Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-10

Txilikurekin solasean

Jose Luis Aranguren, TXILIKU: "Garai bateko festarako irrika hori galdu egin da"




—Noiztik ateratzen da Azken Portuko txaranga? Datorren urtean zilarrezko ezteiak dituzuela entzun dugu…
Gehiago izango dira. Gure mutil koskorrak eta txikiak ziren, eta hogeita bost baino gehiago izango dira. Hogeita zazpi bat edo.

—Urtero?
Bai! Hasieran, gainera, barrio erdia izango ginen! Hogeita hamarren bat elkartzen ginen gutxienez. Instrumentuak ez dakit nondik azaldu ziren, baina, nola edo halakoak izan arren, osatu genituen. Eta harrezkero, poliki-poliki, gazteak sartzen direla eta hau eta beste, segitzeko asmoa dugu behintzat. Gure parrandatxo hori oso gustura egiten dugu eta…

—Nolakoa izaten da Azken Portuko txarangaren eguna?
Azken urteetan, bizpahiru hildako ere baditugu, eta goizean hasten gara, hamarrak alde horretan, haien omenezko mezarekin. Gero, hamaiketako pixka bat egin, eta orduan salida, ilunabar aldera arte.

—Ilunabar aldera arte bakarrik?
Lehen goizaldera arte jarduten ginen, baina orain ilunabarrean, alto! Lehen goizaldera arte ibiltzen ginen bazterrak nazkatuaz.

—Denek al dakizue musika tresnaren bat jotzen?
Baita zera ere! Instrumentuak jotzen dituztenak hiruzpalau bat edo dira: txistua eta horrelakoak, eta gero bonbo zaharrak, eta platilloak eta horrelakoak jotzen dituztenak daude. Lehen bai, bat edo beste, baina instrumentu naturalik jotzen duenik ez dago. Zarata ateratzen dutenak, berriz, nahi duzuen guztia.

—Zein pieza jotzen dituzue?
Lehen pare bat hilabete lehenago hasten ginen. Txistuarekin jotzen zuten txistulariek, eta besteok, nola edo hala, tankera hartu eta laguntzen genien. Azken sei-zazpi urtean, berriz, ezer ere ez. Lehen ikasitakoak jotzen ditugu, bat-batean. Hasiera hartan jendea ere gehiago ginen, eta hango txabolara edota hemengo ez dakit nora joan, eta zerbait aritzen ginen…

—Hainbeste urten, zerbait aldatu al da Azken Portuko festetan?
Lehen giro hobea izaten zen. Auzo guztietan bezala da hori. Lehen dantzan aritzen ginen erabat, eta gero iluntzean Azken Portu eta Bar Mari eta horiek lepo egoten ziren. Orain, berriz, nik ez dakit gazteek zer joera duten. Lehen dantzan jarduten ginen, saltoka eta brinkoka. Orain beste zerbait da, denak elkarri begira jarri pulamentu handirik gabe, eta… Nik uste dut galdu egin dela garai bateko festarako irrika hori. Baina auzo guztietan izaten da hori.

—Zuretzat, pertsonalki, zer dira Santa Klarako festak?
Bueno… mundialak! Gu mutil kozkorrak ginenean Kaxiano-eta etortzen ziren, jazzbanarekin-eta. Makina aldiz obretako tablero zaharrak hartu eta egiten genuen andamioa. Kamioi gainean ere bai! Lehen saiatuagoa izaten zen. Orain errezagoa ematen du. Dirua biltzen ere sei hilabete lehenago hasten ginen, ez orain bezala, azken bi egunetan! Lehen asko saiatzen ginen! Orain ere gazteak saiatzen dira, eta egoki antolatzen dituzte festak, baina beste era batera. Ez hobeagoak eta ez txarragoak, baina beste era batera.