Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-13

Manuel Lasarteri buruzko dokumentala ETBn


Aspaldiko partez, luxuzko zerbait ikusteko aukera izan genuen atzo iluntzean ETB1en. Antza denez, Guardia Zibilaren eta Hispanitatearen egunean jai egiten dute oraindik ere, eta atzo, astegunetako ohiko programazioa aldatu eta Bertatik Bertara saioaren ordez, aurrez grabatutako zerbait ikusarazi ziguten.
Atzokoa, ordea, luxuzkoa izan zen.
Askotan hitz egin, idatzi eta aipatu izan dugu iraingarria dela ETBren ildoa, eta gogoeta sakona behar duela. Atzo, salbuespen moduan, harribitxia eskaini ziguten: Manuel Lasarte bertsolariari buruzko dokumentala. Lasarteren bertsoak, bere gogoetak eta hitzak, eta hura ezagutu dutenen iritziak ere bildu zituzten dokumentalean. Tarteka, altxor ederrak ikusi ahal izan genituen. Basarriri 1985eko maiatzean Zarautzen egindako omenaldia, besteak beste [Joxe Lizasok Azken Portun kantatzen ari zirela ere bota zuen bertso batean].
Telebistaren aurrean eseri, eta aspaldian gertatu ez zitzaiguna gertatu zitzaigun atzo: dokumentalaren aurretik ezin mugitu, ezin afaria prestatzera sukalderatu. Baina merezi izan zuen ohi baino beranduago afaltzeak. Lasarteren bizitza eta lana hobeto ezagutzeko aukera izan genuen askok eta askok. Dagoeneko galduta dagoen bertsolaritza molde batean oihartzun ederra.
Atzo zer ospaturik ez zegoela-eta goizean lanera eta klasera joateko deia egin zuen euskal gizartearen ordezkaritza batek. Eta eskoletan ohiki erakusten ez den historia eta kontuak ikasteko aukera izan zuten klasera joan zirenek. ETBn ere, segur aski nahi gabe egin zuten arren, aspaldian eman diguten ikasgai ederrena eman ziguten.

7 Comments:

Anonymous Julen said...

Benetan ederra izan zen. Niri ere, zure antzera gertatu zitzaidan: jakin ere ez dokumental hori eman behar zutenik, eta, bat-batean, zappingaren erdian, ETB1 katean geratu nintzen kateatuta. Ondo diozu: aspaldi ez bezala gozatu genuen ETB1ekin.

Jaieguna izanda, dantza sueltoa, Ero eta Bero, harri-zulatzaileak, trontzalariak edo Ramuntxo pastorala jartzea izango litzateke normalena Iurretakoengan, baina atzokoa eredugarria izan zen (eurentzat eredugarria, batez ere).

Zelan ez, dokumentalaren zuzendaria ere aipatu beharko da: Josu Goikoetxea, Hitzetik Hortzera saioko zuzendaria eta gauzak ondo egiten behin baino gehiagotan erakutsi diguna.

10/13/2005 12:39 da tarde

 
Anonymous txopinko said...

Nik ez nuen ikusi, eta hau irakurrita gogoarekin geratu naiz gainera!
Pena da holakoak salbuespena izatea ETBn.
Ea hau beste milaka txorrada bezala errepikatzen duten, ikusteko aukera izan dezagun.

10/13/2005 12:44 da tarde

 
Anonymous Anónimo said...

Zuen iritziak irakurrita bai ematen duela gogoa dokumentala ikusteko. Nik ere, ordea, ez nuen horren berri izan, eta 'kasualitatez' ere ez nuen telebistarik ikusi afaltzeko garai horretan.
Askotan, ekoizleek ere ez dakite zein altxor duten eskuartean, eta gero, edozer gauza saltzen digute. Ea gerora ere ematen duten Lasarteren dokumentala!

10/13/2005 4:58 da tarde

 
Anonymous aztia said...

Mundiala izan zen.
Neuk ere ezustean ikasi nuen. Telebistaren aurrean beti izaten dudan tontokara aldatu ere egin zitzaidan. Behingoz!

10/13/2005 6:02 da tarde

 
Anonymous Gazteak said...

Nik, agian, bertsolari "gazteagoen" iritzia bota nuen faltan.
Zer diote Iturriagak, Maiak, Lujanbiok, Irazuk, Sustraik eta belaunaldi horretako kideek Lasarte eta horrelakoez. Segur aski miretsi egingo dituzte, baina dokumentalak agian aurreko belaunaldiaren iritziak bildu zituen.
Dena dela, bat nator zuekin: egundoko altxorra izan zen.
Portzierto, HITZAk ere iaz bi orrialdeko elkarrizketa luzea egin zion!

10/13/2005 7:24 da tarde

 
Anonymous Joseba said...

Tristea da gero!astean zazpi egunez ia hogeitalau orduko etengabeko emanaldiak izan eta zerbait ona eman dutenean urrea bezala gorde behar memorian...

10/14/2005 2:04 da manhã

 
Blogger iturri said...

Kaixo:

Nik saioaren bukaera baino ez nuen ikusi. Eta Julenek eta gainerakoen haritik, bai, itxura oso ona zeukan erreportaiak.

Ez naiz bertsozalea, baina etxean, amak eta, asko estimatu dute Manuel Lasarte. Beti iruditu zait pertsona umila, apala, baina jakintsua, Camarón jakintsua zen zentzu berean (herri jakinduria).

Ea errepikatzen duten programa.

10/14/2005 11:20 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home