Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-08

Gaur hasiko dira Vista Alegre auzoko festak



Azken Portu, Urteta, Santa Marina, Iñurritza, Vista Alegre...
Oraindik ere auzoetako jaiei eusten ahalegin handia egiten dute bateko eta besteko batzordeek, eta garai bateko auzoetako giroa islatzen saiatzen dira.
Ahalegin horretan, Vista Alegre auzoari egokitu zaio txanda oraingoan, eta astebururako hainbat ekitaldi antolatu dituzte auzoko biztanleek eta bertara azalduko diren bisitariek festa giroaz goza dezaten.

Jaiei, zehazki, gaur arratsaldean emango diete hasiera. 20:00ak aldera botako itxaferoak, buruhandiek eta txistulariek lagunduta. Gero, auzoko haur eta gazteentzako afaria izango da, eta baita film bat ikusteko aukera ere. Festetako lehen egunari amaiera emateko, plaza gorrian diskoteka antolatu dute, eta Musika & Disk taldea arduratuko da musika jartzeaz.
Jaietako egun handiak, ordea, biharkoa eta etzikoa izango dira. Bihar, esaterako, goizean goiz, pilota txapelketako finalak izango dira, eta eguerdian, berriz, urtero hainbat jende biltzen duen txakolin eta txistorra dastaketa, txistulari eta bertsolariek alaiturik. Gauean, berriz, sardina jana eta dantzaldia izango da.
Etzi, berriz, Iratzarri dantza taldearen erakustaldia edota herri bazkaria izango da, beste hainbat ekitaldiren artean.

Hau da egitaraua:

UZTAILAK 8, GAUR, OSTIRALA:
20:00. Jaien hasiera. Buruhandiak eta txistulariak.
20:30. Gazteteentzat afari herrikoia auzoko egoitzan.
21:30. Zinema emanaldia.
23:00. Diskoteka plaza gorrian, Musik & Disk-en eskutik.

UZTAILAK 9, BIHAR, LARUNBATA:
10:00. Villa Manuelako frontoian, eskuz eta palaz binakako pilota txapelketako finalak.
10:00-12:00. Muralak pintatuko dituzte.
12:00. Buruhandiak.
12:00-14:00. Haur eta gazteentzat jolas-parkea: mamuak, giza-futbolina eta Quad-ak.
13:00. Txakolin eta txistorra dastaketa trikitilari, txistulari eta bertsolariek girotuta.
14:30. Auzoko jubilatuentzat bazkaria egoitzan.
16:00-19:00. Haur eta gazteentzat jolas parkea.
19:00. Buruhandiak.
21:00. Sardina jana egoitza aurreko zelaian.
23:00. Dantzaldia Naima taldearen eskutik, goizaldera arte.

UZTAILAK 10, ETZI, IGANDEA:
09:00. Diana, herriko bi txalapartarik eskainita.
11:00. Iratzarri dantza taldea, Txakolin plazan.
12:00. Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia.
13:00. Patata tortilla txapelketa, txistulariek girotuta.
14:00. Bazkari herrikoia plaza gorrian. (Bakoitzak bere materiala eraman behar du: mahaiak, aulkiak...).
17:00. Haur eta helduentzako joko herrikoiak eta tailerrak.
18:00. Toka txapelketa. Haur eta gazteentzat txokolate jana.
19:00. Buruhandiak.
20:00. Txapelketetako sari banaketa.