLA EGITEN DA HORI?
Bai, hala da, entseguetan izerdi asko bota arren, gure mugak ezagutzen ditugu. Horregatik erabiltzen ditugu mozorroak kontzertuetan, hainbesteko lotsa ez izateko (kar, kar). Esan beharra dago, geroz eta hobe jotzen dugula, denok aldi beren, alegia, baina garrantzitsuena, kontzertuetara etortzen den jendearekin disfrutatzea da. Eta hori benetan erraten dugu, hortik datoz mozorroak, jartzen ditugun kuñak, egiten dugun antzerkia… Azken finean, emanaldi bat bukatu ostean, balorazioa egiterako orduan, guk hola-hola jo arren, jendea parrez eta dantzan egoteak beti merezi du.

DISKOA KALERATZEAREN HARITIK, SORPRESAZ BETERIKO DISKOA DA, EZTA?
Espero genuen baino hobe geratu zaigu! Abesti nahiko grabatu genituen estudioan, eta diskoan keinu pilo bat sartu ditugu: ezkutuan dauden abestiak, auzoko trikitilariak, bertsoak, eta Huajaloteko Gavilanen, Eguzki Irratian egiten zuen saio batetik hartutako hitzak erabili ditugu abestien arteko itsaskin gisa.


Banda Batxokiren logoa

ZER MODUZKOA IZAN DA MAO TSE PUNK PRODUKTIONS DISKOETXEAREKIN HARREMANA?
Oso jatorrak dira (je, je). Ez, txantxa da, gu gara horren atzetik daudenak. Lehen, aldizkaritxo bat karrikatzen genuen Mao Tse Punk, abestien hitzak, olerkiak eta artikuluak nahasten genituen. Handik hasi ginen, Urria Gorria izeneko jardunaldien inguruan, CD bildumak gure kabuz argitaratzen, baita olerki-liburuxkak ere. Horregatik asmatu genituen Mao Tse Punk produktions eta Motti Minh Rekords, sortzen dugun guziak ez dezan gure eskuetatik ihes egin.

AURRERA BEGIRA, PROIEKTU BERRIAK AL DITUZUE?
Etorkizun hurbilean, abuztuan eta irailean kontzertu nahiko ditugu: Lizarran, Zarautzen, Goizuetan, Irunberrin, Garraldan… Aldi berean, CDaren banaketan buru-belarri arituko gara, gure kabuz eginen dugulako (norbait animatzen bada gu laguntzen, kontaktuan jartzeko faborez). Urrian, Iñakiren (Eguzki Bideoak) laguntzarekin, bideoklip bat aurkeztuko dugu. Urrunean, buf!, gauza asko ditugu buruan: Euskal Herriko musika taldeen sarea hurbiletik jarraitzen dugu, beste disko bat pentsatua dugu jada, gure material teknikoa hobetu nahi dugu (baina diru pixka bat behar dugu)…

ZUEN IBILBIDEAREN HEIN HORRETAN, NORI IGORRIKO ZENIEKETE AGURRA?
Agur bero bat, urte hauetan zehar, herri desberdinetan ezagutu ditugun neska-mutil konprometituei, musika talde guztiei eta gure auzoko zale amorratuei (baita kartzeletatik jarraitzen gaituztenei). Guzi horiei esker, disko hori kaleratzeko ausardia izan dugu. Eta Chavela Vargasek abesten duen bezala: Nahi duzuna emango dizut, baina muxuak ez dizkizut bueltatuko.

TALDEKIDEAK:
Kako: (ahotsa)
Saul: (ahotsa)
Buby: (ahotsa)
Gorka: (bateria)
Motillo: (gitarra)
Fertxu: (gitarra)
Albarito: (baxua)
Joseba: (filarmonika)

HARREMANETARAKO:
658 57 78 44
bandabatxoki@txantrea.net

Diskoa, tabernarik onenetan aurki daiteke salgai, 6 eurotan.
Diskoa aurkezteko birari oraintsu ekin dio taldeak. Hau da egutegia:

Uztailak 21, Arrigorriaga
Abuztuak 5, Lizarra
Abuztuak 10, AZKEN PORTU
Abuztuak 13, Goizueta
Irailak 2, Irunberri
Irailak 30, Garralda

2 Comments:

Anonymous Txapi Gorria said...

Gora Txantrea!!! Euskal Herriko probintzietan pareko tokirik ez da!!!
Azken Portukoak ez daitezela moskeatu, e!!

7/29/2005 10:12 da manhã

 
Anonymous Iraka said...

Banda batxokiten klipa Youtuben aurkitu dut:

http://www.youtube.com/watch?v=CvEyEp9yYwA

5/03/2006 1:46 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home