Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-05

Aupa Etxebeste! eta Obaba




Zineman bi film ikusi ditut azken lau egunotan: Asier Altuna eta Telmo Esnalen lehen luzemetraia, “Aupa Etxebeste!” eta Montxo Armendariz nafarraren “Obaba”.

Biak ikusteko gogoa nuen, arrazoi ezberdinengatik.
Azken ez dakit zenbat urteotan euskaraz filmatu den luzemetrai bakarra da “Aupa Etxebeste!”, eta horrek, dagoeneko, ikusmina sortu dit niri behintzat. Telmo, gainera, dantza irakaslea izan genuen sasoi batean, zenbait urtez, Iratzarri dantza taldean aritzen ginenean. Aspaldiko kontuak dira, baina ordudanik Telmoren lana eta umorea konplizitate apur batekin jarraitu dugu.
Telmo zarauztarra izateaz gain, lau aktore nagusietatik bi eskualdekoak dira: Iban Garate azkoitiarra eta Elena Irureta zumaiarra. Javi Aguirre argazki zuzendaria, eta Alazne Ameztoi soinu laguntzailea, berriz, koadrilakoak ditugu. Arrazoiak soberan, bada, “Aupa Etxebeste!” ikusteko.
Filma gustatu zait. Itxurakeria hutsa den gizarte kapitalista honetaz irribarre egiteko komedia polita iruditu zait, eta filmaren garapena egokia iruditu zitzaidan. Alberto Irazuk “Berria” egunkarian idatzi zuen moduan, akaso etxebestetarren etxe barruko kontuei punta gehiago atera ziezaioketen zuzendariek, baina bere horretan ere, ahalegin eta emaitza txalogarria iruditu zait filma.

Obabari dagokionez, aurreritziekin sartu nintzen atzo zinemara. Batetik, zinemaz asko dakien idazle batek batere ez zitzaiola gustatu esan zidan, eta bestetik, Atxagak “Obabakoak” liburuan bildutako giro berezia nola islatuta zegoen jakiteko gogoa nuen.
Filma ikusita, Armendarizek Atxagaren unibertso literarioa islatzen asmatu duela iruditu zait. Ez du batere erraza izan behar “Obabakoak” liburua hartu eta film bat egitea. Halabeharrez, istorioak aukeratu behar dira, eta horietako hiru aukeratu ditu Armendarizek. Aukeratu dituen hirurak ederrak dira, politak, baina geldoak. Eta filmaren erritmoa ere oso geldoa da. Dena dela, gustura ikusten da filma, eta amaieran gora eta gora egiten duela esango nuke. Ni behintzat sentsazio horrekin atera nintzen zinematik. Ederki harilkatuta daude hiru istorioak, eta hirurak lotzeko Obabara doan zinema ikasle gaztearen inguruko istorioa ere ederra da, eta asko irabazten du amaiera aldera.

Bi filmak oso ezberdinak dira. Bi mundu biltzen dituzte. Bi ikuskera. Bi estilo. Nik biak gustura ikusi ditut.

3 Comments:

Anonymous Martintxo said...

Nik ere gustura ikusi ditut biak.
Hala ere, Euskal Herrian ez al dago besterik? Nekazal giroko kontuak edota etxebestetar karikarizatuak? Altuna-Esnal eta Armendarizen ibilbida eta lana egundokoak iruditzen zaizkit, benetan txalogarriak. Baina zer-nolako irudia eskaintzen ari gara gure mugetatik kanpo? Hori da kezkatzen nauena...

10/05/2005 6:47 da tarde

 
Anonymous Gorka said...

Etxebesteri 5,5 emango nioke.
Erabili dituzten baliabideekin, askoz emaitza kaxkarragoa espero nuen. Egia esan, lortu duten emaitza, ez dago batere gaizki. ETB 200.000 aldiz errepikatu dezaten, Armendarizen "27 ordu" baino askoz hobea iruditzen zait behintzat.

10/05/2005 7:52 da tarde

 
Blogger Roberto Iza Valdes said...

Este comentário foi removido por um gestor do blogue.

11/04/2005 9:37 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home