Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-17

Zarauzko Gaztetxearen alde


Xakela Gaztetxe Asanbladak batzar irekia egin zuen larunbat arratsaldean, eta 60 lagun inguru elkartu ziren batzarrean.
Orain, Gaztetxearen aldeko atxikimendu bilketa zabaltzeari ekin dio, eta hau da ezagutarazi duten testua.

Atxikimenduak: xakela@gaztesarea.net


ZARAUTZ GAZTELU BELTZA

"Oskola balitz bezala inguratzen zuen putzuak gaztelua, alderik alde.
Enperadoreak eta haren menekoek harro erakusten zizkieten bisitariei harresi handien barnean sortu eta antolatu zituzten eraikinak eta ikuskizunak, harresien handitasunak, nolabait, denborarekin gaztelua kartzela bihurtu zuela ohartu gabe.
Baimenik gabe ezin zen ezer egin gaztelu handi bezain eder hartan. Baimenik gabe iristen ziren bisitariengandik eta mundu arrotzetik babesteko agindu zuen enperadoreak gaztelua inguratuko zuen putzu handia sortzea, eta zazpi ilargi eta zazpi gau eman zituzten langileek egiteko hartan, harik eta gaztelua erabat besarkatzen zuten beso urtsuak agerraraztea lortu zuten arte.
Gaztelu ederra arrotzen eta etsaien eskuetatik urrunduko zuen putzu ilun eta zabala sortu zuten langileek, eta enperadoreak, gustura, debekatu egin zuen putzua baimenik gabe zeharkatu eta edonor gaztelura sartzea.
Ilargiak joan eta ilargiak etorri, ordea, putzua bizitza hartzen hasi zen. Egonean egon behar horretan, denborak, adiskideak deitzen deitu egunak eta gauak alaiagoak izan daitezen, eta ohartzerako bete zen putzua arrain gorriekin, tximeleta alaiekin eta xakel kantariekin. Eta ilargi berri asko iritsi aurretik bihurtu ziren putzuaren inguruan sortutako kontuak eta xakelen kantuak gaztelu hartako taupada koloretsuenak.
Kantu eta taupada haiek, gainera, etenik gabe entzuten ziren gazteluan, gau eta egun, eta gela altuenetaraino iritsita, enperadorearen loa ere galarazten zuten. Eta bisitariek eta arrotzek gustura ikusi eta entzuten zutena madarikatzen zuen enperadoreak, behin eta berriz, ibili ere baimendutako lekuetatik egin behar zen gaztelu hartan hura baitzen bere baimenik gabe egiten zen bakarra. Gaztelu barruan, urrearekin ordaintzen zituen bufoien, magoen, ipuin kontalarien eta dantzarien emanaldiak, baina herritarrek nahiago zituzten putzuan sortutako ekimenak eta xakelen kantuak. Askatasunak sortutakoak ziren, eta ez zen kolore haien bizitasuna ordaintzeko urrerik.
Horregatik, haserre, putzua hustea erabaki zuen, eta bertan bizi zirenak makilatzea. Zaldi gainean Armada Beltza bidali zuen lan hura egitera, eta soldaduak gogotsu aritu ziren egiteko hartan. Behin putzua hustuta, arrain gorriak hil zituzten, tximeletak ihesera behartu, eta xakelak makiladaka hartu zituzten. Bertan akabatu zituzten batzuk, asko betiko isildu ziren, zigorraren beldurrez, eta beste asko, makilekin behin eta berriro egurtu ondoren, apo bihurtu ziren, korroka beldurgarrian, gero eta mingotsago ahotsa aldatzeraino. Eta enperadorearen zaldirik onenek ere negar egin omen zuten.
Baina hurrengo ilargiak lasai eman zituen enperadoreak, gonbidatuei gaztelua erakutsiz eta urrearekin ordaindutako ekitaldi arranditsuak antolatuz. Gaztelua, ordea, putzutik iristen zen bizitasunik eta xakelen kanturik gabe, gero eta hutsagoa eta ilunagoa ageri zen, kolorerik gabe. Isiltasunak hartu zituen inguruak, eta gauero loak lasai hartzen zuen enperadorea.
Ilargiak pasatzen ziren, eta bazirudien ez zela ezer pasatzen, baina denbora aspertuta zegoen isiltasun harekin, eta hainbat ilgora eta gero, euriaren laguntzarekin, berriro bete zuen putzua. Euriak eta denborak arrainak, tximeletak eta xakelak ekarri zituzten berriro uretara, eta koloreek eta kantuek inguratu zuten berriro ere gainontzean gero eta ilunagoa ageri zen gaztelua.
Abesti, kolore eta alaitasun eztanda hark kutsatuta, gazteluan bizi ziren bufoiek, magoek, ipuin kontalariek, dantzariek, zaldiek eta gorteko beste hainbat herritarrek, oraingoan putzua eta bertako lagunak bakean uzteko eskatu zioten enperadoreari. Izan ere, baimenik gabeak izan arren, kolore haiek guztiak eta xakelen kantuak ziren benetan gazteluaren taupada aske bakarrak.
Guk ere, gazteluen ate zabalak edonorentzat zubi bihurtuta ikusi nahi ditugunok, harresietan sinesten ez dugunok, honen bidez, putzuak bakean uzteko eskatzen diogu enperadoreari, eta erasoen aurrean xakelak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu, putzu, gaztelu eta erresuma guztietan kolore guztiek lekua izan dezaten".

ATXIKIMENDUAK: xakela@gaztesarea.net

4 Comments:

Anonymous Mikel said...

Xakelakoen testua, egundokoa!
Aupa zuek!
Eta aupa putzuetako xakel guztiak!

10/17/2005 3:49 da tarde

 
Anonymous ni said...

hori hori danon artian lortuko deu eta!!! animo danai eta mesedez parte hartu antolatzen, ospatzen, gozatzen, eraikitzen, sufritzen, parre egiten eta afaltzen!! jejee

10/18/2005 12:03 da tarde

 
Anonymous azken portukua said...

Gero eta itxura hobia daka honek!
Aupa Zarauzko gaztediya!
Aupa Xakelaa!!!!!

Gaur kalian, bihar gaztetxian!!!

10/18/2005 2:40 da tarde

 
Blogger Roberto Iza Valdes said...

Este comentário foi removido por um gestor do blogue.

11/04/2005 9:37 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home