Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-09-14

Ispiluekin zirika

Gazte denboran lehen aldiz irakurri nuenetik, beti izan dut gustukoa merkatari aberatsaren morroiaren ipuina. Bagdadeko azokan Heriotza ikusi, eta izututa egin zuen ihes Ispahanera, Heriotzak amenazuzko keinu bat egin ziolakoan. Heriotzarena, ordea, harridurazko keinua omen zen, eta ez amenazuzkoa, harritu egin baitzen merkatari aberatsaren morroia Bagdadeko azokan ikusteaz, Ispahandik hain urrun, gau hartan Ispahanen hartu behar zuelako morroia.
Henry Bengoaren koadernoko laugarren orrialdean ipuin horri buruz irakurritako komentarioa ere ipuina bera bezain zorrotza da, eta fatalitatearen aurka borroka gaitezkeela dio. Ispahango kaleetan, ezkutatu ahal izateko bateko eta besteko ateak joka ibili ondoren, Kalbum Dahabin izeneko ispilu egileak zabaldu zion atea morroiari. Haren dendara iritsi zenean, Heriotzak aukeratu behar izan zuen, morroi bakar bat beharrean, bost, zazpi, hamar morroi berdin ikusten zituelako, benetakoa zein zen jakin gabe.
Antzera irudikatu dut azken egunotan izeko. Heriotzari aurre egin eta fatalitatearen aurka borroka egin zuen behin, oraindik haurrak ginenean. Adore berarekin jardun zuen gazteagoak ginenean, eta orain ere, hirugarren aldiz, ispiluekin zirika aritu zaio Heriotzari, alaba ezkondu eta eztei-bidaiatik itzuli den arte. Orduan soilik utzi dio nahi duena egiten, eta honek, errukirik gabe, atzo goizaldean eraman zuen izeko. Baina atzo eta gaur beilatokian haren aurpegi zurbilari begira jarrita, zehatz kalkulatutakoa lortu duenaren irribarre egoskorra sumatzen diot oraindik.


Adiorik ez, izeko. Maite zaitugu!

2 Comments:

Anonymous Anónimo said...

Benetan polita! Ene, hau bai dela agur esatea maite duzun horri, heriotza onartzea, eta maite duzun horri joaten uztea. Animo!

10/10/2005 11:35 da manhã

 
Anonymous Senide bat said...

Mila esker senide guztien izenean!

10/10/2005 7:48 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home