Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-11-24

Gure gaztetxea [Xabier Euzkitze]

Noticias de Gipuzkoa egunkariak lehen alea plazaratu du gaur.
Azken orrian, Xabier Euzkitze izan da iritzien leihoa zabaltzearen arduraduna, eta Zarauzko Gaztetxea izan du hizpide.
Hauek dira bere hitzak:


GURE GAZTETXEA

Ofizialki gazte nintzen garaian, bazten gaztetxe bat gu bizi ginen herrian, Azkoitian. Sekula ez gintuen erakarri, eta ez dut uste euren kideko ez zenik erakarri nahi zutenik ere. Behin besterik ez ginen sartu.
Orain bizi garen herrian, Zarautzen, duela bizpahiru aste ireki zuten gaztetxea, hutsik zegoen lokal bat okupaturik. Ez naiz oraindik izan, baina erakarri egin nau. Interes handiz jarraitu nuen ireki aurretik egin zuten kanpaina, irudimen eta sentsibilitatez betea. Denentzat izan nahi duen gaztetxe ireki, sinpatiko, anitz eta goxoa eskaini digute, adin, kolore eta pentsamolde guztien gainetik. Ametsen fabrika izan nahi duela esan digute, eta erakarri egin nau. Zorionak kanpainaren diseinatzaileei! Gure etxeko bat izan da Zarauzko ametsen fabrikan. 3 urteko mutikoa, Amona Papik, haurrei kroketa bana baino zerbait gehiago eskaintzen dien auzokideak eraman zuen gaztetxera, bere bilobekin batera. Ondo hartu izango zituzten, gure ttikia noiz itzuli behar dugun galdezka ari da behintzat.
Zarauzko udalak badu Gazteleku bat. Guk inoiz izan genuena baino askoz gehiago da, ez dut dudarik, baina ez du herriko hainbat gazte eta ez hain gazteren gogorik asetzen. Negoziazioak bide estua izango du, hori da nire susmoa, eta ez deritzot bidezko. Gatazka orok, handi nahiz txiki, elkarrizketa du irtenbide. Ez beti laburrena, bai ordea bidezkoena. Eta udalak, elkarrizketarako borondatea ezik, adimena ere erabili behar luke, hain adimentsu agertu zaizkigun gazteokin solasteko eta negoziatzeko. Ofizialki gaztaroa pasatutako bati gaztetxera joateko irrika piztu dion proiektuak begirunea merezi du, eta arreta. Denentzat ateak zabalik izan nahi dituen gune batek, itxuraz eta arimaz kolore askotarikoa izan nahi duenak, hain aste gutxian herrian hainbeste festa, hitzaldi, kalejira, kontzertu eta haur jolas eskaini dizkigunak, kontutan hartzea merezi du. Ez dut lagunik haien artean, ezagunak gutxi, ez nator inoren mandatari, baina herri hau gehiago gustatzen zait gaztetxea duenetik.

Xabier Euzkitze
Noticias de Gipuzkoa, 2005-11-24

2 Comments:

Blogger usaia said...

Kaixo Amelie! Argazki polita, kolorez betea. Zarauzko gaztetxea benetako ametsen fabrika da.

11/24/2005 10:40 da manhã

 
Anonymous xakel txiki said...

Usaia, Euzkitze eta gainerako guztientzat:
gogoratu, orain artean bezala, ateak zabal-zabalik dituzuela, nahi duzuenerako.
Denon artean, denontzat, ametsak ezin direlako debekatu, aurrera, eta besarkada handi bana!

11/24/2005 1:01 da tarde

 

Enviar um comentário

<< Home