Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-07-29

Festetan ezagutuko ditugunak [1]: BANDA BATXOKI

"Zer gara gu? Nor gara gu? Banda Batxoki gara gu!"


[Iturria: www.gaztesarea.net. Egilea: Koldo Otamendi]

Lagunen artean, tabernetako gau beroetan egiten diren ezinezko proiektu horietariko bat izatetik, sei urte pasa eta gero, bost urtez saioetan luzatu eta gero, baldintza desberdinetan eta musika tresnaz ezer jakinetik, zer edo zer jakitera, eta, bira desberdinetan, berrogeita hamar ikuskizun eskaini eta gero, Euskal Herriko zenbait txoko eta plazetan zein atzerrian emandakoak ere, orain, bere lan berria aurkeztera datoz, Iruñeko Txantrea auzotik, zuzenean. Banda Batxoki: jan goikoa eta lege txarra

NORTZUK ZARETE?
Banda bat gara, lagun talde bat, oraindik lagunak izaten jarraitzen baitugu. Bere garaian, orain dela sei urte, mozkorkeriaren artean, musika talde bat sortzearen inguruan luze aritu eta gero, talde birtual bat osatu genuen eta guzti (Joe Kakor's and The Butiños Punk Band), igande arratsaldeak entseguetan hasi ginen, oso baldintza kaskarretan. Lagunen artean, poliki-poliki animatzen hasi ginen, bakoitzak bere arima eta ekarpenak gehitzen, gaur egun garena osatu arte. Batzuk jotzen, besteak dantzan, beste batzuk kartzeletako ziegetatik… momentu on pilo bat igaro ditugu, baita oso txarrak ere. Gaur egun, jendearekiko harremanak indartzen eta zaintzen arreta handia jartzen dugu bai beste musika taldeekiko bai herrietako jendearekiko. Gure helburua, interesa jartzen duen jendeari huts ez egitea da, eta gutxieneko zerbitzuetan joan behar baldin bagara, hola joango gara! Adibidez, aurrekoan, Judizmendin, Kloratitako bateria jolearekin jo genuen, gureak eskumuturrekoa hautsita zeukan eta. Hori gara gu, behintzat garenaren puskatxo bat.

ZUEN LETRA BATEAN ZERA DIOZUE: TALDEAK DUINTASUNEZ DESAFINATZEN DUELA. NOLA EGITEN DA HORI?
Bai, hala da, entseguetan izerdi asko bota arren, gure mugak ezagutzen ditugu. Horregatik erabiltzen ditugu mozorroak kontzertuetan, hainbesteko lotsa ez izateko (kar, kar). Esan beharra dago, geroz eta hobe jotzen dugula, denok aldi beren, alegia, baina garrantzitsuena, kontzertuetara etortzen den jendearekin disfrutatzea da. Eta hori benetan erraten dugu, hortik datoz mozorroak, jartzen ditugun kuñak, egiten dugun antzerkia… Azken finean, emanaldi bat bukatu ostean, balorazioa egiterako orduan, guk hola-hola jo arren, jendea parrez eta dantzan egoteak beti merezi du.

DISKOA KALERATZEAREN HARITIK, SORPRESAZ BETERIKO DISKOA DA, EZTA?
Espero genuen baino hobe geratu zaigu! Abesti nahiko grabatu genituen estudioan, eta diskoan keinu pilo bat sartu ditugu: ezkutuan dauden abestiak, auzoko trikitilariak, bertsoak, eta Huajaloteko Gavilanen, Eguzki Irratian egiten zuen saio batetik hartutako hitzak erabili ditugu abestien arteko itsaskin gisa.


Banda Batxokiren logoa

ZER MODUZKOA IZAN DA MAO TSE PUNK PRODUKTIONS DISKOETXEAREKIN HARREMANA?
Oso jatorrak dira (je, je). Ez, txantxa da, gu gara horren atzetik daudenak. Lehen, aldizkaritxo bat karrikatzen genuen Mao Tse Punk, abestien hitzak, olerkiak eta artikuluak nahasten genituen. Handik hasi ginen, Urria Gorria izeneko jardunaldien inguruan, CD bildumak gure kabuz argitaratzen, baita olerki-liburuxkak ere. Horregatik asmatu genituen Mao Tse Punk produktions eta Motti Minh Rekords, sortzen dugun guziak ez dezan gure eskuetatik ihes egin.

AURRERA BEGIRA, PROIEKTU BERRIAK AL DITUZUE?
Etorkizun hurbilean, abuztuan eta irailean kontzertu nahiko ditugu: Lizarran, Zarautzen, Goizuetan, Irunberrin, Garraldan… Aldi berean, CDaren banaketan buru-belarri arituko gara, gure kabuz eginen dugulako (norbait animatzen bada gu laguntzen, kontaktuan jartzeko faborez). Urrian, Iñakiren (Eguzki Bideoak) laguntzarekin, bideoklip bat aurkeztuko dugu. Urrunean, buf!, gauza asko ditugu buruan: Euskal Herriko musika taldeen sarea hurbiletik jarraitzen dugu, beste disko bat pentsatua dugu jada, gure material teknikoa hobetu nahi dugu (baina diru pixka bat behar dugu)…

ZUEN IBILBIDEAREN HEIN HORRETAN, NORI IGORRIKO ZENIEKETE AGURRA?
Agur bero bat, urte hauetan zehar, herri desberdinetan ezagutu ditugun neska-mutil konprometituei, musika talde guztiei eta gure auzoko zale amorratuei (baita kartzeletatik jarraitzen gaituztenei). Guzi horiei esker, disko hori kaleratzeko ausardia izan dugu. Eta Chavela Vargasek abesten duen bezala: Nahi duzuna emango dizut, baina muxuak ez dizkizut bueltatuko.

TALDEKIDEAK:
Kako: (ahotsa)
Saul: (ahotsa)
Buby: (ahotsa)
Gorka: (bateria)
Motillo: (gitarra)
Fertxu: (gitarra)
Albarito: (baxua)
Joseba: (filarmonika)

HARREMANETARAKO:
658 57 78 44
bandabatxoki@txantrea.net

Diskoa, tabernarik onenetan aurki daiteke salgai, 6 eurotan.
Diskoa aurkezteko birari oraintsu ekin dio taldeak. Hau da egutegia:

Uztailak 21, Arrigorriaga
Abuztuak 5, Lizarra
Abuztuak 10, AZKEN PORTU
Abuztuak 13, Goizueta
Irailak 2, Irunberri
Irailak 30, Garralda

2005-07-28

Festetako kamisetak, asteburu honetan salgai



Abuztuaren 12ko herri bazkarirako txartelak ere erosi ahal izango dira.

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festen inguruko kamisetak eta abuztuaren 12an egingo den herri bazkarirako txartelak asteburu honetan jarriko dira salgai.
Beste urteetan ez bezala, aurten kamisetak ez dira tabernetan salgai jarriko, eta horretarako zehaztutako egun, ordu eta lekuetan soilik erosi ahal izango dira:

UZTAILAK 30, LARUNBATA:
-11:00etatik 14:00etara, Azken Portuko bidegorrian.

UZTAILAK 31, IGANDEA:
-12:00etatik 14:00etara, Munoan (Getaria-Zarautz igeri zeharkaldia baita igandean. Dena dela, udaltzainekin arazoren bat izanez gero elastikoak saltzeagatik, "postua" Azken Portuko bidegorrira aldatuko da).

ABUZTUAK 6, LARUNBATA:
-11:00etatik 14:00etara, Azken Portuko bidegorrian.
-16:30etatik aurrera, Plaza Gorrian, Mus Txapelketa Herrikoiak irauten duen bitartean.

ABUZTUAK 7, IGANDEA:
-12:00etatik 14:00etara, Azken Portuko bidegorrian.

Helduen kamisetek 12 euro balio dute aurten, eta haurrenek, berriz, 10 euro.
Kolore eta modelo ezberdinak daude, guztiak 'SKAPA. Jaiak. 2005. Euskal Herria' leloarekin.

Kamisetak salgai jarriko diren egun, leku eta orduetan, HERRI BAZKARIRAKO TXARTELAK ere erosi ahal izango dira.
Izan ere, beste urteetan ez bezala, aurten ezin izango dira txartelak azken egunean erosi, abuztuaren 12an. Zehazki, abuztuaren 8a baino lehen erosi beharko dira txartelak. Herri Bazkarirako txartelek 10 euro balio dute.

Kolore gehiago Plaza Gorrian



Aurreko larunbatekoarekin nahikoa ez, eta auzoko gazteak gaur ere Plaza Gorriko beste zenbait horma margotzen ari dira. Gaur goizean hasi dira Azken Portuko festekin lotutako irudiak margotzen, eta arratsaldean amaitzea espero dute. Dagoeneko, dudarik gabe, inguruetako auzorik koloretsuena da gurea!

2005-07-27

Belarrioren agurra, bertsotan


Azken urteotan bezala, aurten ere Belarriok egin du festetako egitarauaren agurra, bertsotan.
Plaza Gorriko hormetan ere dagoeneko margotu dituztenez, hona hemen, egitaraua oraindik plazaratu ez den arren, Belarriok aurtengo festetarako egindako hiru bertsoak.

Aurtengo jaiak ere
zaizkigu iritsi
auzoak behar die
indarrean eutsi.
Hiru egun topera
ihesten ez utzi,
eta lagunartean
patrikak igurtzi.

Askatasuna degu
jaiaren oinarri
eta Txuri askatu
esan degu sarri
Oraindikan barruan
hau da lotsagarri
aurten ere oihua:
“etxera ekarri!”.

Antolatzaile onak
gazteak gehienak,
bidali nahi dizkiet
agur goxoenak.
Jaien egitaraua
prestatzen dutenak,
herri ontan egiten
diraden onenak

2005-07-26

Bihar, uztailak 27, Komisioaren bilera irekia


Bihar, asteazkena, uztailak 27, berriro ere, Komisioak bilera irekia deitu du.
20:00etan izango da, Urpekoak elkartean.
Egitarauaren azken kontuak zehaztuta daude, eta bihar sartuko da inprentara.

Ostegunean, berriz, auzoko zenbait lagunek azken ukituak emango dizkiote
Plaza Gorriko hormetan egindako irudiari. Izan ere, larunbatekoarekin nahikoa ez eta Mendik eta Epeldek
atzo ere Toki Onaren atzealdeko beste horma bat kolorez bete zuten.
Etzi, berriro ere elkartu eta azken ukituak emango dizkiote orain arte egindakoari.

Hori da hori festa giroa zabaltzea!

Kolore eztanda Plaza Gorrian

Aurtengo jaiak gainean ditugula erakutsi nahian, hainbat lagunek kolorez bete zuten larunbatean Plaza Gorria.
Goizeko 08:00etarako elkartu, 09:00ak aldean lanean hasi, eta arratsaldeko 19:00etan oraindik ere hormetan margotutako irudiei azken ukituak ematen ari ziren. Mendi, Beatza, Trejo, Zumarragako lagunak, Piru, Alazne eta Epelde han aritu ziren, aurtengo festetako horma-irudia margotzen.
Horma batekin nahikoa ez, eta aurten bata bestearen ondoan dauden zenbait horma aukeratu dituzte lanerako. Gainera, "artista" bakoitza bere lanarekin hasi eta, nolabait, elkartu egin dituzte guztiak. Emaitza ederra, benetan. Larunbatean norbaitek esan zuen bezala, margotutako hormen gaineko pisuek gora egingo zuten prezioan...
Saiatuko gara aste honetan ordenadoreko programaren baten bidez irudi guztiak elkartu eta egindako lana argazki horizontal batean erakusten. Bitartean, ezkerretik eskuinera ikus dezakezue egindako lana.








2005-07-24

Dagoeneko hasi da zabaltzen SKAPA sukarra


Hamasei egun geratzen dira oraindik Azken Portuko jaiak hasteko, baina herrian dagoeneko hasi da giroa zabaltzen:
larunbat goizean, hainbat lagunek Plaza Gorriko zenbait horma kolorez bete zituzten [asteartean emango dugu horren berri, argazkiekin], eta dagoeneko iritsi dira festetako kamisetak! Aurtengoek ez dute marrazkirik, baina kolore eta modelo ezberdinak daude aukeran. Guztiek, SKAPA JAIAK 2005 EUSKAL HERRIA hitzak dituzte aurrealdean. SKAPA, Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde hitzen laburdura da.
Kamisetak oraindik ez dira salgai jarri, eta aurten, beste urteetan ez bezala, EZ DIRA AUZOKO TABERNETAN SALGAI JARRIKO.
Hemen bertan zehaztuko dugu non eta noiz izango den kamisetak erosteko aukera.
Prezioei dagokienez, helduen kamisetak 12 EUROtan jarriko dira salgai, eta haurrenak 10 EUROtan.
Dena dela, oraingoz, argazkiarekin konformatu beharko...
Hona hemen helduentzako hiru modeloak.

2005-07-22

Sorgin Gaua antolatu du igande honetan ZAGAk Torreoian


Zarauzko Gazte Asanbladak, “Zarauzko gau garesti eta monotonoari alternatiba eman nahian”, igande iluntzean Sorgin Gaua antolatu du Vista Alegre auzoko Torreoian.
“Ur-globo gerra, musika, sua, malabarak, literatura, ipuinak… eta beste hainbat sorpresa” iragarri ditu ZAGAk, eta lekuak duen magiari atzoko ilargi betearen eragina gehituz, gau bela ederra igarotzeko osagai guztiak ditu gazteek igande gauerako antolatu dutenak.

Vista Alegreko Torreoia bera, berriz, monumentu itxurakoa eta estilo klasizistako eraikin zirkularra da. Hormigoi armatuz egindako Zarauzko lehen eraikina da (1913), eta hareharrizko oinarria du.

2005-07-21

Festetarako koloreak zabaltzen


Hogei egun besterik ez dira geratzen abuztuaren 10erako. Hogei egun besterik ez Azken Portuko festak hasteko. Giroa berotze aldera, eta auzokideei jaiak gainean ditugula gogorarazteko, hainbat lagunek Plaza Gorriko hainbat horma margotuko dituzte, azken urteotan auzoko festen atarian egin ohi izan den bezala.
Orain arte, jaien bezperan margotu izan dute gazteek festetako murala, urte horretako jaien harira sortutako marrazkiarekin. Aurten, ordea, aldaketak izango ditu ekimen horrek. Mikel Mendizabalen arabera, “aurten, gonbidatuak ere izango ditugu”. Zehazki, diseinuan, arte grafikoetan eta margotzen aritzen diren herriko zenbait lagun gonbidatu dituzte, eta LARUNBAT honetan, UZTAILAREN 23an, 08:30ak aldera hasieta, goiz osoan, Plaza Gorriko hainbat horma kolorez beteko dituzte. Gero, elkarrekin bazkalduko dute denek.
Mendizabalen arabera, ez dute bazterrera uzten gero, azken urteotan egin ohi duten bezala, jaien bezperan beste horma-irudi bat margotzea ere. Hori, ordea, aurtengo jaiekin lotutako irudia izango da. Bestea, asteburu honetakoa, askoz libreagoa izango da. Bakoitzak, beti ere Azken Portuko festekin lotuta, nahi duena margotzeko aukera izango du. Larunbatean, beraz, festetarako koloreak zabaltzen hasiko dira dagoeneko auzoan.

2005-07-20

Komisioaren bilera irekia, gaur 20:00etan


Azken Portuko festetako komisioak beste bilera egingo du gaur, 20:00etan, Urpekoak elkartean.
Aurreko asteko bileran mahai gainean utzitako kontuak zehazteko bilera irekia da.
Iritziak, proposamenak, ideiak edota lanerako gogoa duenak, badaki nora jo.
Ateak zabalik daude auzokide guztientzat.

2005-07-18

Azken Portuko kontzertuak, ia zehaztuta

Azken uneko kontuak lotzeko baldin badaude ere, dagoeneko aurreratu daiteke, nolabait, zein izango diren aurtengo jaietan auzoan izango ditugun kontzertuak.

Honakoak dira egunak, eta taldeak:

ABUZTUAK 10, ASTEAZKENA:
—Tuboskapi (Ondarroa).
—Banda Batxoki (Txantrea).

ABUZTUAK 11, OSTEGUNA:
—Jauko Barik.
—Sexty Sexer's (Bera).
—Pirats Sound Sistema (Bartzelona).

ABUZTUAK 12, OSTIRALA:
—Nekin (Tolosaldea).

Hona hemen talde batzuei buruzko informazio apur bat eta argazkiak [gehiena Gaztesarearen Musikagidatik lapurtu dugu].
Informazio osatuagoa eta Sexty Sexer's) taldearena sartuko dugu egunotan. Pirats Sound Sistemarena, berriz, hemen bertan aurki dezakezue, egun batzuk beherago...

TUBOSKAPI:
Hasieran SKA bertsioak jotzen hasi ziren, gero abesti propioak sortu zituzten euskaraz eta Euskal Herriko edozein tokitan kaña emateko asmoz aurrera egin zuten. Talde jendetsua osatzen dute. Dudarik gabe euskaraz abesten duten Ondarrutarrak dira. Taldekideak: Igorrek, Gorkak, Ibanek, Aitorrek, Maikelek, Oierrek, Asierrek, Oierrek, Xabik.


BANDA BATXOKI:
1999an sortu zuten taldea "Joe Kakor´s and the Butiños punk band" izenpean. Geroztik dozenaka kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian barrna "kinki tour" izeneko biraren barnean. Talde aproposa gaztetxe eta txosnetako aholtza gainean ibiltzeko, jai herrikoien zale eta partaide. Taldearen ideia punk musika egitea da, gerora ateratzen dena zehazteko dago.
Taldekideak: Motxilo (kitarra), Fer (kitarra), Albarito (baxua), Gorka (bateria), Saul (ahotsa), Bubi (ahotsa), Beramendi (armonika) eta Kako (ahotsa). Lehenengo diskoaren aleak kopiak egitera bidali dituzte dagoeneko, eta uztailaren amaieran iritsiko zaizkie. Azken Portun lehen diskoa aurkezteko moduan izango dira, beraz! Lehenago, Zarautzen, Munoan ikusi genituen, iazko sanpelaioetan, txosna eremuan. Kaotikok beraien telonero moduan jo zuen, Banda Batxoki beharrean Banda Bassotiren aurretik jo behar zutela sinetsita...


NEKIN:
Bost gaztek osatutako taldea da, "hasiera batean trikiti munduan ibiltzen ginen (Nahikari eta Josune), eta talde bat sortzeko ilusioz iada ezagunak genituen Patxi (gitarra), Iñaki (bateria) eta Aloñarekin (baxua) elkartu ginen. Euskal Herriko taldeen bertsioak jotzen genituen eta 'Tolosaldea musikaz piztuz' diskan gure abesti bat grabatzeko aukera izan genuen. Ikasketak zirela Patxik utziriko hutsunea Iñigok bete zuen eta gaur egun gaztetxe nahiz herriko plazetan 1'30 edo 3 ordutako emanaldiak egiten ditugu".
Taldekideak: Josune (trikitixa eta ahotsa), Nahikari (panderoa ahotsa eta tinbala), Iñaki (bateria), Aloña (baxua), Patxi (gitarra), Iñigo (gitarra).


JAUKO BARIK:
Hirukote honek lotsagabeki galbahetzen ditu punk, metal, pop zein rock doinuak kantuak osatzeko, musika freskoa eta indartsua lortuz. Enarak (baxua), Haizeak (bateria) eta Itsasok (ahota, gitarra eta biolina), besterik gabe, rockaren munduan bidea eginez, Donostiatik haizea eta itsasoa dakartzate, eta baita beraien energia ere, emakumeena: Jauko Barik.


Kontzertuen orduak zehaztuko ditugu aurrerago, baina, ohi bezala, gauean izango dira.

BANDA BATXOKI eta JAUKO BARIK ere Azken Portuko festetan

Asteazken honetan izango da Azken Portuko festetako komisioaren bilera berria, eta orduan zehaztuko dituzte egitarauko ia kontu guztiak. Hala ere, dagoeneko, hasi dira hainbat kontu lotzen. Aurreko astean aipatu genuen bezala, abuztuaren 11n, Bartzelonako Pirats Sound Sistema taldea izango da Nazioarteo Elkartasun Kontzertuan.
Egun horretan, bada, JAUKO BARIK taldea ere ariko da Azken Portun.
Lehen egunean, berriz, Txantreako BANDA BATXOKI taldeko lagunek dagoeneko baietsi dute Azken Portun izango direla.
Festetako lehen eguneko kontzertua, beraz, egundoko giroa izango da. Banda Batxoki iaz sanpelaioetan aritu zen, Munoan, txosna eremuan. Hilabete honetan aurkeztuko du lehengo diskoa.
Egunotan emango dugu bi taldeei buruzko informazio gehiago.

Altzolaneko olagarroa eta beste kontu batzuk



Atzo Galiziaren Eguna ospatu zuten Zarautzen, eta horren harira, Azken Portuko Altzola taberna kudeatzen duen bikote galiziarrari buruzko kontuak argitaratu zituen atzoko Urola Kostako HITZAk. Trinidad Arias eta Enrique Afonso, duela hainbat urte Azken Portura iritsitako ehunka etorkin horietako bi besterik ez ziren izan. Beraien herriarekiko saudadea eta hango sukaldaritza, ordea, lanbide bihurtu zuten, eta aspaldian Altzola taberna Galizia ttipi bat bihurtu da Azken Porturen bihotzean: bertan jan daitezkeen lakoiak, olagarroak, enpanadek, gaztainek edota dasta daiteken ribeiroak eta albariñoak ez du Ourense, Vigo, Santiago edota Coruñako alde zaharretan goza daitekeenaren inbiria handirik: zuzenean sorlekutik ekartzen baititu bikoteak.
Altzola taberna, etorkin galiziarren artean ez ezik, estimatua da auzokideen artean ere. Iazko festetako piropo lehiaketan, "Altzolaneko olarrua ematek!" idatzi zuen norbaitek.
Hona, hitzez hitz, atzoko egunkarian irakurri ahal izan genuena.

GALIZIA BIHOTZEAN BARRENA
[Lore Agirrezabal]

"Feijoo, Ferreiro, Rivas, Rivero, Reixa, Afonso, Forcada, Novoneira, Fonte, Pereiro, Couso, Padron... asko dira. Milaka dira beren jaioterria utzi eta Euskal Herrira etorri ziren galiziarrak. Horietako askok Zarautzen aurkitu zuen bizibidea, eta urteen joanak zarauztartu egin ditu, baina saudadeak mendebaldera begira eduki ditu beti.
Herriminarekin bizitzen ikasi dute Zarauzko galiziarrek ere. Hemengo ohituretara eginda dauden arren, beraiekin ekarritako ohiturak ez dituzte ahaztu eta urtean behin orain herrikide dituzten galiziar eta euskaldunekin konpartitzen dituzte.
Gaur ehunka lagun bilduko da Iñurritza zelaian Galiziako musika entzun, hango eta hemengo dantzak ikusi, eta kulturen arteko elkartruke horretan Galiziako Eguna ospatzeko. Zarauzko Carballeira elkarteak urteak daramatza egun hau antolatzen, eta zarauztar askoren topagune bihurtu da. Urtero bezala, hango jakiak dastatzeko aukera izango da, eta La Morena olagarro prestatzaile ospetsua etorriko da Galiziatik.

Baina Iñurritzan ez ezik, Azken Portun ere izango da Galiziako produktuak dastatzeko aukerarik, Trinidad Ariasek egunero bezala bere herriko jakiak aterako baititu barrara.
Arias galiziarra da jaiotzez, Ourenseko Berin herrikoa. Hogeita bi urte zituela etorri zen Zarautzera ordurako hemen bizi zen bere senarrarekin, Enrike Afonsorekin, bizimodu berri bat hastera. Hamabost urte daramatza Azken Portun hartu zuen tabernan lanean, eta ogibideaz gain, bere herriarekin lotzen duen txokoa ere egin du bertan. Ireki zuenean, gainera,uste ez bezalako harrera izan zuela dio Ariasek berak: «Nik hasieran uste nuen Galiziako gauzek ez zutela funtzionatuko hemen. Nori gustatuko zaio olagarroa, nori lakoia? Pentsatzen nuen. Baina denei gustatu zaie, bai hemen bizi diren galiziarrei, bai zarauztarrei. Olagarroak arrakasta ikaragarria du. Pattarra, belar orujoa edo aguardientea ere etxean egindakoa edukitzen genuen lehen, Galiziatik nire gurasoek egindakoa ekartzen genuen. Orain edozein tabernatan dago, baina orduan jendeak ez zuen ezagutzen».
Dena galiziar erara egiten du Trinidadek, umetan ikasi bezala. Tabernan ere enpanadak eta olagarroa bere amak eta amonak egiten zituzten bezala egiten ditu. «Olagarroa hemen arrautza fijitua bezain gauza arrunta zen han; oso jaki herrikoia. Eguberrietan olagarroa jaten zen etxe guzti-guztietan eta azoketara ere jendea olagarroa jatera joaten zen». Neguan Gaztainen Eguna ere ospatzen dute Galizian bezala, eta handik, Berindik, ekartzen dituzte gaztainak, Ariasek dioenez, hangoak izan behar baitute «on-onak» izan daitezen.
Galiziarekiko lotura ez dute inoiz hautsi Ariasek eta Afonsok. Berinera (Ourense) urtero-urtero joaten dira, eta ohiturez gain, hizkuntza ere mantendu dute; etxean galizieraz egiten dute. «Niri hasieran kosta egin zitzaidan hona egokitzea, beti hara itzultzearekin amesten nuen. Gaur egun, berez, laster izango nuke horretarako aukera, erretiroa hartzeko gutxi falta baitzait. Hala ere, jubilatuta badakit joan joango naizela baina ez dela han geratzeko izango. Azken finean, denbora gehiago eman dut hemen han baino eta seme-alabak ere hemen ditut», esan digu Ariasek.
Gaur ere olagarroa prestatuko du Trinidadek, baina Santiago Egunean jai egingo du".

2005-07-16

Galiziaren Eguna Zarautzen


Galiziaren Eguna izango da bihar Zarautzen. Urtero bezala, Iñurritzako zelaia Galiziatik gurera lanera etorritakoen eta bertakoen arteko bilgune bihurtuko da bihar, bertako ohiturak, kultura eta sukaldaritza ezagutzeko aukera eskainiz beste behin ere. Urte osoan zehar, berriz, Azken Portun dagoen Altzola taberna bihurtzen da Zarauzko galiziarren bilgune. Bertan, Trinidad Ariasek eta Afonso senarrak, hamabost urte daramatzate Azken Porturen bihotzean Galizia zati bat eraikiz.
Biharko eguna gogoan, eta igaro berri diren sanferminak oroituz, duela hogei urte atzera egin, eta Nación Reixaren abesti hau dakarkigu gaurkoan…

ENCONTRO CON SARRI EN NACIÓN REIXA

Hai vinte anos que os panos, San Fermín,
cubriron o ceo de vermello, 7 de xullo
e hoxe encontro a Sarri en Nación Reixa, aí andamos
alá as cousas non eran moi fáciles
as rúas estaban cheas de xente razoable
dise dun home que é razoable
como as putas din que un cliente é serio
polo andar xa se ve que non somos
serios nin razoables
emitindo na mesma frecuencia
aquí estamos en Nación Reixa
aquí, as casas non teñen pararraios
nin nos afectan os cambios horarios
¿pódense ter os ollos esgotados
despois de ver tantas cosas?
alá falbamos por educación en castelán
e cantabamos en inglés pr mestizaxe
aquí saltamos de beira a beira
usando as nosas linguas minoritarias
existe o diccionario do portugués
uo do galego-brasileiro ó euskara
no que se traduce a palabra "saudade"
"saudade, bakardadea, oroimina, herrimina eta beste"
¿sabes ti o que é a felicidade?
é dicir chuvia e que chova
agora somos como unha canción perdida
e encontrámonos en Nación Reixa
polo andar xa se ve que non somos
serios nin razoables
pasan moitos trens todas as noites
pero ningún para en Nación Reixa
aquí non hai estación nin vías
lado máxico da fin do mundo
as despedidas son adeuses demasiado tristes
unha metralleta de beixos desde Nación Reixa...

2005-07-15

'Abereen etxaldea' filma igandean Frontoi Txikin



Zarauzko Gazte Asanbladak igandero antolatu ohi duen zine forumaren baitan, John Stephenson-en ‘Animal Farm’ (AEBak, 1999) filma emango dute igande honetan, uztailaren 17an, Frontoi Txikin, iluntzeko 22:00ean, gazteleraz. George Orwellen ‘Abereen etxaldea’ liburuan oinarritutako filma da, boterearen kontrolak eta gehiegikeriak sortzen dituen bidegabekeriei buruzkoa metafora ezaguna.
Datorren igandean, berriz, Javier Balanguer espainiarraren ‘Solo mia’ filma emango dute.

Pirats Sound Sistema, Nazioarteko Elkartasun Kontzertuan



Azken Portuko jaietan, azken urteotan, Nazioarteko Elkartasun Kontzertua antolatu izan da jaietako bigarren egunean. Aurten ere horrela izango da. Abuztuaren 11n, gauean, besteak beste, Kataluniako Pirats Sound Sistema taldeak joko du. Bartzelonako taldea da, eta Kataluniako hainbat jaialdi eta aretotan eman ditu kontzertuak azken urteotan. Interneteko edozein bilatzailetan taldearen izena jarriz gero, "ragga, hip-hop eta dancehall" musika egiten dutela irakur daiteke.
Hona taldeari buruzko informazio gehiago, beraien hizkuntzan:

"De la tradició jamaicana de finals dels anys 60 arriben Pirats Sound Sistema, el primer sound en català. El sound system és el format d'espectacle que el hip hop utilitzà anys després: dos plats, una taula de mesclar, bones bases de dancehall (ritmes evolucionats del reggae) o reggae roots i hip hop, un selector (el que entenem com a DJ en la cultura del hip hop) i cantants, anomenats Deejays (el que entenem com a MCs al hip hop).
Els Pirat's estan recorrent els escenaris catalans des de finals del 1999, portant la seva combinació única de reggae i hip hop conscient, cridaner, crític i ballable en català. Amb una lírica rimada, immediata, molt propera al públic i de flagrant actualitat, els Pirat's aporten a l'escena un molt bon saber fer fruit d'aquests anys de no parar de tocar, a més de l'originalitat de la proposta i de la capacitat de la música reggae i hip hop per vehicular la veu del carrer. Sense cap treball discogràfic al mercat, excepte participacions a alguns recopilatoris, les cançons dels Pirat's són ja mítiques entre un sector de públic que creix cada dia. El seu estil, la seva posada en escena i la seva experiència (multitud de concerts, compartint escenari amb artistes consagrats) fan que els de Sants siguin ara ja part de la festa musical de casa nostra".

2005-07-14

MALEKOIA


Gaurko BERRIA egunkarian irakurri dut oraintsu, Herri Irratian udako kutsua eman nahi izan diotela uztailerako eta abuzturako prestatu duten programazioari, eta goizetan ‘Malekoia’ izena eman dioten saioa entzuteko aukera izango dugula orain.
Ez dute azalpen handirik ematen saioaren izenaz, baina “irrati estudioetatik irten, eta Donostiako Kursaal ondoan jarri duten karpa batetik egiten dute egunero magazina” irakur dezakegu. Kursaal inguruko pasealekuan kokatuta daudelako eta itsasotik hurbil daudelako, bada, ‘malekoia’ aukeratu dute irratsaioa bataiatzeko.
‘Malekoia’ entzunda, berehala, oso hurbileko zerbait datorkit gogora. Zarauztarrok, betidanik, malekoian paseatu izan dugu. Are gehiago, munduan bi malekoi bakarrik zeudela ere entzun izan genuen sasoi batean: Zarauzkoa eta Habanakoa. Ez dakit horrela izango den. Kataluniako Cadaques herrian dagoenari ere malekoi baten tankera hartzen diot nik behintzat.
Dena dela, 1.600 milioi pezetako aurrekontuarekin Zarauzkoa berritu eta inauguratu zutenean, aurrerantzean ‘itsas pasealekua’ deitu behar geniola esan ziguten. Antza denez, ‘malekoia’ zerbait zaharkitua zen. Berriagoa, dotoreagoa, turistikoagoa, modernoagoa da, antza, ‘itsas pasealekua’. Munduan bi bakarrik daudelakoan egon eta norberarenari izena aldatu beharra ere marka da gero!
Hala ere, ez zuten lortu herritarrok ‘malekoia’ ez erabiltzea. Inguruetan, zarauztar gutxi aurkituko duzu ‘itsas pasealekura’ doazenak. Malekoian ibiltzen gara oraindik ere, hedabideetan eta prentsa oharretan ageri dena ‘itsas pasealekua’ izan arren. Antza denez, munduan geratzen den malekoi ‘ofizial’ bakarra Habanakoa da orain. Zaharkitua, baina betikoa, bere edertasun, herritar, musika eta kolore guztiekin. Amelieren Montmartre auzoa edota Lisboako alde zaharra berritzea bezainbesteko galera litzateke Habanako malekoia beste modu batera jantzi nahi izatea. Bere horretan du betiko magia, Zarauzkoak ere bere hartan zuen bezala. Baina aldatu egin ziguten. Turismoaren tiraniari ez zioten ihes egin nahi izan. Dotorea, zabala eta ederra daukagu orain. Modernoa. Baina ez du lehengoak zuen xarmarik. Iraganaren zati bat bota ziguten malekoi zaharrarekin batera. Han emandako musuak oroitzapenen galeretara kondendatu zizkiguten. Ohartu gabe, baina bizitzeko modu bat desagerrarazi zuten. Itoitzen, Artozkin edota Azken Portuko tabernan bezala.
Irailean Habanara goaz, baina hori beste kontu bat da…

2005-07-13

Hiztegia: Emotikonoa > Sentikurra :-)

Eguerdian Euskadi Irratian entzun dudan albistea idatzita ikusi dut oraintxe Sustatu-n:

"8000 CDz egindako begitarte edo smiley-a Bilbon

Bilbon uztailaren 15ean, 16an eta 17an izango den World Series by Renault lasterketaren barruan, Deustuko Unibertsitateak 8.000 CDz egindako begitarte edo smiley handi bat jarri nahi du Unibertsitateko Campusean.
Ezaguna den bezala, begitartea, emotikonoa edo smileya, sinbolo grafiko bat da , posta elektroniko bidezko komunikazioetan erabiltzen dena eta bidaltzen duenaren aldartea adierazteko balio duena.
Poza adierazten duen begitarte hori osatzeko 8.000 disko inguru beharko direla uste dute".

Eguerdian ganbarako hautsak astinduz aritu naiz, eta emotikonoa euskaraz nola esan beharko genukeen pentsatuz. Izan ere, Euskadi Irratiko albistegian hitz hori erabili dute: emotikonoa. Orain, Sustatu-n begitartea ikusi dut. Ez nuen ezagutzen. Ez dago gaizki. Baina emozioak eta sentimenduak adierazten dituen ikurra baldin bada, ez da hain zaila baliokidea asmatzea: SENTIKURRA :-)

Bilera irekia, komisioak deituta



Egia da: dagoeneko gainean ditugu festak. Hori dela eta, komisioak bilera irekia deitu du ostegun honetarako. Bilera Urpekoak elkartean izango da, 20:00etan, eta festei buruzko ideiak, proposamenak, iradokizunak eta gainerakoak bildu, erabaki eta antolatzeko bilera izango da. Ez dago esan beharrik auzotar guztiak gonbidatuta daudela.

Gogoratu: uztailak 14, osteguna, 20:00etan, Urpekoak elkartean, festei buruzko bilera irekia.
Antolatzailea: Komisioa.

2005-07-12

Azken Portuko festetarako bandoa



Hilabete eskas geratzen da Azken Portuko jaiak hasteko. Horren harira, zenbaiti, urtero auzoko jaietan bandoa plazaratzea otu zaigu. Ez da ohitura askorik inguruetan, baina beste herri batzuetan egiten dute horrelako zerbait, eta errotuta dagoen ohitura da.
Azken Portuko festak gainean izanda, beraz, aurtengorako proposamena idatzi dugu. Zabalik dago, edozer aldatu, gehitu, kendu edo berridazteko. Denen artean adostu eta osatzea litzateke egokiena.

Hemen doa proposamena, zuen iritziak eta ekarpenak idatz ditzazuen.

BANDOA

Azken Portuan, sasoi batean itsasoa eta askatasuna baizik ez zen lekuan, eta agorrileko besta sonatuen bezperan, bertako biztanle, bisitari eta gainerakoei jende zintzoak gogoan izanen duen eta jende harroak errespetatzea on lukeen honako bandoa jakinarazten zaie:

· Lehenik, jaiak guztion ondarea dira, urte osoan zehar bat bederak botatako izerdiarekin irabaziak. Ezerk eta nehork ezin du eragotzi jaiak askatasun osoz gozatzeko herriak duen eskubidea, eta ezta bestak alaitasunean eta eromenean igarotzekoa ere.

· Halaber, gure besten, komisioaren eta txarangaren loria handia, txistulariak, dantzariak, buruhandiak eta auzotarrak lagun dituena, eta herritar eta bisitari guziekin batera karriketara ialgi ohi dena, berriro ere denen artean loratzeko deia egiten diegu guziei, herriak bizirik nahi ditugula lau haizetara aldarrikatu nahi baitugu aurten ere.

. Horretarako, auzoko ostatuetan denen eskura izango diren elastiko koloretsu eta alaiak soinean hartzeko eta besta egun hauetan horiek islatuko duten alaitasuna edonora zabaltzeko deia egiten dugu. Hitz batean esateko, Azken Portukoak gera. Agerian gera dadila.

· Halaber, “jaiak eta eskubideak guztiontzat” da gure aldarria, eta parranda betean ez dugu ahantziko dagoeneko herritar gehiegi direla gatibu hartu dituztenak bidegabekeriaren aurka aritzeagatik eta herri honek nahi duena bere kabuz erabakitzeko duen eskubidea defendatzeagatik. Loria guziei.

· Halaber, populu hezia garenez, hainbeste zaindari, salatari, guardia, ipurtzain eta gure zauriaren luzatzeaz bizi diren gainerako jende arrotz eta alferrik gabe igaro nahi ditugu festak. Ingratak eta malurosak zaizkigu oro, eta hobe guziak dagokien lekura itzultzen badira, bakearen adostera etortzen ez diren artean.

· Halaber, askoz langileagoak, zintzoagoak eta herrikoiagoak iruditzen zaizkigu galegoa, wolofera, errumaniera, kitxua, aimara, arabiera edota hego ameriketako doinua duen gaztelera hitz eginez, haien lengoaia eta azturekin gurea aberastuz, Azken Portura adur hobearen bila iritsi diren etorkin guziak. Jaiak aitzakia ederra dira haien lagunak garela eta gure artean lekua dutela erakusteko.

· Hau guziagatik, bestak alaitasunean eta elkarrekiko errespetuan igarotzeko deia egiten dugu, populu zahar, aske eta euskaldun bezala askatasunean bizitzeko dugun eskubidearekiko errespetutik hasita.

Besterik gabe, beraz, kanta eta dantza dezagun: Azken Portuko bestak iritsi dira!


Azken Portu, 2005eko agorrila


Alkate onena: Herriya.
Idazkari onena: Komisiyua.

2005-07-08

Hiri turistikoaren beste aurpegia


ZARAUZKO GAZTE ASANBLADAK HAINBAT EKITALDI ANTOLATU DU UZTAILERAKO

Zarauzko Gazte Asanbladak hainbat ekitaldi antolatu du hurrengo asteotarako, eta horren berri eman du. Uztaileko agenda antolatu dute dagoeneko.

Hauek dira ekitaldiak, eta eman dituzten azalpenak:

UZTAILAK 9, LARUNBATA, BIHAR: "Barra mobila eta jolasak".
"Barra mobila izango da zona inguruan eta munoa inguruan azkenaldian bezala. Tabernariek jarritako prezioen aurrean alternatibak sortu nahian, nazkatuta gaudelako turisten aitzakiarekin horrelako lapurretak egiteaz. Zonari boikota. Alternatibak sortu eta, gainera, ekintza sortzaileak egitea dugu helburu, eta ez dugu tabernetan pasiboki edaten hil nahi. Irudimena! Zerbeza eta edari freskoa, musika dantzagarria eta lagun arte bikaina larunbat gauerako!".

UZTAILAK 10, IGANDEA, ETZI: Truke azoka + lagun artea + zine foruma = igande aktibo eta dibertigarria

"18:00etan hasita, Frontoi Txikin...
Truke azokaren ordua iritsi da berriz ere, eta aspaldian musikazaleak zain egon diren eguna. Aste honetan musika da ardatz, eta diskoak eta musikaren inguruko edozer aurkitu ahal izango da. Noski, beti bezala beste edozer ere eraman daiteke eta bertan ere beste edozer aurkitu daiteke. Era berean, igandero bezala, bertan bilduko gara zarauzko gazteak eskulanak eta jolasak egiteko eta ondoren afalosterako zine foruma!".

Aste honetarako, zehazki, Ariel Dorfman idazle txiletarrak idatzi eta Roman Polanskik zuzendutakok 'La muerte y la doncella' (AEBak, 1994) filma emango dute asteroko zine forumean, gazteleraz. 21:30ean izango da, Frontoi Txikin. Euria eginez gero, berriz, Euskadiko Kutxaren aretoan.

UZTAILAK 16, LARUNBATA: Pirata jolasak

"Zarauzko ohitura zaharraren berreskurapena, mollan bildu eta kukaña eta antzeko jolasak gazte, ume eta zaharrentzat!!!
Ez galdu aukera eta animatu!!!".

UZTAILAK 17, IGANDEA: Giri Eguna

"Goizeko 09:00etan Gurutze Gorriaren aurrean elkartuta herri hoentan turistentzat dena egiten den bitartean bertakook prezio igoerak eta antzeko gauzak bakarrik jasotzen ditugu ordainetan. Aberastasuna beste batzuek poltsikoratzen duten bitartean, lurra saldu eta espekulatu... Eta herritarrok zer?
Etxean ditugun sombrilla, txanpero, aulki, frigo, otar, pala, kubo eta tramankulu guztiak hartu eta egun batez denok txomingero! Ziklista karrera, marrazki eta gaztelu lehiaketa, bazkaria, txalupa lehiaketa... Eta hondartzako jolasak egun osoan zehar!!! Animatu denok!!!".

UZTAILAK 24: Gau magikoa torreoian.

"Zarauzko gau garesti eta monotonoari alternatiba torreoian, iluntzean hasita ur-globo gerra torreoi inguruan, musika, sua, malabarak, eta gauaren sorpresak...".

Gaur hasiko dira Vista Alegre auzoko festak



Azken Portu, Urteta, Santa Marina, Iñurritza, Vista Alegre...
Oraindik ere auzoetako jaiei eusten ahalegin handia egiten dute bateko eta besteko batzordeek, eta garai bateko auzoetako giroa islatzen saiatzen dira.
Ahalegin horretan, Vista Alegre auzoari egokitu zaio txanda oraingoan, eta astebururako hainbat ekitaldi antolatu dituzte auzoko biztanleek eta bertara azalduko diren bisitariek festa giroaz goza dezaten.

Jaiei, zehazki, gaur arratsaldean emango diete hasiera. 20:00ak aldera botako itxaferoak, buruhandiek eta txistulariek lagunduta. Gero, auzoko haur eta gazteentzako afaria izango da, eta baita film bat ikusteko aukera ere. Festetako lehen egunari amaiera emateko, plaza gorrian diskoteka antolatu dute, eta Musika & Disk taldea arduratuko da musika jartzeaz.
Jaietako egun handiak, ordea, biharkoa eta etzikoa izango dira. Bihar, esaterako, goizean goiz, pilota txapelketako finalak izango dira, eta eguerdian, berriz, urtero hainbat jende biltzen duen txakolin eta txistorra dastaketa, txistulari eta bertsolariek alaiturik. Gauean, berriz, sardina jana eta dantzaldia izango da.
Etzi, berriz, Iratzarri dantza taldearen erakustaldia edota herri bazkaria izango da, beste hainbat ekitaldiren artean.

Hau da egitaraua:

UZTAILAK 8, GAUR, OSTIRALA:
20:00. Jaien hasiera. Buruhandiak eta txistulariak.
20:30. Gazteteentzat afari herrikoia auzoko egoitzan.
21:30. Zinema emanaldia.
23:00. Diskoteka plaza gorrian, Musik & Disk-en eskutik.

UZTAILAK 9, BIHAR, LARUNBATA:
10:00. Villa Manuelako frontoian, eskuz eta palaz binakako pilota txapelketako finalak.
10:00-12:00. Muralak pintatuko dituzte.
12:00. Buruhandiak.
12:00-14:00. Haur eta gazteentzat jolas-parkea: mamuak, giza-futbolina eta Quad-ak.
13:00. Txakolin eta txistorra dastaketa trikitilari, txistulari eta bertsolariek girotuta.
14:30. Auzoko jubilatuentzat bazkaria egoitzan.
16:00-19:00. Haur eta gazteentzat jolas parkea.
19:00. Buruhandiak.
21:00. Sardina jana egoitza aurreko zelaian.
23:00. Dantzaldia Naima taldearen eskutik, goizaldera arte.

UZTAILAK 10, ETZI, IGANDEA:
09:00. Diana, herriko bi txalapartarik eskainita.
11:00. Iratzarri dantza taldea, Txakolin plazan.
12:00. Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia.
13:00. Patata tortilla txapelketa, txistulariek girotuta.
14:00. Bazkari herrikoia plaza gorrian. (Bakoitzak bere materiala eraman behar du: mahaiak, aulkiak...).
17:00. Haur eta helduentzako joko herrikoiak eta tailerrak.
18:00. Toka txapelketa. Haur eta gazteentzat txokolate jana.
19:00. Buruhandiak.
20:00. Txapelketetako sari banaketa.

2005-07-07

ASPALDIAN UTZITAKO ZELDA



Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain
nik utzitako zelda
ea entelegatzen duen hormako izkribu tipia:
“eroria burrukara”.

Ea alboko zeldatik inork hots egiten dion
komuneko plastikozko tuberia soltatuz
telefonoz bezala mintzatzeko
ea hango egunak eternal dirauen,
gauak izotzezko,
egunsentiak esne garratza diren.

Ea errekuentoan mirilatik so egiten duen begiak
[surveillir et punir]
inor ikusten duen, edo jadanik inor ere ez
[denak ala inor ez].

Jakin nahi nuke ihes egin genuenok
benetan ihes egin genuen
ala ihes egitearena, bizitzen irauteko
atxakia hutsa izan zen.

[Egilea: Joseba Sarrionandia].

2005-07-05

Sanferminen atarian


Ez da egun bakar bat ere geratzen. Asiskoren anaiak abiarazitako webgunera sartu naiz oraintsu (www.sanfermin.com), eta segundoz segundo atzeraka doan erloju handi bat ageri da: 19 ordu, 15 minutu eta 43 segundo falta dira sanferminak hasteko. Berriro ere festa erraldoia bihurtuko da Nafarroako hiriburua. Kostaldeko nafar askok asteburura arte itxoin beharko dugu festaren bihotzera iristeko, baina dagoeneko kutsatu digute festarako gogoa. Ez dakit zer pasatzen den azkenaldi honetan, baina zapi gorri bat dugu denok bihotzean.

2005-07-04

Mundua Azken Portura, Azken Portu mundura


Zerbait baldin bagara, kolore askotariko herria gara. Etorkin, langile eta nekazarien auzoa. Milaka iritsi ziren gurera, goseak estutzen duen beste leku batzuetatik iritsita. Denek izan dute lekua hemen. Denak dira bertakoak.
Gu ere atera gara, batzuetan turista begiluze bezala, besteetan elkartasunaren bandera hartuta, besteetan lanera. Mundu berria daramagu bihotzean. Lagunak egin ditugu batean eta bestean. Amets egiten ikasi dugu beste herrietan. Besarkaden beroa sentitu dugu. Kuban, esaterako. Duintasunaz, maitasunaz eta aberriaz hainbeste dakien herri eder horretan.
Azken Portuko jaietako hainbat elastiko soberan geratu ziren duela zenbait urte, eta Habanako lagunei eraman genizkien. Azken Portutik mundura, marrazkiz betetako besarkadak.

2005-07-02

'Sahara Maraton' filma ikusgai bihar Frontoi Txikin


Zarauzko Gazte Asanbladak igandeetan Frontoi Txikin antolatu ohi duen film emanaldien baitan, bihar, uztailak 3, 'Sahara Maraton' filma ikusteko aukera izango da, iluntzeko 21:30ean. Jon Garaño eta Aitor Arregik idatzi eta zuzendutako filma da, eta urtero Saharan egiten den maratoia ardatz hartuta, bertako herriaren eta errefuxiatu eremuetako bizimodu gogorraren berri ematen du. Filmaren soinu teknikaria Alazne Ameztoi zarauztarra izan zen, eta Aian bizi den Javi Agirre, berriz, argazki zuzendaria. Zarauzko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, filma eta gero, Saharari buruzko solasaldia ere izango da bihar Frontoi Txikian. Eguraldiak laguntzen badu, zaila izango da bihar ordu horretan inguruetan plan hoberik aurkitzea.

2005-07-01

Rock the Casbah


Aspaldiko lagun bat iritsi da gaur arratsean gurera. Ezustean, aurrez oharrik utzi gabe. Atea zabaldu du, eta barruraino sartu da, zigarroa amatatu gabe, bulegoan zigarroa amatatu behar ote duen ere galdetu gabe. Horrelakoa da. Ez iezaiozu esan ez duzula denborarik. Ez iezaiozu esan liatuta zabiltzala. Ez iezaiozu esan pinta bat hartzeko ez duzula denborarik.
Alferrik da. Benetako lagunei ezin zaie horrelakorik esan. Eta opariarekin iritsi da. The Clash taldearen biografia bat idazten ari da, euskaraz, eta diskoa oparitu dizu, oroitzapen zaharrei leku egiteko, iraganera nabigatzeko, oraindik bizirik gaudela sentitzeko.
The Story of The Clash.
Zuzenean infernuraino, rock the casbah. Ehun ginen, hogeita bi, orain bakarrik gaude bi...
Zu ta ni...
Nahikoa atzera begiratzeko, mundua antolatzeko, amets egiteko. Laburra izan da enkontrua, baina merezi izan du.
Horrelakoengatik gaude bizirik. Horrelakoengatik egin behar da aurrera. Horrelakoengatik gaude hemen.
Hiregatik ere emitituko diagu aurrerantzean frekuentzia honetan. Capital radio, friend.
Musikarik gabe, hitzekin bakarrik, baina eguneroko dub kronikak bihotzean.
Izango duk gure berri. Azken Portu honetaraino iritsi duk itsasoa.
E agora non temos volta atrás, xa non somos aqueles, somos unha nova nación de sonhos libres.
E así seremos.
Besarkada gorri bat.

Literatur Zikloa antolatu du Literatuztak Azpeitian


Eider Rodriguez idazleak emango dio hasiera zikloari.

Uztailaren 1etik 17ra bitartean literaturaren inguruko hainbat ekitaldi izango da Azpeitian ikusgai,
Literatuzta taldeak Lehen Literatur Zikloa antolatu baitu.

Literatura era desberdinetara kaleratzeko bideak bilatu dituzte Literatuztako kideek, hala nola antzerkiaren, filmaren, erakusketaren eta irakurketaren bidez zabalduko dute literatura.

Gaur, ostirala, Eider Rodriguez idazleak zinea eta literatura uztartuko ditu. Krispetarik gabeko zinemaren jaiotza izenburua duen hitzaldia emango du lehenik, eta ondoren 'Á bout de soffle' filma izango da ikusgai, udaletxe azpian. Ekitaldi horrekin hasiko da Literatur Zikloa.

Uztailaren 9an 'Ahulkiak' saioa eskainiko dute Harkaitz Cano idazleak eta Patxi Santamaria eta Itziar Lamuerda antzezleek. Antzerkia eta literatura biltzen dituen saioa da.

Eta azkenengo asteburuan, batetik, Literatuzta aldizkariaren 6. zenbakia aurkeztuko dute, Plaza Txikian.
Bestetik, literaturaren inguruko erakusketa jarriko dute Erdi kalean.

Euskal gazteak analfabeto mediatikoak dira

14-18 urte arteko gazteek komunikabideen inguruan duten jarrera aztertu du EHUko irakasle talde batek

Euskal Herriko nerabeak ez dira gai komunikabideetatik heltzen zaien informazio guztia interpretatzeko; hau da, analfabeto mediatikoak dira. Horixe ondorioztatu dute Komunikabideak eta nerabeak Euskal Herrian azterketa lanaren egileek. Hala ere, ondo ulertzeko, analfabeto mediatiko kontzeptuari zenbait ñabardura egin behar zaizkiola agertu dute. Izan ere, 14-18 urte arteko nerabeek komunikabideen inguruan duten jarrera ez da homogeneoa: otzana da batzuetan, baina kritikoa beste zenbaitetan. Komunikazioari dagokionez, hezkuntza sisteman dagoen hutsunea agerian utzi du azterketak. Hainbat irakaslek egin dute azterketa, eta horren inguruan neurriak hartzeko eskatu dute.

[Iturria: BERRIA, 2006-07-01]