Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-01

Literatur Zikloa antolatu du Literatuztak Azpeitian


Eider Rodriguez idazleak emango dio hasiera zikloari.

Uztailaren 1etik 17ra bitartean literaturaren inguruko hainbat ekitaldi izango da Azpeitian ikusgai,
Literatuzta taldeak Lehen Literatur Zikloa antolatu baitu.

Literatura era desberdinetara kaleratzeko bideak bilatu dituzte Literatuztako kideek, hala nola antzerkiaren, filmaren, erakusketaren eta irakurketaren bidez zabalduko dute literatura.

Gaur, ostirala, Eider Rodriguez idazleak zinea eta literatura uztartuko ditu. Krispetarik gabeko zinemaren jaiotza izenburua duen hitzaldia emango du lehenik, eta ondoren 'Á bout de soffle' filma izango da ikusgai, udaletxe azpian. Ekitaldi horrekin hasiko da Literatur Zikloa.

Uztailaren 9an 'Ahulkiak' saioa eskainiko dute Harkaitz Cano idazleak eta Patxi Santamaria eta Itziar Lamuerda antzezleek. Antzerkia eta literatura biltzen dituen saioa da.

Eta azkenengo asteburuan, batetik, Literatuzta aldizkariaren 6. zenbakia aurkeztuko dute, Plaza Txikian.
Bestetik, literaturaren inguruko erakusketa jarriko dute Erdi kalean.