Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-14

MALEKOIA


Gaurko BERRIA egunkarian irakurri dut oraintsu, Herri Irratian udako kutsua eman nahi izan diotela uztailerako eta abuzturako prestatu duten programazioari, eta goizetan ‘Malekoia’ izena eman dioten saioa entzuteko aukera izango dugula orain.
Ez dute azalpen handirik ematen saioaren izenaz, baina “irrati estudioetatik irten, eta Donostiako Kursaal ondoan jarri duten karpa batetik egiten dute egunero magazina” irakur dezakegu. Kursaal inguruko pasealekuan kokatuta daudelako eta itsasotik hurbil daudelako, bada, ‘malekoia’ aukeratu dute irratsaioa bataiatzeko.
‘Malekoia’ entzunda, berehala, oso hurbileko zerbait datorkit gogora. Zarauztarrok, betidanik, malekoian paseatu izan dugu. Are gehiago, munduan bi malekoi bakarrik zeudela ere entzun izan genuen sasoi batean: Zarauzkoa eta Habanakoa. Ez dakit horrela izango den. Kataluniako Cadaques herrian dagoenari ere malekoi baten tankera hartzen diot nik behintzat.
Dena dela, 1.600 milioi pezetako aurrekontuarekin Zarauzkoa berritu eta inauguratu zutenean, aurrerantzean ‘itsas pasealekua’ deitu behar geniola esan ziguten. Antza denez, ‘malekoia’ zerbait zaharkitua zen. Berriagoa, dotoreagoa, turistikoagoa, modernoagoa da, antza, ‘itsas pasealekua’. Munduan bi bakarrik daudelakoan egon eta norberarenari izena aldatu beharra ere marka da gero!
Hala ere, ez zuten lortu herritarrok ‘malekoia’ ez erabiltzea. Inguruetan, zarauztar gutxi aurkituko duzu ‘itsas pasealekura’ doazenak. Malekoian ibiltzen gara oraindik ere, hedabideetan eta prentsa oharretan ageri dena ‘itsas pasealekua’ izan arren. Antza denez, munduan geratzen den malekoi ‘ofizial’ bakarra Habanakoa da orain. Zaharkitua, baina betikoa, bere edertasun, herritar, musika eta kolore guztiekin. Amelieren Montmartre auzoa edota Lisboako alde zaharra berritzea bezainbesteko galera litzateke Habanako malekoia beste modu batera jantzi nahi izatea. Bere horretan du betiko magia, Zarauzkoak ere bere hartan zuen bezala. Baina aldatu egin ziguten. Turismoaren tiraniari ez zioten ihes egin nahi izan. Dotorea, zabala eta ederra daukagu orain. Modernoa. Baina ez du lehengoak zuen xarmarik. Iraganaren zati bat bota ziguten malekoi zaharrarekin batera. Han emandako musuak oroitzapenen galeretara kondendatu zizkiguten. Ohartu gabe, baina bizitzeko modu bat desagerrarazi zuten. Itoitzen, Artozkin edota Azken Portuko tabernan bezala.
Irailean Habanara goaz, baina hori beste kontu bat da…

1 Comments:

Anonymous Gandalf said...

Egia da... porlanaren kultura garaile. Dena dela, nonbaiten egongo dira malekoi zaharreko argazkiak ezta? Ondo egongo litzateke horiek errekuperatzea eta erakustea. Eta zorionak blogagatik!

7/14/2005 12:44 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home