Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-05

Egiak

[Testua: Jon Benito].



Mozorroa da hipokresiaren lehen seinalea. Eta Euskal Jaiek ere badute hipokresiatik. Eta ez gutxi.
—Vascoagoa haiz orain? –esaten dit Mariak, abarkak eta milrayasak jantzita lepoko zapia lotzen ikusten nauenean ispiluari begira.
—…
—Nola sentitzen haiz mozorroaren azpian? –esaten dit.
—Ni ohitua nago gutxienez urtean behin janztera.
Irten gara lagunekin gosaltzera kalera, mozkortu gara, hitz egin dugu honekin eta bestearekin: urtean zehar hitz egingo ez genukeen jende pilarekin. Politikaz eta gure arazo eta aber(r)iez, baina lagunak bezala, nola ez!. Horretan ere oinarritzen baita jaia.
—Euskal jendea!, giro jatorra! –esaten dit Mariak, inguruko jendeari begira. Baina, nago, ez ote den estereotipoez gehiegi fida, ez duen kanpoko mozorroak txunditu. Euskal Herrikoa baino, Euskadi autonomikokoa dela herri hau oraindik, abisu nik.
Mundu bat abarkak jantzita, mundu bat zapiekin, mundu bat txapelarekin: baina txapela buruan eta norbera bere munduan.
Guk ere atera ditugu argazkiak, foto-album digitaletarako, ez ahanzteko, egun batez gu ere izan ginela basko mozorrotuak.
—Ez esan ez denik estanpa ederra! Begira ze itxura ematen dugun!
Gutxienez oinetan babak aterako balitzaizkigu abarkengatik… baina ez.
Eta deabruaren egia bat hortik, oihu betean:
—Ni baserritarra nauk eta zuek ez duzue nire antzik!
Gure azken diseinuko baserritar trajeekin ikusten gaituela, garbi eta orbanik gabe, okasiorako jantzita.
Eta gu lotsatu ez. Zer da ba euskalduntasuna, egun bateko mozorroa ez bada?
—Folklorea da! –esaten dit Mariak.
—Nahiago dinat folklorea baino Folkcore –esaten diot.
Folklorea heriotzaren aurrekaria baita: museizazioa. Eta horretan gaude. Tabernetan sartu eta musika vascoa jartzen badute, urtean behin, gupidagatik:
—Quita esta puta musica! –oihu jendeak, eta arrazoi dute: Zertarako alferrikako mozorroak eta egun bakarreko gupidak!
Ez gaitezen engaina, fiestaren vascoa, jaiaren euskalduntasuna egun bateko mozorroa besterik ez da, abertzaletasunaren paradisua den zuen herri arazorik gabe horretan.
Eta euskalduntasuna ere ez da arazo bat: jaia da. Nola izango da ba arazo mozorro bat?
—Gaur antolatu behar zuten manifestazioa?
—…
—Festak politizatzen dituzue!
—Noski! –nik.
Marmarka entzuten nau Mariak, kontu hauekin nabilela. Kezkatu egiten da.
—Gehiegi tematzen haiz!
Marmarka jarraitzen dudala ikusten du, baina beste lagunak ohituak dauzkat, eta apenas egiten didaten kasurik.
Baina gaztigu hartzen diet, mozkorrek, umeek eta inozoek bakarrik ikusten ditugula egiak. Eta egia horiek ajea uzten dute.
Nazkatu ditut Maria eta ingurukoak letaniarekin: zuzenegia, txepelegia, txoroegia, zuriegia, dela hau. Faltsuegia, hipokritegia. Eta buruan borborka ditudan –egia gehiago. Beranduegi da ezertarako baina.
Horrela ibili ginen ni eta nire kontuak, Fiesta Vascak amaitu, nekeak jo eta etxera erretiratu arte.

10 Comments:

Anonymous Vladimir Garikov said...

Oso ona, kamarada.
Hainbat egia zaudek tartean.

10/05/2005 2:51 da tarde

 
Blogger m2017 said...

Egi askok ajea usten omen ditek...
ez zaik arrazoirik falta...

10/05/2005 3:07 da tarde

 
Anonymous Joseba said...

Noski hipokrita dela Euskal Jaia!!Kontuan izan PPkoak ere baserritarrez jazten direla!! Kapazak gainera Espainiako pin bat eramateko bluxaren gainetik!!

10/05/2005 7:23 da tarde

 
Anonymous Anónimo said...

Arrazoi du artikuluaren egileak. Euskal Jaiek asko dute faltsutik eta mozorrotik. Gehiegi agian. Goizean hipokresiari eusteko gauza dira batzuk. Gauean ZONAko tabernetara agertu besterik ez dago, jaiek zenbat duten "euskal"etik ikusteko.
Txosna gunean eta plazan zerbait, Zonan ez.
Segi zirikatzen!

10/05/2005 9:31 da tarde

 
Anonymous kaspita said...

"-Festak politizatzen dituzue!
-Noski!"
Ona!
Aupa Azken Portuko jai herrikoiak!

10/06/2005 8:56 da manhã

 
Anonymous Etxebeste said...

Zer da "euskal"?
GARA?
Euskadi Gaztea?
Euskal Jaietako mozorroak?
Dena da itxurakeria!
Ea noiz hasten garen benetako Euskal Herria eraikitzen, txatxukeriarik gabe!

10/06/2005 11:02 da manhã

 
Anonymous bartleby said...

Baina zertaz ari gara euskalduntasunaz ari garenean? Zer ezkutatzen da "euskal" horren atzean?
Hori da nire ustez galdera nagusia.

10/06/2005 12:32 da tarde

 
Anonymous Dotakon said...

Nik oso argi daukat: "euskal" euskal da, eta kito.
Ez nik bakarrik. Egunkariak aspaldi zehaztu zuen bere Estilo Liburuan.
Gauza bat euskalduna da, eta beste bat euskal herritarra.
Euskal zinema euskaraz egindakoa da.
Euskal literatura euskaraz idatzitakoa.
Euskal musika euskaraz abestutakoa.
Euskal zinema Aupa Etxebeste! da, eta ez Obaba.
Euskal literatura Obabakoak da, eta ez Toti Martinez de Lezearen liburuak.
La Polla Records ez da euskal musika, ez du euskaraz abesten.
Euskal prentsa BERRIA edota HITZA dira, baina ez GARA.
"Euskal" horrek ez du ezer ezkutatzen.
"Euskal", bere horretan, adjektibo bat da, "azkar", "eder", edota "putakume" bezala.
Horregatik, ez da zaila gauzak bere horretan ikustea:
Euskal Telebista? Euskarazkoa bai, erdarazkoa ez, jakina.
Euskal prentsa. Euskarazkoa.
Euskalduna. Euskara hitz egiten duena.

Ez da hain zaila, ezta?

10/06/2005 3:31 da tarde

 
Anonymous Delgadinho said...

Karlos Linazasorok dioen moduan:
-Gora gu ta gitarrak!

10/07/2005 11:57 da tarde

 
Blogger Roberto Iza Valdes said...

Este comentário foi removido por um gestor do blogue.

11/04/2005 9:37 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home