Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-12

Atzo arratsaldean eta gauean, egundoko giroa eta jendetza

Azken urteotan Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiek ezagutu duten jendetzarik handiena bildu zen atzoko ekitaldietan.
Goizean, dagoeneko, haurrentzako marrazki lehiaketan 217 haurrek hartu zuen parte, eta antolatzaileak gustura zeuden deialdiak izan zuen erantzunarekin.
Arratsaldekoak, ordea, marka guztiak hautsi zituen.
Gorri, Xalto eta Brinko pailazoen emanaldian ehunka haur eta guraso bildu zen Plaza Gorrian, eta antolatzaileak horiei guztiei txokolatea ematen hasi zirenean, egundoko ilarak sortu ziren.
Herri kirol erakustaldiak ere markak hautsi zituen. Peñagarikano eta Txapartegi aizkoran eta Izeta II.a harria jasotzen ikustera egundoko jendetza bildu zen, eta horiek guztiak aho zabalik utzi zituzten Galdames eta Hondarribiko harrizulatzaileek.
Gauean, berriz, berriro ere egundoko jendetza elkartu zen txosna gunean, eta Jauko Barik eta Sexty Sexer's taldeen ondoren, Bartzelonako Pirats Sound Sistema taldeak Katalunia ttipi bat bihurtu zuen atzo Azken Portu. Txosna gunean zeuden ehunka eta ehunka lagunen artean, asko, zalantzarik gabe, kataluniarrak zirela ikusi, nabaritu eta entzun zitekeen. Dudarik gabe, izenak dioen bezala, Nazio Elkartasun Kontzertua izan zen atzo gauekoa...

Hona hemen atzo arratsaldeko eta gaueko zenbait argazki...


[Gorri, Xalto eta Brinko pailazoek ehunka haur bildu zituzten Plaza Gorrian].


[Haurrak aizkolariei laguntzen, hauen erakustaldia hasi aurretik].


[Txokolatea eman zuten antolatzaileek Plaza Gorrian, eta egundoko ilarak sortu ziren].


[Parrandaren erdian, maitasunarentzat ere bada lekurik. Lagun kataluniar hauen begiradek dena esaten zuten atzo arratsaldean, txosna gunean...].


[Patxi Iruretagoiena, jo eta fuego, arratsaldeko erakustaldietarako lanean].


[Aizkolariak eta harri jasotzaileak ikustera egundoko jendetza bildu zen Plaza Gorrian].


[Jaiek irudi bereziak uzten dizkigute: amona hau patxada ederrean eserita zegoen atzo arratsaldean...].



[Galdames eta Hondarribiako harrizulatzaileek egundoko ikuskizuna eman zuten Plaza Gorrian. Ikusle gehienek ez zuten ezagutzen meatzaldean sortutako herri kirol hau, eta harrituta ikusi zuten erakustaldia. Festa hauetako ekimen berezienetakoa izan zen atzokoa].


[Jauko Barik eta Sexty Sexer's taldeen kontzertuen erdian, ZAGAk antzerkia ere egin zuen: Gaur kalian, bihar Gaztetxian!].



[Pirats Souns Sistema, Bartzelonatik: beste behin ere, zoramena, musika ona, eta egundoko giroa txosna gunean. Atzo, gainera, Kataluniako herri bat zirudien Azken Portuk].

3 Comments:

Anonymous Anónimo said...

Gizakia eta harriaren arteko borroka agonikoa:

Gogoz,
joaren joaz,
segiaren segiaz,
talde lanean,
bakoitzak bere teknika propioaren erabilera eginez aske sentitu eta duen onena ateraz
duen guztia guztia emanez...

Harriari txispak atera eta zulatu arte!

Ikuskizuna, dudarik gabe atzokoa.

Kapitalismoaren harri zulatzaileak zarete zuek AZKEN PORTUKO festa antolatzaileok!

Segi harkaitza zulatzen...
zuloaren zuloaz, talde lanean, hautsiko baita harria.


Jon Benitok idatzi bezala, Azken Portu duintasunak egiten baitu ederra.

...

Santa Klarako mojak ederki errezatu ditek/n eiñ?

8/12/2005 12:25 da tarde

 
Anonymous Anónimo said...

Harrizulatzailen partez,

eskerrik asko ostegun arratsaldez Plaza Gorrian batu ziren...

Azken Portuko jendeari,
zarauztar guztioi,
pertsona orori.

Harrizulatzaileek egindako ahalegina eta botatako izerdia,
gogotik ordainduta izan zen jende guztiaren animo eta txaloengatik.
Gustura aritu ziren, nahiz eta lehen aldia izan,
etxean bazeuden bezala sentitu baitziren.

Eskerrik asko Azken Portuko Jai Batzordeari,
euren herri kirol ekitaldira gonbidatzegatik,
eta batez ere, erakusteagatik jai eder hauek
herriarekin eta herriarengandik egitea posible dela.

Eskerrik asko amelie-ri,
bere esku emankorretik helduta, Jai Batzordera eramateagatik,
ohiko herri kirol erakustaldietan, aire berria sartzeagatik,
hainbat eta hainbat pertsonei ilusionatzeko izateagatik.
Gozatu liburuaren irakurketa,
ea zer ematen dizu kontatuko didazu.

Eskerrik asko azkprtk dm-ri,
olatu zakarraren eta haitz sendoaren artean zubi magiko eraikitzeagatik,
erakustaldia ikusle sutsuena bezala bizitzeagatik,
hain pertsona ederra izateagatik.
Abuztu lehor honetan zerbaitean lagundu ahal badugu,
badaki non aurki gaitzake. Animo.

Berriro elkar egongo gara Azken Portu,

aXeRi
Meatzaldeko harrizulatzaileak

8/12/2005 11:39 da tarde

 
Blogger Amelie said...

Aupa Axeri!

Benetan, gozada bat izan da zuek ezagutzea, festak hein batean zuekin konpartitzea... Zuen ahaleginak Plaza Gorrian bildutako ehunka eta ehunka lagunak harrituta eta liluratuta nola utzi zituen ikustea.

Liburuarena, berriz, hori ezustea! Atzo ekin nion lehen orrialdeei, eta egun hauek irakurketarako egokienak ez badira ere, gustura heldu diodanez, gustura ekingo diot orrialdeei, seguru!

Eta egon ziur, Azken Portun harrizulatzaileak ezagutu zituztenek izango dutela gogorik harrizulatzaileak beste nonbait ikusteko, beste nonbaitera deitzeko...
Eta Azken Portun ere, eman zenuten ikuskizuna ikusita, egon ziur saiatuko garela berriro ere zuek gure artean izaten. Aurten izan dugun %4,6aren aldapa gainditzeko modu berriak aurkituko ditugu hurrengo hilabeteotan, fijo, eta izango dugu elkarren berri.

Antolatzaile guztien izenean, besarkadarik beroena Meatzaldeko harrizulatzaileei eta gainerakoei.

Zulatu arte!!!

8/15/2005 7:55 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home