"Bihar jakingo zara"
Azken Portu, 2005-11-04, gaueko 02:07.

Herri puta maite honetako istorio bat.
Patxi Gaztelumendiren hitzaldia izan zen atzo ilunabarrean Zarauzko Gaztetxean: “Ez gorrotatu komunikabideak: sortu komunikabideak! Euskal Herria eta informazioaren gizartea. Eredu praktikoak”. 80 lagun inguru IMC kontzeptuak, blogek eta internet sareak eskaintzen dituen aukerei buruz solasean, hitzaldi eder eta interesgarrian.


Hura bukatu, asanblea egin, eta afaltzera. Atzo, ohi baino gutxiago ginen hileroko hitzorduan, baina Patxi gonbidatu genuenez, ezin hutsik egin. Afaldu, eta zerbait hartzera, kalera.
Tarin tabernako eserlekuetan gaudela, 01:30ak aldera, eztanda antzeko burrunba handia. Trumoia zela pentsatu, eta ez ginen gehiegi aztoratu. Laster, ordea, Ertzaintzaren autoak hasi ziren Nafarroa kalean, atzera eta aurrera, argi urdinak piztuta, kontrako norabidean. Zerbait arraroa.
02:00ak aldera, etxeratzea erabakita, Patxirekin autoan sartu eta Zarauzko Gaztetxetik pasatzea erabaki genuen, “badaezpada”.
Autoan Gaztetxe aurretik igaro, eta dena lasai, barruan oraindik argiak piztuta ikusi arren. Bizkaia kalean metro batzuk gehiago egin, Altzola kalerantz sartzen hasi, eta ezin, bidea itxita. Igerain errekaren petrilean, berriz, bi ertzain eserita, linternekin…
“Ostia! Desalojorako prestatzen ari ote dira?”. Urduritasuna. Autoan aurrera segi, eta beste bide batetik Altzola kalera iritsi, autoa aparkatu, eta AEK aldera hartzea erabaki dugu, ea Zelai Ondo ingurura iristen garen, eta atzealdetik zerbait ikusten dugun, ea desalojorako prestatzen ari diren eta telefonoak dantzatzen hasteko aukera dugun. Zinta azpitik igaro, eta han goaz biak, lasai arraio. Berehala, ordea, txistua jo digute. Atzera begiratu, eta han datoz bi ertzainak korrika guregana, linternak eskuan. Ea nora goazen, oihuka, gazteleraz. Guk euskaraz, hortik goazela, ea zer dagoen, inguruan bizi garela, afaltzetik gatozela, eta abar. Ea ez ote dugun ikusten itxita dagoela, eta identifikatzeko. Kazetariak garela. Karnetak ateratzeko, eta EHNA ez ateratzeko oharraraziz, “NANak ez du balio, e?!” esan digu euskaraz dakien bakarrak. Bestea, oso serioa, gure karnetak hartu eta han doa, deiak egitera. Auskalo zein datu basetan beste behin gure izenak sartzera. Gu, bitartean, bestearekin. Ea nongoak garen, ea zer egiten dugun, ea non bizi garen. Gurasoen etxearen atarian gaudenez, ni bertan bizi naizela esan diot. Eta Patxi? Patxi Larrabetzukoa dela. Ea zer egiten duen hemen. “Aibalaostia. Lagunekin afaldu, eta buelta bat eman. Ezin da, ala? Hau ez da Zarautz?”. Bestea haserre, errespetuz hitz egiteko mesedez. Ea zerbait gertatu den galdetu diot nik, Gaztetxea husteko prestatzen ari baldin badira ezer ez digula esango jakin arren: “Bihar jakingo zara”. Erantzun digu. Bestea iritsi da gure karnetekin, eta handik ospa egiteko: “Ale! Fuera de aquí”. Eta bidali egin gaitu, etxe ataritik, gure kaletik, gure auzotik.
Autoa hartu, eta Gurmendi kaletik Araba kalera egin dugu. Hura ere itxita, eta 02:23 izan arren, telebista kamerak bertan, eta Ertzaintzaren patrol bat aurrerago. Orduan berretsi dugu susmoa: zerbait gertatu da. Irudiak hartzen ari diren langileei galdetu diegu, eta bi lehergailu jarri dituztela: bat INEMen bulegoan, eta bestea Bake Epaitegian.
Argazkiak atera, eta etxera.
2005-11-04, goizeko 08:37.
Lanera etorri, eta INEMen bulegoa oso hurbil dagoenez, argazki batzuk egitera hurbildu naiz. Ingurua itxita zuten eta oraintxe iritsi dira Arkauteko CSIkoak, eskularruekin, pintzekin, frogak biltzera, eta ingurua itxita dute. Argazki batzuk egin ditut, eta atzo gaueko bietako bat ezagutu dut, euskaraz ez zekiena. Berak ere ezagutu nau, jakina, eta honek zer ostia egiten du hemen berriro irakurri diot kopetan. Berdin zait. Ea argazki batzuk egin ditzakedan galdetu diet. Ezetz erantzun didate. Eta lanean hasi aurretik, blogean idazteari ekin diot. Eta argazkiak artxibatzeari.

4 Comments:
Esta mensagem foi removida por um administrador do blogue.
11/04/2005 1:35 AM
Ertzaina zer da,"herri-zaina"? Zein herri baina? Laster jakingo gara...
11/07/2005 11:06 AM
Esta mensagem foi removida por um administrador do blogue.
12/24/2005 8:45 PM
Dear administrator:
Some of our previous comments in your blog may include links that are no longer valid or that do not have a nofollow value. They might very well lead you today to a third party. Therefore,
I ask you, if you would be so kind, to please delete or disregard those
comments.
Many thanks and best wishes,
Iza, Roberto Iza
Muy Señores Nuestros:
Algunos de nuestros comentarios previos incluyen vínculos rotos o que bien pudieran llevar hoy a una tercera persona. Por tanto, le rogamos, por favor, que los deseche o desestime.
Gracias y recuerdos
Iza, Roberto Iza
9/10/2007 3:31 AM
Enviar um comentário
<< Home