Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-31

Espekulazioak ez du etenik


[Aurreko astean, etxean, logelako leihoa zabaldu eta aspaldian itxita eta hutsik zegoen pareko etxebizitzan iragarki hau agertu zen: SALGAI. Telefonora galdezka deitu, eta 49 milioi pezeta, eta berritzeko beharra. Iragarkiak ez du astebete ere iraun. Aste honetan kendu dute, dagoeneko etxea salduta].

Parisen hogeita lau hildako eragin ditu espekulazioak astebetean. Atzo, Frantziako 50 gizarte erakundek, langilek eta etxebizitza sozialen aldeko elkarteek bizileku duin bat edukitzeko nazioarteko eskubidea onartzeko eskatu zioten Gobernuari. Suak erretakoak eta suari ihes eginez leihotik salto egin ondoren odol putzuen erdiak geratutako haurren irudiak ikusi behar izan ditugu horretarako. Bitartean, hainbat elkarte etengabe lanean eta egoera salatuz jardun arren, arazoa ezkutatu egin digute espekulatzaileek, agintariek eta hedabideek. Hiltzeko modu ugari dagoela abesten genuen gazteagoak ginenean, badakigu. Hiltzeko modu ugari dago gaur egun ere.

Gurean ere, espekulazioak ez du etenik. Azken Portun eta Zarautzen 3.389 etxebizitza huts daudela salatu dute asteburuan gazteek. Hemen ere, ordea, datua ezkutatu egin digute espekulatzaileek, agintariek eta hedabideek. Inon ez da ageri soldataren erdia joaten zaigula alokairua ordaintzen. Inon ez da ageri koadrila erdiak inguruko herrietan exiliatu behar izan duela. Inon ez da ageri hirigintza zinegotzi izandakoek non eta zergatik erosten dituzten lokalak eta etxeak. Inon ez da ageri espekulazioak alfonbra gorria zabalik duela gurean. Inon ez da ageri denon eskubidea batzuen negozioa bihurtu dela hemen, eskupekoen isiltasunak lagunduta.