Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-11-09

"Ahalegin handiagoa"


Lagun batek, poetak, eta biok ohatzea partekatu dugu gaur. Lo gutxi eginda gaude, baina ez zirriak egiten aritu garelako. Zarauzko Gaztetxean eman dugu gaua, goardia egiten. Gaztetxea okupatu zenetik eta ateak zabaldu zirenetik hamaikagarren eguna da gaurkoa, eta gazteek urte askoan hautsa hartzen eta erabat hilda zegoen eraikinari bizitza eman dioten arren, husteko arriskua gainean du Gaztetxeak.
Horregatik, goardiak egin eta erresistentzia antolatzen hainbat lagun geratzen da gauero. Haizeak, euriak eta hotzak ez dute batere samurra egiten egonaldia. Ez da erraza lo egitea, eta zaratarik hutsalenari adi, etengabeko tentsioan igarotzen da gaua. Beti ere leihoetatik sartzen den euriak edota ituteek erdian harrapatu ezean.
Horrela hainbat gazte, gauero. Gaur, esaterako, hogeita bost bat bildu gara. 2005. urtean, Zarautz bezalako postaletako herri turistiko eta orbanik gabekoan, hogei lagun, gauero, gaua etxetik kanpo igaro beharrean. Konpromisoa, sinesten duten egitasmo herrikoia defendatzeko. Ahalegina, ametsak ezin direla debekatu erakusteko. Gogoa, denen artean koloretako oihal handia egiteko.
Eta egiten ari diren horretan sinetsita, denontzat den bilgune zabala defendatzeko, gazteak lanera, eskolara eta dagokien lekura, lo askorik egin gabe, begizuloekin, hoztuta, asko dagoeneko katarroarekin, baina gustura, egunez egun ametsen fabrikaren ateek zabalik daudela ikusita.
Eta horren aurrean, gazte hauei “ahalegin negoziatzaile handiagoa” eskatu die Udalak. Hauei, duten ia dena herritar guztientzako den egitasmo baten alde ematen ari direnei, “ahalegin” handiagoa eskatzen diete. Nork, eta herriko gazteen alde inoiz gaur igaro dugun gaua bezalako bat emango ez luketenek.
Iazko datuetara joz, herriko alkateak, hilean 4.484 euro jasotzen ditu herritar denen arduradun izateagatik. Gazteria, Hezkuntza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotziak, hilean 1.716 euro jasotzen ditu kargu hori izateagatik. Turismo zinegotziak, hilean 2.145 jasotzen ditu. Kultura eta kirol zinegotziek, bakoitzak 460 euro. Eta hauen guztien politika eskasagatik, 1.400 herritarrek bat egin dute Zarauzko Gaztetxearekin, eta dagoeneko amets fabrika bihurtu duten eraikina defendatzeko prest daude, egin beharreko ahalegin guztia eginez, orain arte bezala.
Gezurrak hitz politekin jantzi nahi izan arren, agerikoa da batzuen eta besteen arteko aldea.

4 Comments:

Anonymous Ametseneatik said...

Etxean ohe beroan lo egiten dugunok hauts-hotzaren kabiyan lanean zabiltzatenokin izaten dugu gaueroko ametsaren hitzordua. Eskerrik asko ilusioa xirikatzeagatik !

11/09/2005 3:19 da tarde

 
Anonymous exte said...

jode hau da hau testu puska!! hau egunkarietan jarri beharra dago!!

11/10/2005 8:56 da manhã

 
Anonymous skat said...

Mila esker bestelako ametsei eta kirolei leku egin, eta denontzakoa dena defendatzeagatik.
Aupa Xakela, eta gora Zarauzko Gaztetxea!

11/10/2005 10:03 da manhã

 
Anonymous Mozorro said...

Animoak mozorrotuta bizi den baten partetik.

11/11/2005 1:06 da manhã

 

Enviar um comentário

<< Home