Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-30

22:03 dira Parisen


22:03 dira Parisen. Turista portugaldar bat Lisboako familiarekin barrena igaro da Lepic kalearen amaieratik, ezkerrera egin, eta begi zeharka begiratzen ditu orain sex shopen atariak. Kale horretan, Judith Andrade brasildarraren senarrak duen dendan, Moschi Apterus familiako eltxo bat geratu da bueltaka ari den kebab haragiari itsatsita. Karrika berean, bi turista euskal herritarrek raï musikaren bilduma bat erosi dute saltoki txinatar baten antza duen aljeriar baten dendan, emakume italiar batek zeelanda berriko lau kiwi erosi ditu alboko supermerkatuan, eta jendetza bildu da ilara egiten Rue de Rochechuart horretan, Moulin Rougera sartu eta etxera itzultzean tea hartzen ari diren bitartean lagunei han izan zirela esan ahal izateko. Handik hurbil, maiteminduta dirudien bikote batek argazkiak ateratzen ditu Amelie filmatu zuten Les 2 Moulins kafetegiko barnealdeko mahaietan, garagardo bat eta ebaki bat 5,40 euro ordaindu ondoren. Ordu berean, Parisko beste barruti batean, Marais auzoan eta Roi-Doré karrikako 8. zenbakian, haur batek laugarren solairutik jauzi egin eta espaloian geratu da odol putzu baten erdian, 48 segundoz, heriotza bila etortzen zaion arte. Kea eta sua ikusten da haurrak jauzi egin duen bost solairuko eraikinean, eta suteak zazpi afrikar hil dituela zabalduko dute geroago hedabideek. Horietarik lau haurrak dira. Parisko alkatea saminduta agertuko da gertaera lazgarriarekin, eta etxebizitzen arazoaz hitz egingo du geroago. Ordu horretan, Montmartreko jatetxe batean, Marais auzoan norbaitek erre duen eraikinean zer-nolako etxebizitzak eraikiko dituzten erabakitzen ari dira espekulatzaileak, Parisko beste barruti bateko hirigintza zinegotzia eta inmobiliaria ezagun bateko ordezkaria. 27 minutu geroago, telefonoak joko du Jamusukron, Boli Kostako hiriburuan, ezbeharraren berri senideei nola eman erabaki ezinik dagoen etorkinak milaka kilometrora telefono txartela kabina batean sartu ondoren. Hiru egun igaro arte inork ez du hartuko telefonoa.