Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-22

Euskararik gabeko Erdi Aroa...


[Erriberrin Erdi Aroko Festak ospatu dituzte asteburu honetan].

Itsasaldeko Nafarroan eguraldi petrala zegoen iragarrita egunotan, eta euriari ihesi, Nafarroa Garaira alde egin dugu asteburuan. Tafallako eta Erriberriko jaietan izan gara, eta bietan, festa giroan, berriro ere herria mutu utzi nahian goitik antolatutako jaiek dituzten itzalak ikusi ditugu.

Tafallan, aurten ere, txosna gunea da, nolabait, beste modu bateko festak nahi dituztenen bilgune. Herrian giroa gaiztotu egin dute eskuin muturrekoek azken asteotan, oraintsu, Miguel Indurain Kirol Hiriaren inaugurazio ekitaldian, dantzariak ikurrinarekin atera zirelako. Ordudanik haserre dabiltza eskuindarrenak, eta zirika ari dira batera eta bestera, behin eta berriro. Larunbat gauean, zirikatzearekin nahikoa ez, eta Foru Polizia borrak eskuan eta modu txarrean sartu zen txosna gunera, mehatxuka, jendeari identifikatzeko eskatu, pankartak kendu, eta jarrera harroa erakutsiz. Beste behin ere, batzuen gustukoa ez dena indarra eta boterea erabiliz isilarazi nahi izan zuten.

Tafallatik kilometro batzuetara, berriz, ondoko herrian, Erriberrin, azken urteotan egin izan duten bezala Erdi Aroko Festak ospatu dituzte asteburu honetan. Gurean gero eta ohikoagoa da Erdi Aroko festak, azokak eta antzeko ekitaldiak ikustea bateko eta besteko herrietan. Egun horiek antolatzen dituen enpresak sortu dira inguruetan, eta dena antolatuta iristen zaie udalei: postuak, ekitaldiak, dekorazioa, jantziak, eta abar. Itxura berezia hartzen dute herriek, eta sasoi bateko ofizioak, artisauak, jokoak eta gastronomia ezagutzeko parada izaten da. Eta herriak Erriberri bezalakoak baldin badira, horrelako azoka edo festarik gabe ere bisitariari Erdi Aroan dagoela sentiarazteko modukoak, benetan ederra izan daiteke ekimena.
Erdi Aroa herrira ekartzea enpresa pribatu baten eskuetan utziz gero, ordea, herrietako festetan gertatzen denaren gauza bera gertatzen da: errealitatea bestelakoa dela, eta herria mutu gera daitekeela ekitaldiak daitezkeen handienak eta ikusgarrienak izanda ere. Atzo hori sentitu genuen Erriberrin, eta antzeko zerbait sentitzen dugu euskal herrietan Erdi Aroko azokak ikusten ditugunean ere. Izan ere, hemen, Erdi Aroan euskaraz hitz egiten zuen herriak, baita Erriberrin ere. Eta enpresa pribatu arrotzak Erdi Aroa antolatzeaz arduratzen direnean, hori ahantzi egiten dute. Batzuetan nahi gabe, eta besteetan nahita.
Guri behintzat arrotza, susmagarria eta faltsua iruditzen zaigu Euskal Herrian euskararik gabeko Erdi Aroko azokak eta festak ikustea…