Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-29

Halloween: beldurrezko ipuin eta istorioen gaua


Halloween gaua da gaur.
Beti izan dut gustukoa "gezurretazko beldurra", beldurra beti benetakoa dela jakin arren.
Beldurrezko filmen eta istorioen jarraitzaile sutsua naiz, eta areago kateatzen nauten beldurrarekin batera misterioa ere baduten istorio lazgarri horiek.
Asko eta asko, Halloween gauaren inguruan ematen dituzte telebistan, eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea ere data honen inguruan izaten da urtero.
Gringoen eraginak zabaldu du ziurrenik Halloween gauaren kontu hau mundura, nahiz eta gurean oraindik erabat kutsatu gabeak gaudela dirudien. Miarritzen, Baionan... eta, oro har, Iparraldean errotuagoa dute Halloween gaua ospatzea, baina Hego Euskal Herrira ez da hainbeste zabaldu sukarra.
Dena dela, izaten da antzeko ekitaldirik. Mutrikun, esaterako, Gaba Beltza gaua ospatuko dute, baina ez Halloween gauaren itzalpean, "bertako ohiturak berritzeko" baizik, "Xesperoen kontra, arima erratuen alde". Hasieran egun bakarreko jaia zena handitu egin zuten, eta gaur egun asteburu luzea hartzen du. Gaztetxea izango da bilgune nagusia.
Zarautzen, berriz, Xakela Gaztetxe Asanbladak "beldurrezko ipuinen eta istorioen gaua" antolatu du gaurko.
Musika Plazan bilduko dira gazteak gaur.
Bihar, berriz...
Bihar beste kontu bat izango da.
Ehunka herritarrei kutsatu digute gazteek amets egiteko gogoa.
Amets egin, sortu, ikasi, antolatu eta bizitzari elkarrekin begiratzeko leku fisiko baten beharra aldarrikatzen ari dira azken asteotan, eta eredu parte-hartzaile, asanbleario eta autogestionatua bultzatzen dute horretarako.
Udalak, jakina, ez du ezer jakin nahi horretaz.
Eta gazteak oso urrun daude, gaude, udalen kultura subentzionatu horretatik. Patetikotasuna eta duintasuna zailak dira uztartzen.
Horregatik, azken urteotan ez bezala, lanerako, laguntzeko, zutitzeko gogotsu gabiltza.
Borroka galduetatik gatoz, eta traidoreen gezurrezko bakea baino ez dugu ezagutu.
Ametsak debekatu nahi dizkigutenen aurrean, ametseneak eraitsi nahi dizkigutenen begietan, ez dugu zalantza izpirik egingo.
Bihar ere argituko du egunak.
Eta izugarria izango da.
Ikusiko duzue. Edo kontatuko dizuegu.

5 Comments:

Anonymous Kata said...

Ondo ziok bai gazteen ekimenak zabaltzen laguntzea baina zahartzen ari haizen honetan, agian, beste norabait begiratzen hasi beharko huke, ez duk uste?

10/31/2005 10:11 da manhã

 
Blogger Amelie said...

Inoiz baino gazteago sentitzen nauk ni behintzat!!!

11/02/2005 3:10 da tarde

 
Anonymous Kata said...

baina urtebete zaharrago!

11/02/2005 6:05 da tarde

 
Blogger Amelie said...

Begira zer bidali duen gaur Julen Zulaika bertsolariak, herriko komunikabideetan argitaratzeko: "Kontua da inoiz baino gazteago, gaztetuago natorrela zuei hau kontatzera. Igandean sartu ginen hainbat herrikide hautsak jaten ari zen eraikin batera eta gure herrian nahikoa hauts harrotu badu ere hauxe da momentua, inoiz bada, aurrera jarraitzeko, gaztetzen jarraitzeko, ametsak sortu ahala lortzeko, gure bidexiorretan barrena".

11/02/2005 6:44 da tarde

 
Anonymous Anónimo said...

Hello. And Bye.

3/20/2010 9:16 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home