Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-19

Epailearen aurretik igaro, eta erasotzailea berriro etxera



Atzo epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi zuten ordu batzuk lehenago Ertzaintzak Zarautzen atxilotutako M.A.C.S. 37 urteko gizonezkoa. Emaztea jipoitzeagatik eta labanaz mehatxatzeagatik atxilotu zuten. Azpeitian epailearen aurrean deklaratu ondoren, ordea, aske utzi zuten, aurrekari penalik ez zuelako.
Zarauzko Sorginak emakume taldeak eta Bilgune Feministak salatu egin dute horrelako gertaera larrien aurrean erasotzailea dagoeneko berriro ere herriko kaleetan aske uztea, eta "erasotzaileen bazterketa soziala" eskatu dute.
Atzo arratsaldean, bilkura isila egin zuten Zarautzen, Musika Plazan, eta idatzi bat zabaldu eta irakurri zuten bertan.

Gaur, berriz, gertaera hauen harira, manifestazioa deitu dute Bilgune Feministak eta Zarauzko Sorginek, 20:00etan, Musika Plazatik abiatuta.

Honako hau da atzo zabaldu eta irakurri zuten agiria, hitzez hitz:

"Atzo, Zarautzen, gaueko lehenengo orduan gizonezko bat atxilotua izan zen, bere bikotea jipoitu eta labanaz mehatxatzeagatik. Beste emakume baten bizitza arriskuan jarri duen erasotzailea kalean da dagoeneko.
Gertaera beldurgarri hau ez da kasu isolatua. Emakumeontzat eraso hauek eguneroko ogi dira. Emakumeonganako indarkeriak Zarauzko etxe batean izan du oraingoan isla eta oihartzuna, baina beste milaka kasu dira isilduak. Berdintasunaren garaia deritzoten honetan, gauzak aldatu diren ustea zabaldua dagoenean, berriz ere emakumea zapaldua denaren froga garbia azaldu zaigu.
Berdintasun faltsu hau sinetsarazi diguten berberak dira, emakumeonganako indarkeriaren konplize eta berau mantentzearen erantzule. Eraso bortitz eta erailketa arriskuen aurrean erasotzailea baztertu eta emakumea babestu beharrean, gutxieneko neurriak hartzen dituzte. Bestela, nola azaldu azken gertakari krudel honen aurrean, erasotzailea kalean egotea? Horregatik diogu hartzen diren neurri judizialak ez direla nahikoa, ez eta arazo honekiko politikari eta instituzioek duten konpromiso maila ere. Zurikeria eta hitz politak nagusitzen dira oraindik ere, baina emakumeonganako indarkeriarekin amaitzeko intentziorik eta borondaterik gabe.
Egoera larri honen aurrean dei egiten diegu herritar guztiei, batez ere emakumeei, eraso hauen salaketa ozena egitera. Atzo gauean gertatua edonori gerta dakioke, eta bada garaia erasoei aurre egitekoa. Erasotzailearentzat, berriz: bazterketa soziala. Ez ditugu gure artean nahi.
Hemendik animatzen zaituztegu emakumeok, edozein eraso mota salatzera eta ahal den neurrian Zarauzko emakume taldeekin harremanetan jartzera. Erasotua, zanpatua eta kolpeka isildua izan den emakumeari, berriz, gure babes guztia adierazi nahi diogu
Erasorik ez erantzunik gabe! Erasotzaileen bazterketa soziala!!!".  

2 Comments:

Anonymous Saioa said...

Gaur, 20:00etan, manifestazioa izango da Musika Plazatik abiatuta. Bilgune Feministak eta Sorgiñak-ek egin dute deialdia.
Erasorik ez erantzunik gabe!

8/19/2005 3:39 da tarde

 
Anonymous Azkenportukua said...

Beldurrari beldurra diozunean,
Irudipenak eta sentipenak esplikatzeko hitzik aurkitzen ez duzunean,
Ameliren zorion opariak lasaitu ezin zaitunean,
su artifizialak edo Azken Portuko banderitak ikusteko gorantz begiratu ezin duzunean,
amorrua urdaileko kutxan sartuta itsasoan desagertzeko gogoa duzunean,
herriko izakirik zaborrena zarenentz sinistarazteko bidegurutzea ezagutzen duzunean,
...hori eta gehiago,
EMAKUME jaio izanagatik.

Ta adi denok: askotan min fisikorik gabeko eguneroko jokabide-izkutuko ttikiekin eragiten baitugu hori guztia...
kontuan izan dezagun guztiok. Ados?

pd: Eskerrak Ameli blogaren portuak biziraungo duela abixu emateagatik...gizarteak sentimenduak izoztu baino lehen, izan bedi "Azken Portua" gu guztion poxpolu.

8/19/2005 6:45 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home