Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-17

Konbo Kilonbo taldearekin Txatxarro magalean

Asier Bastarrikari egindako elkarrizketa dakar gaur Urola Kostako HITZAk.
Honako hau, berriz, elkarrizketaren bertsio "luzeagoa" da.
Izan ere, Txatxarro mendiaren magalean duten etxean, lagunartean elikagai ekologikoak jateko aukera eskaintzen hasi dira. Gaur, gainera, musika emanaldia ere antolatu dute lagunartea girotzeko, eta Konbo Kilonbo taldea ariko da, 21:00etatik aurrera. Bertan izateko, 943 580832 telefonora deitu eta lekua hartu besterik ez da egin behar.



"Elikadura ohiturak aldatuz soilik, mundua alda dezakegu"

Iaz, Euskal Herriko Garapen Agentzien elkarteak enpresak sustatzeko antolatutako lehiaketan saria jaso zuen Leire Albisuk eta Asier Bastarrikak sortutako Bastalbiri enpresak. Aiako enpresa honek, Goiabe Sukaldea izenarekin, nekazaritza ekologikotik lortutako lehengaiekin elikagai ekologikoak ekoizten eta saltzen ditu. Udan zehar, bateko eta besteko azoketan barrena dabiltza, eta, nahi izanez gero, Txatxarro mendiaren magalean duten etxean lehengai ekologikoekin egindako pizzak, otartekoak, entsaladak eta gainerakoak dastatzeko aukera eskaintzen dute.

—Elikadura ohiturak aldatuz mundua alda daitekeela sinesten dutenen artekoa al zara?
Bai. Nik baietz uste dut. Azken mendea ideia handien mendea izan da. Aldaketa handiak izan dira, baina egunerokotasuna baztertu egin dugu. Gure ideien eta eguneroko ekintzen artean egundoko amildegia dago, eta gauza txikiei begiratzeko ordua da. Elikadura da naturarekin dugun harreman zuzenena, eta eguneroko kontuekin hasita, elikadura ohiturak aldatuz soilik, asko egin dezakegu mundua aldatzeko.

—Lurra, atmosfera eta ingurua dagoen moduan egonda, zenbaterainoko bermea du nekazaritza ekologikoak?
Nekazaritza ekologikoa deitzen dena araudi bat da. Horrek ez du esan nahi ekologikoa denik. Baina eskatu dezakegun gutxienekoa dela esan daiteke, nolabait, elikadura sano bat edukitzeko eta ingurua errespetatzeko. Hortik pentsatzea erabat ekologikoa dela eta abar, salto handia dago, baina ez badugu salto txiki hori egiten, ezingo dugu handiagorik egin.

—Nonbait irakurri dugu, zure hitzetan, laster gosez amaituko dugula guztiok.
Bai. Janariz inguratuta gaude, eta gero eta gehiago jaten dugu, baina gero eta gutxiago elikatzen gara. Janaria gero eta merkeagoa da, baina gero eta kalitate okerragokoa. Ez dakigu nondik datorren eta zer daraman ere. Jendeak osasuntsu jatea izan beharko luke garrantzitsua, eta ez dirua nola edo hala irabaztea. Bestalde, elikagaiak ekoizteko ahalmen guztia galtzen ari gara, abiada bizian. Euskal Herri heze honetan ekosistemak ematen du elikagaiak soberan ekoizteko, baina dena berdintzen eta porlanezko desertu bihurtzen ari gara. Adibide bat besterik ez da, baina lehengoan, Oteiza Lizeoaren lanak direla eta, 50 urtetik gora izango zituzten limoiondoak bota zituzten, eta hemen limoia ematen den leku oso gutxi geratzen da. Daukagun apurra batere begirunerik gabe desagerrarazten ari gara.

—Eta zein da horri guztiari aurre egiteko bidea?
Ez da erraza. Guk permakultura eta ideia horiekin bat egiten dugu. Inguruan daukagunarekin ahalik eta autosufizienteenak izaten saiatu behar dugula iruditzen zaigu, baina ez da erraza. Azken batean, janariarekin, prezioari bakarrik begiratzen ohitu gara. Auto bat edota arropa erosterakoan, onartzen da garestia, nolabait, hobea dela. Berdina gertatzen da ardoarekin: Errioxa botila bat edota tetrabrik ontzi bateko ardoa ez da berdina, baina biak ondoan jarrita ez zaigu okurritzen Errioxakoa zein garestia den esatea, bestea baino askoz hobea dela baizik. Elikadurarekin, berriz, badirudi prezioak bakarrik duela garrantzia.

—Horri aurre eginez, etxean lagunarteko otorduak eman eta kontzertuak ere antolatzen hasi zarete...
Bai. Gaur, 21:00etan, Konbo Kilonbo taldeak joko du. Hemen inguruko musikariak dira, saltsa taldeetan-eta aritutakoak. Azken batean, gure elikagaiak merkaturatzeko bideak erabat itxiak eta zailak direnez, etxean bertan eskaintzea otu zaigu. Ez dugu leku askorik ere, baina elikagai ekologikoak dastatzeko eta paisaiaz gozatzeko aukera ederra denez, pizzak, otartekoak, entsaladak, ekoizten ditugun jakiak, eta antzekoak jateko aukera eman nahi diogu jendeari. Lagunartean osasuntsu jateko aukera ezberdina da. 943 580832 telefonora deitu eta lekua hartu besterik ez da egin behar.