Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-08

Santa Klara komentuan barrena


Urola Kostako HITZAk Santa Klara komentuari buruzko erreportaje luze eta zabala argitaratu zuen atzo. Santa Klara egunaren atarian, azala eta bi orrialde eskaini zizkion.
Hau da, bere horretan, atzo HITZAn irakurri ahal izan genuena.

[Iturria: Urola Kostako HITZA, 2005-08-07. Egilea: Gari Berasaluze]

LAU MENDE OTOITZEAN ETA LANEAN

Zarauzko eraikin nabarmenenetakoa da Santa Klara komentua: 1610ean
sortu zuten, eta gaur egun 12 moja bizi dira bertan, otoitzean eta lanean

Zarauzko eraikin zaharrenetakoa da Santa Klara komentua. 1610ean sortu zuten, eta ordudanik bertan bizi diren klaratarrek hamaika otoitz egin dute herritarren alde. Datorren ostegunean Santa Klara eguna ospatuko dute, eta horren harira Hitza Sor Maria Nieves abadesarekin eta komentuko kanpo-harremanen ardura duen Sor Gloriarekin aritu da solasean.
Ohi bezala, Sor Frantziskok zabaldu du komentuko atea, eta behin kazetaria bisitetarako atondutako gelara eraman eta gero agertu dira beste bi mojak. Presarik gabe aritu gara solasean, luze, komentuaz, beraien bizimoduaz eta kanpoko munduaz, lasai asko.
Gaur egun hamabi lagun bizi dira Santa Klara komentuan. Gazteena abadesa bera da, eta 72 urte ditu. Galderei erantzuten hasi orduko, ordea, umoretsu, adin kontuak hainbeste ez zehazteko eskatzen dio Sor Gloriak abadesari. «80 urtetik gorakoak zortzi dira, eta gainerako laurak 70 eta 80 urte artekoak» dio.
Klaratarrak dira guztiak. Klaratarren erlijio-ordenan sartzen denak pobrezia-botoa bere egiten du, eta ez dute norberaren inolako ondasunik edo dirurik. Dutena, klaratarrentzat izaten da beti ere. «Ebanjelioan aita San Frantziskok eta ama Santa Klarak pobrezia betetzeko esan digute, eta horri eusten diogu». Horren harira, orain arte ez dute pentsiorik eta antzekorik kobratu. Azken urteotan, eta nolabait «garaiak aldatu direnez», hori ere aldatu egin da, eta orain jasotzen dute zerbait, baina beti ere dena klaratarrentzat bideratuta. «Inork ez du bere konturik: dena komunitatearentzat izaten da». Abadesak zehaztu duenez, «pentsioak onartu zirenean, bankukoek bakoitzak bere kontu korrontea izatea nahi zuten. Gotzaitegian galdetu nuen, eta argi esan ziguten ez onartzeko horrelakorik, guk ezin genuela. Beraz, kontu bakarrera joaten dira guztiak». Komentuaren gastuetarako erabiltzen dute diru hori, eta soberakinak misioetarako edota antzeko ekimenak laguntzeko bideratzen dute.
«Baratza saldu genuenean ere, horixe egin genuen, etxea konpondu: lokutorioa, sukaldea eta kapilla berritu. Sukaldea, berogailua, eta horrelako kontuak».
Eguneroko bizimoduari dagokionez, Santa Klara komentuko mojak, egunero, goizeko 06:00etan jaikitzen dira. 06:30ean kapillara sartzen dira, otoitzak eta errezuak egitera, eta 07:45ak arte egoten dira kapillan. Abadesaren hitzetan, «orduan Jauna agerian jartzen dugu, eta ordutik aurrera, orduerdiro, txandaka, hura zaintzera joaten da moja bat. Gainerakoek, lanari ekiten diote: sakristian, sukaldean, baratzean… bakoitzak bere lana dauka». Horrela eguerdira arte. 12:00etan angelusa errezatzen dute, eta gero salmo batzuk. Jauna erretiratzen dute ondoren, eta bazkaltzeko biltzen dira guztiak. Bazkalostean, denen arten biltzen dituzte ontziak, eta 14:00ak arte solasean aritzen dira, lasai. «Errekreoa» esaten dioten ordua izaten da hori. 14:00etatik aurrera, berriz, aisialdirako denbora izaten dute, bakoitzak nahi duena egiteko. 15:00etan berriro kapillara itzultzen dira, «Jauna agerian jarri, beste salmo batzuk errezatu, eta errosarioa egiten dugu. Izan ere, asko errezatzen dugu herriaren alde. Eskari asko izaten dugu, eta horien alde aritzen gara otoitzean». Gero, 18:00ak arte berriro aisialdirako denbora izaten dute. 18:00etan bildu, eta 18:30ak arte otoitz egiten dute. 18:30ean, berriz, meza izaten dute komentuko elizan, eta ateak zabalik izaten dira herritarrentzat. Meza bukatzen denean, «jauna hartu, otoitz egin, isilean egon eta bezperak errezatzen ditugu. Gero, 19:45an irten, eta 20:00etan afaltzen dugu. Afalostean berriro ontziak bildu denen artean, eta 21:00etan berriro biltzen gara». Orduan «azken otoitzak» egin, eta 22:00etatik aurrera «libre», elkarrekin hitz egin edo nahi dutenean ohera joateko.

Lanean, gustura

Bakoitzak komentu barruan dagokion lana egiteaz gain, denen artean, aparte, kanpotik ekartzen dizkieten zenbait lan ere egiten dute: kortinak josi eta antzekoak. Eguneroko bizimodu horrekin gustura ageri dira mojak. Sor Gloriak, gainera, hori nabarmentzeko ere eskatzen du: «Adinekoak gara, baina gero eta hobeto bizi gara. Izan ere, orain nahi duguna egiteko askatasuna dugu. Nahi duenak ahal duena egiten du, eta hainbeste maite garenez, bata bestearen lanak harrapatzen jarduten gara, elkar laguntzeko».
Baratzea zaintzeko, gainera, «lan zail guztiak egiteko amorratzen dagoen beste gizon bat» iritsi zaie. Mojentzat, «mirari baten antzekoa» izan da baratzeko lanetarako bigarren lagun hau iristea. «Orain, beste mirari handiagoa espero dugu, eta ea neska gazteak iristen zaizkigun gure artera!». Izan ere, 60ko hamarkadan sartu ziren azken mojak komentura, 1960an. Ordudanik, ez da beste «gazterik» iritsi. Hala ere, kanpotik borondate oneko herritarrak joaten zaizkie laguntzera, eliza garbitzera eta antzekoetara, eta mojek gustura hartzen dute laguntza hori.
Kanpoko jendearekin duten harremanari buruz galdetuta, bisitan jende askorik ere ez zaiela joaten diote. «Familiakoak eta lagunak etortzen dira batez ere. Eta, gero, bereziki, Santa Klarari laguntza eskatzera etortzen den jendea. Premia handian dagoenean etortzen da jendea, larri, kandelak ekarri eta haien alde otoitz egin dezagun eskatzera». Bisitak ez dituzte mugatuta, eta nahi duena joan daiteke bisitara. Dena dela, Garizuman eta abenduan ez dute bisitarik jasotzen, eta hilean behin ere, 21ean, «erretiroa» izaten dute. «Egun bereziak dira horiek, eta guretzat hartzen ditugu, otoitzerako».
Kanpora, berriz, orain lehen baino gehiago ateratzen direla aitortu dute. Lehen ez ziren ateratzen, eta sendagileak, dentistak eta antzekoak komentura bertara joaten ziren. Garai batean, norbait operatu behar baldin bazen ere, komentuko erietxean bertan operatzen zuten. Orain, berriz, sendagilearengana edota dentistarengana joateko, «kanpora» atera behar izaten dute. Enkargutara edota erosketak egitera joateko ere ez dute inolako arazorik. «Bokazio falta handia dago, eta horrek erraztu egin dizkigu gauzak. Elizak berak, nolabait, malguago jokatu du, eta erraztasunak eman dizkigu kanpora ateratzeko. Baimenak eskatuta, ez dugu inolako arazorik izaten».

Elikagai gehienak, etxekoak

Dena dela, ahal duten guztia beraiek ekoizten dute: komentuaren harresien barruan hainbat lur dute oraindik, eta baratzeak, fruta arbolak, ardiak, oiloak eta beste zenbait abere ere badituzte. «Lehen zerriak ere bagenituen, baina, orain, zahartu garenez eta horien haragia komeni ez zaigunez, utzi egin behar izan ditugu». Garai batean, beraien baratzetik bizi ziren hein handi batean. «Dirurik kobratzen ez genuenean, baratzean landutakoak saltzen genituen, asko, eta hura zen gure diru sarrera bakarra. Baratzea, eta jostea». Gaur egun, ordea, kanpotik ere gauza asko ekartzen dute, batez ere neguan. Hori, ordea, kalitatean nabaritu egiten dute gero. Izan ere, kanpoan, eta kalitate agiriak eskuratu arren, elikagaiak ez dira garai batekoak bezalakoak. Eguraldi ona eskatzeko ekartzen dizkieten arrautzei begiratuta soilik ohartzen dira horretaz. Etxeko arrautza freskoekin ohituta dauden mojek, zenbakiak idatzita daramatzaten arrautzak ere ikusi behar izan dituzte azkenaldian: «Gaur lehendabizi gorringoa hori-hori-horia zuen arrautza bat ikusi dut. Nazka ematen zuen. Baina zer zen hura!?» dio Sor Gloriak.

Kanpoan, «dena presaka»

Kanpoko mundua, azken batean, arrotza egiten zaie. Arrazoi bategatik edota besteagatik kanpora ateratzen direnean, «dena presaka» dabilela iruditzen zaie. «Hitz egiteko denborarik ere ez du izaten jendeak, eta bi hitz besterik ez ditu egiten» dio abadesak. «Alde ederra da hona sartu eta solasean lasai aritzea, beste lasaitasun batean». Sor Gloriak, berriz, harrituta dio: «Esaten dutenez, askotan, etxean bertan, auzokoak ere ez omen dira ezagutzen!». «Hemen, ordea, beste giro bat dago, beste lasaitasun bat. Leku guztietan bezala, izaten dira laino txiki batzuk, baina laster alde egiten dute».
Azkena sartu ziren mojek 45 urte daramatzate komentuan, eta haiek sartu zirenetik ez da moja berririk iritsi. Sor Maria Nieves abadesa bera izan zen komentura sartu zen azken mojetako bat.
Urte hartan, zehazki, 1960an, hiru moja iritsi ziren komentura. «Ordura arte, urtean bat edo bi etortzen ziren. Urte hartan, ordea, antza denez ondo itxi zituzten ateak, eta ordudanik ez da beste inor etorri» dio Sor Gloriak. «Gehienak 30 urtetik beherakoak ginen orduan, eta zarauztarrak zortzi edo hamar bat ginen».

SANTA KLARA EGUNA, OSPAKIZUN HANDIA

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiak gainean direla ederki dakite mojek. Abuztuaren 11n ospatzen dute Santa Klara eguna, eta urteko egun handienetakoa izan ohi da klaratarrentzat. «Handitasunez ospatzen dugu gure eguna» diote. «Hirurrenak egiten ditugu, eta gero meza nagusia, Santa Klara egunean bertan. Aurten, gainera, berezia izango da meza: Parrokiko korua etorriko da abestera, eta gero hamaiketakoa emango diegu, ospatzeko».
Festa egunetan gauean «jasan» behar izaten duten kontzertuen musika «eta zarata», ordea, arrotzagoa zaie. Lo errazekoak direla diote, baina erietxeko gelak dira kanpoaldera ematen dutenak, eta han norbait suertatuz gero, festa egunetan lo egingo duenik ez dagoela diote. Hala ere, ahal izanez gero, bertsolariak entzuten gustura egoten omen dira.


1610. URTEAN SORTUTAKO KOMENTUA
Klaratarren komentua Narros jauregian bizi zen alargun
aberats batek sortu zuen, alabekin batera, XVII. mendean

Sor Gloriak ederki ezagutzen du Santa Klara komentuaren historia. Bera da liburutegiaren eta artxiboaren arduraduna, baina ez du liburuetara jo beharrik komentua noiz, nork eta nola sortu zuten esateko. Ederki asko du gogoan: «Narros jauregian bizi zen Doña Maria Ana de Zarauz, aberatsa, zumaiar baten alarguna. Alaba zaharrena Iraetako gizon batekin ezkondu zitzaion, baina alaba horren senarra ere hil egin zen. Ama, orduan, alaba alargunarekin eta beste bi alabekin geratu zen, eta mojak izatea erabaki zuten. Baina ez zekiten zein ordena aukeratu, eta txotx egin zuten. Santa Klara atera zitzaien, eta moja klaratarrak izatea erabaki zuten. Zer egin behar zuten ez zekitenez, Burgosko Lerma komentuan laguntza eskatu zuten, handik mojak etor zitezen, beraiei bizitza berria erakustera. Oso aberatsak ziren, eta zituzten baserri, lur eta gainerakoak eman egin zituzten, eta komentu hau eraikitzea erabaki zuten. Komentu hau eraiki bitartean, hogei bat urtez, Narros jauregian egon ziren bizitzen moja klaratarrak. Orain, Pagoetara bidali nahi gaituzte, baina guri, lehenago, Narros jauregia dagokigu. Hura izan zen klaratarren lehen egoitza Zarautzen».
Memoriak ez dio hutsik egiten Sor Gloriari. Horrela baitira kontuak: Maria Ana de Zarauz y Gamboak, Francisco Bouquer de Warthou-ren alargunak, eta bere bi alabek —Mariak eta Clarak— sortu zuten Santa Klara komentua. Felipe III.ak eman zien lizentzia, Madrilen, 1610eko urtarrilaren 4an. 1611n hasi ziren eraikuntza lanetan, eta 1625ean amaitu zuten. Eliza, berriz, geroago eraiki zuten, 1656an, gurutze itxurako egiturarekin. Agiri zaharretan irakur daitekeenez, «sortzaileek komentuari 14.000 dukat eman zizkioten, eta urtero 700 errealeko errenta ordaintzen zuten».
Sorrerako kontuak ez ezik, aurreko mendekoen berri ere badute mojek. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, esaterako, komentuan bertan «emakumeak preso» egon zirela gogoan du Sor Gloriak: «Hori nik baino zaharragoek jakingo dute. Sor Begoña postulantea zen orduan hemen, sartu berria, eta gogoan izango ditu kontu horiek. Nik badakit hemen emakumeak preso egon zirela, baina zenbat egon ziren eta zer-nolako biziera izan zuten, hori ez dakit. Aurreko gerran, karlistaldian, larri ibili ginen, eta komentutik atera eta Bilbora joan behar izan genuen, kanpora. Oraingo gerran [1936koagatik ari da], ordea, larri samar ibili arren, ez ginen joan. Hemen geratu ginen».


SOR GLORIA, ZARAUZTARRA
Sor Gloria zarauztarra da. 80 urtetik gora ditu, eta 60 urtetik gora daramatza Santa Klara komentuan. Abizena zein duen eta zein baserritakoa den esan arren, nahiago du horiek ez argitaratzea, hainbat herritarrek ezagutuko dutelakoan.
Urte asko eman ditu komentuan sartuta, atera gabe. Azken urteotan, ordea, tarteka, kontu batera edo bestera kanpora atera behar izan du, eta erabat arrotza zaio gaur egungo herria. «Oraintxe urtebete hil zait ahizpa» dio, «eta hiruzpalau aldiz harekin egon nintzen ospitalean. Irtetzen nintzenean, gauza guztiak nireak ez balira bezala ikusten nituen. Eskaparateetan ikusten ditudan gauzak ezer ez balira bezala dira niretzat. Ezin dira hartu, erabili, konpartitu. Ez dira gureak. Hemen, berriz, dena denona da, eta hartu, erabili eta konpartitu egin dezakezu».
Zarautzek izan duen aldaketarekin ere erabat txundituta geratu da azken urteotan Sor Gloria. Izan ere, komentura sartu zenean baserriak, baratzeak eta lurrak besterik ez zeuden inguruetan. «Beste ezer ez
zegoen». Orain, herrian, «hasi kanposantutik eta beste alderaino, etxeak eta etxeak besterik ez daude.
Harrigarria da zenbat aldatu den Zarautz. Zoratuta daude hor kanpoan. Jendeak bere kalekoak ere ez ditu ezagutzen!».

3 Comments:

Anonymous Xabi said...

Gari: benetan, zorionak atzoko artikuluagatik. Bizitza osoan etxe ondoan izan ditugu monjak, eta orain arte inon ez nuen beraiei buruzko horrelako artikulurik inon irakurri. Nola bizi diren, zer egiten duten...
Oso ona, benetan!

8/08/2005 12:15 da tarde

 
Anonymous m2017* said...

Nire zorionik beroenak... Lehendik ere hainbat historio entzunak banituen ere ez nen honen informazio zehatzik inoiz jaso... Primerako lana.

Aipagarria: kanpoko mundua, gure mundua, arrotza zaie. Ez nau harritzen. Maiz niri ere berdina gertatzen zaidak eta!!!

8/08/2005 12:43 da tarde

 
Anonymous Txirrita said...

Puntazo bat izan zen, Gari. Zorionak.
Eta txosnetako kontzertuak ezin dituztela jasan zaratagatik? Ze ona!
Baina bertsolariak gustura entzuten omen dituzte!
Ea aurtengo gai-jartzailea monjetaz ere akordatzen den!

8/08/2005 3:43 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home