Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-08-31

Espekulazioak ez du etenik


[Aurreko astean, etxean, logelako leihoa zabaldu eta aspaldian itxita eta hutsik zegoen pareko etxebizitzan iragarki hau agertu zen: SALGAI. Telefonora galdezka deitu, eta 49 milioi pezeta, eta berritzeko beharra. Iragarkiak ez du astebete ere iraun. Aste honetan kendu dute, dagoeneko etxea salduta].

Parisen hogeita lau hildako eragin ditu espekulazioak astebetean. Atzo, Frantziako 50 gizarte erakundek, langilek eta etxebizitza sozialen aldeko elkarteek bizileku duin bat edukitzeko nazioarteko eskubidea onartzeko eskatu zioten Gobernuari. Suak erretakoak eta suari ihes eginez leihotik salto egin ondoren odol putzuen erdiak geratutako haurren irudiak ikusi behar izan ditugu horretarako. Bitartean, hainbat elkarte etengabe lanean eta egoera salatuz jardun arren, arazoa ezkutatu egin digute espekulatzaileek, agintariek eta hedabideek. Hiltzeko modu ugari dagoela abesten genuen gazteagoak ginenean, badakigu. Hiltzeko modu ugari dago gaur egun ere.

Gurean ere, espekulazioak ez du etenik. Azken Portun eta Zarautzen 3.389 etxebizitza huts daudela salatu dute asteburuan gazteek. Hemen ere, ordea, datua ezkutatu egin digute espekulatzaileek, agintariek eta hedabideek. Inon ez da ageri soldataren erdia joaten zaigula alokairua ordaintzen. Inon ez da ageri koadrila erdiak inguruko herrietan exiliatu behar izan duela. Inon ez da ageri hirigintza zinegotzi izandakoek non eta zergatik erosten dituzten lokalak eta etxeak. Inon ez da ageri espekulazioak alfonbra gorria zabalik duela gurean. Inon ez da ageri denon eskubidea batzuen negozioa bihurtu dela hemen, eskupekoen isiltasunak lagunduta.

2005-08-30

Gurekin Jai Batzordearen prentsaurreko agerraldia

Gaur arratsaldean prentsaurrekoa eman dute Gurekin Jai Batzordeko kideek, Azken Portuko txosna gunean.
Hau da bertan esan dutena.


"Aurten ere iritsi zaigu Udararen amaiera, eta horrekin batera Euskal Jaiak. Gurekin Jai Batzordetik lan mardula egin dugu aurtengo Euskal Jaietarako programa osatzerakoan.


Egitaraua osatu eta festak antolatzerakoan, ondoko irizpideen arabera aritu gara:

— Herritar guztientzako festa egitaraua osatu: Zarauztar gazte zein helduentzako egitaraua osatu dugu, erromeria eta trikitixarekin batera perkusioa eta afari bereberea bezalakoak jarri ditugu. Ez da izango beraz, soilik gazteei zuzendutako festa, herri osoarentzako festa baizik.

— Festa parte hartzaileak bultzatu: euskal jaien inguruan txosnetan antolatu ditugun jaiak parte hartzaileak izan daitezen ahalegindu gara. Horrela, ostiralean nahi duen guztiak perkusio afrikarreko ikastaroa egin ahal izango du. Euskal Jai egunean bertan ere, hainbat txapelketa antolatu ditugu, txapel jaurtiketa, irrintzi lehiaketa, e.a.

— Kultur aniztasuna bultzatu: euskal jai hauetan, lehenengo aldiz Munduko Herriekin elkartasun eguna antolatu nahi izan dugu. Euskal Jaietan argi utzi nahi dugu, Euskal Kultura aberatsa dela, eta munduko gainerako kulturak ere presente daudela. Gaur egun, gure herrian etorkinak gero eta ugariagoak dira, eta sarritan esaten da haien integrazioa bultzatu behar dugula. Gutxitan saiatzen gara, ordea, beraien kultura ezagutzen, eta gure egiten, beraiek pertsona bezala errekonozituak izan daitezen. Horrela, aurten afrikari begira jarri gara eta egitarau xume bat osatu dugu, perkusio ikastaroa, bere-bere afaria, Saharari buruzko bideo emanaldia eta kontzertuarekin. Gure aldetik, gonbite berezia egin nahi diegu herrian eta eskualdean bizi diren etorkinei, guregana hurbildu daitezen eta beraien herrietako kultura eta bizimodua erakuts dezaten. Horrez gain, aurten egindako saiakera hau bide baten hasiera baino ez dela azpimarratu nahi dugu eta hurrengo urteetan bide honetan urrats gehiago emateko konpromisoa hartzen dugu. Izan ere, gure herriko jaietan herritar guztiak, zarauztarrak zein munduko edozein bazterretatik etorritako zarauztarrak nahi ditugu.

—Aldarrikapenei dagokien tokia egin: jaiak izanagatik ere, ezin ditugu gure herrian diren arazoak bazterrean utzi. Euskarararen ofizialtasuna, preso politikoen egoera larria eta herri bezala jasaten ari garen zapalkuntza, gazteok jasaten dugun bazterketa, emakumeen aurkako erasoak, e.a. guzti horiek presente izango dira txosna gunean.

— Emakumeen kontrako erasori ez: jakingo duzuenez, Zarautzen azken aldian emakumeen kontrako hainbat eraso larri izan dira. Eraso hauen aurrean, Gurekin Jaik hainbat konpromiso zehatz hartu ditu erasoak gerta ez daitezen, erasotzaileak baztertuak sentitu daitezen eta emakumeak era erosoan festaren parte izan daitezen. Hauek dira aurten aurrera eramango ditugun konpromisoak:
· Txosnetan jarriko den musikan emakume abeslarien presentzia ziurtatuko dugu.
· San Pelaioetarako grabatu dugun musika udan errepasatzea ea osagai sexistak dituzten abestiak ote dauden ala ez. Abesti ez-sexistez osaturiko bildumatxoa egin Euskal Jaietan erabiltzeko.
· Gune ilun eta arriskutsuak identifikatuko ditugu, txosna gunean zein inguruetan.
· Txosnetan jartzeko erasoen inguruko kuñak egin ditugu.
a. Erasoak gaitzesteko eta jendea kontzientziatzeko kuña.
b. Erasoa gertatu bada, sirena hotsa duen kuña.
· Gunearen sarreran pankarta jarriko dugu: “Askatasun sexualeko gunea; hemen ez dugu erasotzailerik onartzen”.
· Erasoen aurkako esku-orria banatuko da.
· Erasoaren salaketa eta asistentzia lanetarako puntu bat jarriko da, Bilgune Feministaren txosnan. Bertan arbel bat jarriko dugu erasoak jasotzeko.
· Erasoen aurrean hartuko dugun jarreraren inguruko protokolo bat idatzi dugu. Protokolo hori txosnetan lanean ari diren guztiei banatuko zaie, erasoen aurrean prest egon daitezen. Era berean, beste protokolo bat banatuko da emakumeen artean, erasotuak izanez gero zer egin behar duten jakin dezaten.

Bukatzeko, egitarauaren berri eman nahi dizuegu:

—Irailak 2, ostirala, MUNDUKO HERRIEKIN I. ELKARTASUN EGUNA:

Arratsaldeko 8etan hasita Txosnetan:
· Perkusio afrikarreko ikastaroa.
· Afari bere-berea.
· Sahara Maraton dokumentalaren emanaldia.
- Ikastaroan ikasitakoarekin eta Safara taldearekin kontzertu-ikuskizuna.

— Irailak 3, larunbata, EUSKARAREN OFIZIALTASUN EGUNA

· Goizeko 9'30etan: euskararen aldeko lasterketa
· Eguerdian: Herri bazkaria, eta bazkalondoan, txistulariak, koroa,
abestiak....
· Arratsaldeko 18:00etan manifestazioa Musika Plazatik hasita, Estatus politikoa orain, konponbidea orain! lelopean.
· Gaueko 23:00etan hasita, txosnetan: Tapia eta Leturia eta Amaiur taldeekin
goizalderarteko parranda.

— Irailak 9, ostirala, EUSKAL JAI EGUNA

· 11:00etarako txosnen irekiera
· 13:00etan, sagardoari nork txinparta hobea atera, II. Lehiaketa Txosnetan eta Txapel Jaurtiketako I. txapelketa.
· Arratsaldeko 18:30ean dantza eta irrintzi txapelketa Txosnetan.
· Arratsaldeko 20:00etan manifestazioa, plazatik “Orain herria, orain bakea” lelopean
· Arratsaldeko 20:30ean hasita, Trikitake eta The Solanos taldeekin
goizalderarteko parranda!, txosnetan".

22:03 dira Parisen


22:03 dira Parisen. Turista portugaldar bat Lisboako familiarekin barrena igaro da Lepic kalearen amaieratik, ezkerrera egin, eta begi zeharka begiratzen ditu orain sex shopen atariak. Kale horretan, Judith Andrade brasildarraren senarrak duen dendan, Moschi Apterus familiako eltxo bat geratu da bueltaka ari den kebab haragiari itsatsita. Karrika berean, bi turista euskal herritarrek raï musikaren bilduma bat erosi dute saltoki txinatar baten antza duen aljeriar baten dendan, emakume italiar batek zeelanda berriko lau kiwi erosi ditu alboko supermerkatuan, eta jendetza bildu da ilara egiten Rue de Rochechuart horretan, Moulin Rougera sartu eta etxera itzultzean tea hartzen ari diren bitartean lagunei han izan zirela esan ahal izateko. Handik hurbil, maiteminduta dirudien bikote batek argazkiak ateratzen ditu Amelie filmatu zuten Les 2 Moulins kafetegiko barnealdeko mahaietan, garagardo bat eta ebaki bat 5,40 euro ordaindu ondoren. Ordu berean, Parisko beste barruti batean, Marais auzoan eta Roi-Doré karrikako 8. zenbakian, haur batek laugarren solairutik jauzi egin eta espaloian geratu da odol putzu baten erdian, 48 segundoz, heriotza bila etortzen zaion arte. Kea eta sua ikusten da haurrak jauzi egin duen bost solairuko eraikinean, eta suteak zazpi afrikar hil dituela zabalduko dute geroago hedabideek. Horietarik lau haurrak dira. Parisko alkatea saminduta agertuko da gertaera lazgarriarekin, eta etxebizitzen arazoaz hitz egingo du geroago. Ordu horretan, Montmartreko jatetxe batean, Marais auzoan norbaitek erre duen eraikinean zer-nolako etxebizitzak eraikiko dituzten erabakitzen ari dira espekulatzaileak, Parisko beste barruti bateko hirigintza zinegotzia eta inmobiliaria ezagun bateko ordezkaria. 27 minutu geroago, telefonoak joko du Jamusukron, Boli Kostako hiriburuan, ezbeharraren berri senideei nola eman erabaki ezinik dagoen etorkinak milaka kilometrora telefono txartela kabina batean sartu ondoren. Hiru egun igaro arte inork ez du hartuko telefonoa.

2005-08-29

Espekulazioa salatu dute Euromar eraikinean

Atzoko Urola Kostako HITZA egunkariak zekarrenez, larunbatean espekulazioa salatzeko ekintza ikusgarria egin zuen Segi gazte erakundeak Zarauzko Euromar eraikinean.

Honakoa da atzo HITZAk zekarren berria eta argazkia:


"Segi gazte erakundeak «Zarautz turistifikazioaren eta espekulazioaren herria» dela salatuz pankarta handia zintzilikatu zuen atzo Euromar eraikinean. Segiren prentsa oharraren arabera, 3.389 etxe huts daude Zarautzen, eta «inmobiliariak, konstruktorak, aisialdi pribatuko enpresak, aurrezki kutxak, bankuak... eta hau guztia onartzen duen Udala» dira egoeraren arduradunak. Hori salatzeko «politika neoliberal honen erakusle den eraikina» aukeratu zuten".

Euskal Astearen egitaraua ezagutarazi du Turismo Bulegoak

Zarauzko Turismo Bulegoak ere ezagutarazi du aste honetan bertan hasiko den Euskal Astearen egitaraua.
Honakoa da hedabideei helarazi dietena:


EUSKAL ASTEA 2005
Irailak 1 – 9


[Aurten ere hainbat ekitaldi izango da Euskal Jai egunean eta Euskal Astearen baitan].

—IRAILAK 1, OSTEGUNA:
· Gaueko 22:00etan, Zinema pilotalekuan, Herriko taldeen jaialdia, “Datorrena, datorrela...”.
Parte-hartzaileak: Iratzarri eta Mollarri Dantza Taldeak, Montetxio Abesbatza, Etxebeltz Bertso Eskola, Imuntzo Trikitixa Eskola, Gorputz espresio taldea, Imanol Epelderen bertso-rock taldea eta herriko laguntzaile bereziak.

—IRAILAK 2, OSTIRALA:
· Arratsaldeko 19:00etan, Musika Plazan, “Bikote Gazteen Dantza Txapelketa”.
· Gaueko 22:00etan, Zinema pilotalekuan. “Bertsolari Gazteen XXIX. Txapelketa - Lizardi Saria”.
Txapelketa barnean “XXI. Basarri Saria” Bertso Paper Lehiaketaren sari banaketa. Aurten Xabier Etxeberria izan da irabazlea.
· Txosnen irekiera eta ekitaldi ezberdinak.

—IRAILAK 3, LARUNBATA:
· Goizeko 10:00etan, Musika Plazatik irtenda “Euskararen aldeko X. lasterketa”. (Izen-ematea 09:30ean)
· Goizeko 11:30ean, Musika Plazan, “Zarauzko XIX. Aurresku Txapelketa”.
· Eguerdiko 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan, “Ardoa eta gazta Dastaketa-Salmenta”.
· Arratsaldeko 14:30ean, Musika Plazan, “Bazkari Herrikoia”.
· Arratsaldeko 19:30ean, Musika Plazan, “Binakako Dantza Txapelketa”.
· Gauean, Txosna gunean, dantzaldia TAPIA ETA LETURIA eta NEKIN taldeekin.

—IRAILAK 4, IGANDEA: Haurren Euskal Jai Eguna
· Goizeko 10:30ean, Munoan, dantzarien bilkura.
· Goizeko 11:30ean, Munoan, Alkate Txikiaren ongietorria.
· Ondoren, Dantzariak Kalez Kale.
· Eguerdiko 12:00etan, trikitilarien kalejira (Bailarako eskolak).
· Aldi berean, Lege Zaharren enparantzan haurrentzat Gorritiren pottokak.
· Arratsaldeko 13:00etan, Musika Plazan, Bailarako trikitilari eskolen emanaldia.
· Arratsaldeko 14:00etan, Munoan, haurren banaketa bazkarirako: dantzariak zuen familia artean bazkaltzera eraman nahi badituzue, izena eman Mendizabal kinkiladendan edo San Pelaioko estankoan.
· Arratsaldeko 17:30ean, Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, buruhaundi, erraldoi, Sama Siku txaranga eta Bailarako trikitilari eskolekin.
· Arratsadeko 18:00etan, Iñurritzan, Dantzari txikien saioa.
· Ondoren, Iñurritzan, haur ikuskizuna: “Barbantxo eta Txanogorritxo”.
· Arratsaldeko 20:30ean, Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.

—IRAILAK 5, ASTELEHENA:
· Gaueko 22:00etan, Zinema pilotalekuan, KUKAI-TANTTAKA taldearen eskutik “OTEhITZAri BIRAKA" ikuskizuna.

—IRAILAK 6, ASTEARTEA:
· Gaueko 22:00etan, Zinema pilotalekuan, KORRONTZI taldearen jaialdia.

—IRAILAK 7, ASTEAZKENA:
· Gaueko 22:00etan, Zinema pilotalekuan “Trikitilari Gazteen XXV. Txapelketa”.

—IRAILAK 9, OSTIRALA: Euskal Jai Eguna.
· Goizeko 07:00etan, Goiz eresia.
· Aldi berean, “Goiztarrak” taldearen irteera. Aintzinako ohitura berreskuratuz, goizean kalez kale garai hartako pertsonaiak irudikatuko dituzte.
· Goizeko 08:30ean, Kalez kale txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak, eta Iturengo tunturroak.
· Goizeko 10:30ean, Frantziskotarren elizan, “Herri Meza”.
· Meza ondoren: Frontoi Txikian, “Goiztarrak” taldearen eskutik pilota partiduak, herri kirolak eta bertsolariak.
· Goizeko 11:30ean, “Alproja” taldearen irteera. Azpeiti bidea, Kale Nagusia, Musika Plaza (geldialdia), Azara kalea, Nafarroa kalea eta Munoa.
· Jarraian, eguerdiko 12:00etan Munoan, antzezlana: “Kupidoren gezi eroa”.
· Eguerdiko 12:30ean, Parrokiatik karrozak aterako dira, jarraian Kale Nagusitik barrena pasako dira Torre Luzea parean geldituz.
· Eguerdian, Musika Plazan erromeria trikitilariekin, txistulariekin, eta dultzaineroekin.
· Arratsaldeko 14:00etan, Musika Plazan, Larraindantza herrikoia dultzaineroekin.
· Arratsaldeko 17:30ean, Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, karroza, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
· Ondoren Iñurritza zelaian erromeria.
· Arratsaldeko 19:15ean, Iñurritzan, Larraindantza herrikoia dultzaineroekin.
· Arratsaldeko 20:30ean, Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
· Gaueko 23:00etatik aurrera, Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.
· Gauean, Txosna gunean, dantzaldia TRIKITAKE eta THE SOLANO’S taldeekin

Euskal Jaietan ohitura zaharrak mantentzeko ahaleginean herritar guztioi zuen janzkera zaintzera gonbidatzen zaituztegu.
Ondo pasatu jaiak!

· Antolatzaileak:
Zarauzko Udala - Turismo Bulegoa

· Laguntzaileak:
AEK - Alproja Taldea - Etxebeltz Bertso Eskola – Euskal Herrian Euskaraz - Euskara Batzordea – Goiztarrak -
Herriko Gastronomia Elkarteak - Imuntzo Trikitilari Eskola - Iratzarri Dantza Taldea - Mollarri Dantza Taldea -
Motxian Bertso Eskola - Ondaurtz Kultur Taldea – Txosna Batzordea.

2005-08-26

Euskal Jaietako egitarauaren kartela


Gurekin Jai Batzordeak antolatu duen egitarauaren inguruko kartela da honakoa.
Aitor Larrañaga PELI izan da aurten ere kartelaren egilea.

Bestalde, eta herenegun aurreratu genuen modura, Gurekin Jai Batzordeak Udalaren jarrera salatu du.

Astelehenean prentsaurrekoa emango badute ere, oraingoz, honako mezua zabaldu du batzordeak:

"Badatoz aurten ere zarautzko Euskal Jaiak! Datorren irailak 2, 3 eta 9an festa eta aldarrikapenak bat egingo dute.
Beste behin ere Gurekin Jai festa batzordetik egitarau dotorea osatu dugu aurtengorako. Adierazi behar dugu oraingoan Udalak txosna bakoitzari 1.500 euroko fidantza eskatu diola (sanpelaioetan 300 ziren bitartean) inolako arrazoirik eman gabe.
Oztopoak oztopo, festa herrikoi, parte hatzaile eta parekideetaz gozatzeko aukera ezin hobeagoa egongo dela
ziurtatzen dugu.
Besterik gabe, denak gonbidatuak gelditzen zarete zarauzko txosnetara!".

2005-08-25

Leiho irekia komisioarentzat [3]:


[Argazkia: Gorka Rubio. Azken Portu, 2005-08-11, Plaza Gorrira begira].

LARUNBAT HONETAN, ABUZTUAK 27, 12:00etan, FESTETAKO BANDERATXOAK KENTZEKO geratu dira komisioko kideak.
Lokalean izango da hitzordua eta, gero, bertatik abiatuko dira taldeka kale batzuetara edo besteetara.

Ahal duena, bada, azaldu dadila, eta pasatu dezala mezua.

2005-08-24

Euskal Jaietarako egitaraua prestatu du GUREKIN JAI BATZORDEAk

Uda atzean lagatzeak pena pixka bat ematen dizula? Bada, Zarautzen bada penak
ahazteko aukera polita hurrengo egunotan!
Euskal Jaietarako GUREKIN JAI BATZORDEAk prestatu duen egitaraua
da honakoa:

—Irailak 2, ostirala: MUNDUKO HERRIEKIN ELKARTASUN EGUNA:
· 20:00etatik aurrera, txosna gunean:
· Dantza eta perkusio afroamerikarraren ikastaroa.
· Afari bere-berea.
· Saharari buruzko bideo emanaldia.
· Ikastaroan ikasitakoarekin eta Safara taldearekin kontzertu-ikuskizuna.

— Irailak 3, larunbata: EUSKARAREN OFIZIALTASUN EGUNA
· Goizeko 09:30ean, euskararen aldeko lasterketa.
· Eguerdian: herri bazkaria, eta bazkalondoan, txistulariak, koroa,
abestiak, antzerkia...
· Gaueko 23:00etan hasita, txosnetan: Tapia eta Leturia eta Amaiur taldeekin
goizaldera arteko parranda.


[Herri bazkaria izango da aurten ere Musika Plazan, iraileko lehen larunbatean].

—Irailak 9, ostirala: EUSKAL JAI EGUNA
· 11:00etarako, txosnak irekita.
· Eguerdian, herri antzerkia Munoan.
· 13:00etan, sagardoari nork txinparta hobea atera, txosnetan.
· Arratsaldeko 18:30ean, dantza txapelketa txosnetan.
· Arratsaldeko 20:30ean, hasita, Triki ta Ke eta The Solanos taldeekin
goizalderarteko parranda, txosnetan.

Gurekin Jai Batzordeak egitaraua prestatu baldin badu ere, dena dela, oztopo handiak ari da aurkitzen aurten Zarauzko Udalaren aldetik. Izan ere, aurten, lehen aldiz, txosna bakoitzeko 1.500 euroko fidantza eskatu du lehen aldiz Udalak, eta ordutegi aldetik, berriz, esaterako, irailaren 3an musika gaueko 02:00etan bukatu eta txosnak 03:00etan itxi behar direla jarri du baldintza bezala Udalak.
Gurekin Jai Batzordea gaur bilduko da gaia aztertzeko, baina ez dirudi irtenbide samurra topatuko dutenik.

JAI HERRIKOI ETA PARTE HARTZAILEEN ALDE, FESTEI OZTOPORIK EZ!

2005-08-23

Itoizko urtegiaren aurkako mendi martxa


Itoitzekin Elkartasuna taldeko solidarioek deituta, Itoizko urtegiaren aurkako mendi martxa izango da asteburu honetan, abuztuaren 26an, 27an eta 28an.
GURE IBAI EDERRAK ASKATU, ITOIZKO URTEGIA GELDITU da mendi martxaren leloa.

[Iturriak: www.sositoiz.net eta www.gaztesarea.net].

· G U R E I B A I E D E R R A K A S K A T U ·
· I T O I Z K O U R T E G I A G E L D I T U ! ·

"Lurra dardaka eta orroaka ari den bitartean Ebroko ur Konfederazioak eta Nafarroako Gobernuak temati segitzen dute Itoizko munstroarekin mehatxuka, eta betetze proben 3. fasearekin batera Irati eta Urrobi bailarak suntsitzen jarraitzen dute.

Proiektuaren gaur egungo egoera bertatik bertara ezagutzeko, betetze proben zein behin betiko gelditzea eskatzeko eta gure taldekidea den Ibai Ederraren askatasuna galdegiteko abuztuaren 26tik 28ra burutuko den mendi martxara deitzen zaituztegu".


EGITARAUA

—Ostirala, abuztuak 26:
Hitzaldia - Bideo emanaldia: Vajont-Itoitz.
Itoizko urtegiak mehatxaturiko Herritarren Batzordearen eskutik. 20:00etan Agoizko Kultur Etxean.
Ekai-ko elkartean afaldu eta lo eginen dugu.

—Larunbata, abuztuak 27:
Mendi martxa: Nagore - Osa - Lakabe.
Irteera Nagoren 09:00etan. Osa ondoan bazkaldu. Lakaben afaldu... eta ondoren musika emanaldia.

—Igandea, abuztuak 28:
Mendi martxa: Lakabe - Elke mendia.
Irteera 09:00etan. Bazkaria Lakaben.
Arratsaldeko 17:30etan: Giza katea: Lakabe - Iñarbeko zintzurra - Nagore.

Oharrak:
· Ekartzeko materiala: lo-zakua, isolagailua, mendi martxarako motxila ttipia, ur botila, eskuargia... eta mendira joaterakoan eraman ohi duzuna.
· Laguntza furgoneta izanen da.
· Autoak Nagoren utzi, ez igo Lakabera.
· Saiatu txakurrik ez ekartzen, hazienda dagoelako eta lotuta egon beharko dutelako.
· Iruñea - Agoitz autobusa: arratsaldeko 19:00etan.

Fotomatoia

Amelie eta lagunak argazki bila gabiltza...


[Banda Batxoki eta Tuboskapi musika taldeetako lagunak, festen lehen egunean,
Toki Onan egin zuten afarian, umore eta giro ederrean].

Izan ere, Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaien inguruko zenbait proiektu ditugu buruan, eta horiek gauzatze aldera, festak guztion artean antolatzen eta gauzatzen ahalegindu garen moduan, argazkien inguruko kontu horiek ere guztion lanarekin eta laguntzarekin gauzatzea errazagoa eta aberatsagoa izango da.

Kontua da, SKAPA 2005 jaien inguruko argazkiak bildu eta horiekin bi asmo ditugula.
—Batetik, argazki emanaldia egin egun batean Plaza Gorrian, proiektore bat erabiliz. Irailean edo urrian egin daiteke, larunbat arratsalde batean, eta hartara egun horretan ere jendea elkartu eta auzoari hauspoa emateko aukera izango genuke.
—Bestetik, eta horretarako nahikoa argazki eder bilduz gero, eta aurrekontuak aztertu ondoren, SKAPA 2005 jaiei buruzko argazki liburu bat argitaratzeko asmoa buruan bueltaka dabilkigu.

Horretarako, Patxik abuztuaren 10ean suziriak bota zituenetik abuztuaren 13ko goizaldean Donibane okindegian gosaldu zenuen arteko argazkirik baldin baduzu... eskertuko genuke horiek pasatzea.
Harremanetarako (argazkiak non utzi zehazteko), azkenportu@gaztesarea.net helbidera idatz dezakezue, edota argazki bakarren bat edo beste izanez gero bidali beharrekoak, zuzenean helbide horretara ere bidal ditzakezue, beti ere zuen
izen-abizenak jarrita, liburua argitaratuz gero, argazki bakoitza bere egilearen sinadurarekin joango bailitzateke.

2005-08-22

Euskararik gabeko Erdi Aroa...


[Erriberrin Erdi Aroko Festak ospatu dituzte asteburu honetan].

Itsasaldeko Nafarroan eguraldi petrala zegoen iragarrita egunotan, eta euriari ihesi, Nafarroa Garaira alde egin dugu asteburuan. Tafallako eta Erriberriko jaietan izan gara, eta bietan, festa giroan, berriro ere herria mutu utzi nahian goitik antolatutako jaiek dituzten itzalak ikusi ditugu.

Tafallan, aurten ere, txosna gunea da, nolabait, beste modu bateko festak nahi dituztenen bilgune. Herrian giroa gaiztotu egin dute eskuin muturrekoek azken asteotan, oraintsu, Miguel Indurain Kirol Hiriaren inaugurazio ekitaldian, dantzariak ikurrinarekin atera zirelako. Ordudanik haserre dabiltza eskuindarrenak, eta zirika ari dira batera eta bestera, behin eta berriro. Larunbat gauean, zirikatzearekin nahikoa ez, eta Foru Polizia borrak eskuan eta modu txarrean sartu zen txosna gunera, mehatxuka, jendeari identifikatzeko eskatu, pankartak kendu, eta jarrera harroa erakutsiz. Beste behin ere, batzuen gustukoa ez dena indarra eta boterea erabiliz isilarazi nahi izan zuten.

Tafallatik kilometro batzuetara, berriz, ondoko herrian, Erriberrin, azken urteotan egin izan duten bezala Erdi Aroko Festak ospatu dituzte asteburu honetan. Gurean gero eta ohikoagoa da Erdi Aroko festak, azokak eta antzeko ekitaldiak ikustea bateko eta besteko herrietan. Egun horiek antolatzen dituen enpresak sortu dira inguruetan, eta dena antolatuta iristen zaie udalei: postuak, ekitaldiak, dekorazioa, jantziak, eta abar. Itxura berezia hartzen dute herriek, eta sasoi bateko ofizioak, artisauak, jokoak eta gastronomia ezagutzeko parada izaten da. Eta herriak Erriberri bezalakoak baldin badira, horrelako azoka edo festarik gabe ere bisitariari Erdi Aroan dagoela sentiarazteko modukoak, benetan ederra izan daiteke ekimena.
Erdi Aroa herrira ekartzea enpresa pribatu baten eskuetan utziz gero, ordea, herrietako festetan gertatzen denaren gauza bera gertatzen da: errealitatea bestelakoa dela, eta herria mutu gera daitekeela ekitaldiak daitezkeen handienak eta ikusgarrienak izanda ere. Atzo hori sentitu genuen Erriberrin, eta antzeko zerbait sentitzen dugu euskal herrietan Erdi Aroko azokak ikusten ditugunean ere. Izan ere, hemen, Erdi Aroan euskaraz hitz egiten zuen herriak, baita Erriberrin ere. Eta enpresa pribatu arrotzak Erdi Aroa antolatzeaz arduratzen direnean, hori ahantzi egiten dute. Batzuetan nahi gabe, eta besteetan nahita.
Guri behintzat arrotza, susmagarria eta faltsua iruditzen zaigu Euskal Herrian euskararik gabeko Erdi Aroko azokak eta festak ikustea…

2005-08-19

Erasotzailea aske utzi izana salatu dute emakume elkarteek

Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Zarauzko Sorginak emakume taldeak deituta, dozenaka lagun bildu dira euripean gaur arratsaldean Zarautzen, manifestazioan. 20:00etan abiatuta, bikotea jipoitu eta mehatxatzeagatik atzo Ertzaintzak atxilotutako laguna aske utzi izana salatu dute. Ez da udal ordezkaririk izan emakume elkarteek deitutako manifestazioan.

Biharko Giri Eguna bertan behera utzi du ZAGAk

Zarauzko Gazte Asanbladak Giri Eguna antolatu zuen hasiera batean biharko, eta bertan parte hartzeko deia egin zien herriko gazteei.
Goizeko 09:00etan finkatu zuten hitzordua, Gurutze Gorriaren parean.

Hala ere, eguraldi txarra iragarrita dagoenez, Giri Eguna atzeratzea erabaki dute.
Laster batean egingo dute, eta aldez aurretik jakinaraziko dute data.

Epailearen aurretik igaro, eta erasotzailea berriro etxera



Atzo epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi zuten ordu batzuk lehenago Ertzaintzak Zarautzen atxilotutako M.A.C.S. 37 urteko gizonezkoa. Emaztea jipoitzeagatik eta labanaz mehatxatzeagatik atxilotu zuten. Azpeitian epailearen aurrean deklaratu ondoren, ordea, aske utzi zuten, aurrekari penalik ez zuelako.
Zarauzko Sorginak emakume taldeak eta Bilgune Feministak salatu egin dute horrelako gertaera larrien aurrean erasotzailea dagoeneko berriro ere herriko kaleetan aske uztea, eta "erasotzaileen bazterketa soziala" eskatu dute.
Atzo arratsaldean, bilkura isila egin zuten Zarautzen, Musika Plazan, eta idatzi bat zabaldu eta irakurri zuten bertan.

Gaur, berriz, gertaera hauen harira, manifestazioa deitu dute Bilgune Feministak eta Zarauzko Sorginek, 20:00etan, Musika Plazatik abiatuta.

Honako hau da atzo zabaldu eta irakurri zuten agiria, hitzez hitz:

"Atzo, Zarautzen, gaueko lehenengo orduan gizonezko bat atxilotua izan zen, bere bikotea jipoitu eta labanaz mehatxatzeagatik. Beste emakume baten bizitza arriskuan jarri duen erasotzailea kalean da dagoeneko.
Gertaera beldurgarri hau ez da kasu isolatua. Emakumeontzat eraso hauek eguneroko ogi dira. Emakumeonganako indarkeriak Zarauzko etxe batean izan du oraingoan isla eta oihartzuna, baina beste milaka kasu dira isilduak. Berdintasunaren garaia deritzoten honetan, gauzak aldatu diren ustea zabaldua dagoenean, berriz ere emakumea zapaldua denaren froga garbia azaldu zaigu.
Berdintasun faltsu hau sinetsarazi diguten berberak dira, emakumeonganako indarkeriaren konplize eta berau mantentzearen erantzule. Eraso bortitz eta erailketa arriskuen aurrean erasotzailea baztertu eta emakumea babestu beharrean, gutxieneko neurriak hartzen dituzte. Bestela, nola azaldu azken gertakari krudel honen aurrean, erasotzailea kalean egotea? Horregatik diogu hartzen diren neurri judizialak ez direla nahikoa, ez eta arazo honekiko politikari eta instituzioek duten konpromiso maila ere. Zurikeria eta hitz politak nagusitzen dira oraindik ere, baina emakumeonganako indarkeriarekin amaitzeko intentziorik eta borondaterik gabe.
Egoera larri honen aurrean dei egiten diegu herritar guztiei, batez ere emakumeei, eraso hauen salaketa ozena egitera. Atzo gauean gertatua edonori gerta dakioke, eta bada garaia erasoei aurre egitekoa. Erasotzailearentzat, berriz: bazterketa soziala. Ez ditugu gure artean nahi.
Hemendik animatzen zaituztegu emakumeok, edozein eraso mota salatzera eta ahal den neurrian Zarauzko emakume taldeekin harremanetan jartzera. Erasotua, zanpatua eta kolpeka isildua izan den emakumeari, berriz, gure babes guztia adierazi nahi diogu
Erasorik ez erantzunik gabe! Erasotzaileen bazterketa soziala!!!".  

2005-08-17

Zuena da hitza...


Festak amaituta, SKAPA 2005en balorazioa egiteko ordua da, nolabait.
Horretarako, eta festak ahalik eta herrikoienak eta parte hartzaileenak izan daitezen ahalegintzen denez urtero komisioa, festak antolatzeko bilerak irekiak izaten diren moduan, orain ere, festei buruzko edozein iritzi, proposamen, kritika edota ekarpen jaso nahiko genuke, hurrengo urtekoei begira jartzerakoan horiek ere kontuan har ditzagun.

Zabalik dituzue mikroak.
Zuena da hitza...

Konbo Kilonbo taldearekin Txatxarro magalean

Asier Bastarrikari egindako elkarrizketa dakar gaur Urola Kostako HITZAk.
Honako hau, berriz, elkarrizketaren bertsio "luzeagoa" da.
Izan ere, Txatxarro mendiaren magalean duten etxean, lagunartean elikagai ekologikoak jateko aukera eskaintzen hasi dira. Gaur, gainera, musika emanaldia ere antolatu dute lagunartea girotzeko, eta Konbo Kilonbo taldea ariko da, 21:00etatik aurrera. Bertan izateko, 943 580832 telefonora deitu eta lekua hartu besterik ez da egin behar.



"Elikadura ohiturak aldatuz soilik, mundua alda dezakegu"

Iaz, Euskal Herriko Garapen Agentzien elkarteak enpresak sustatzeko antolatutako lehiaketan saria jaso zuen Leire Albisuk eta Asier Bastarrikak sortutako Bastalbiri enpresak. Aiako enpresa honek, Goiabe Sukaldea izenarekin, nekazaritza ekologikotik lortutako lehengaiekin elikagai ekologikoak ekoizten eta saltzen ditu. Udan zehar, bateko eta besteko azoketan barrena dabiltza, eta, nahi izanez gero, Txatxarro mendiaren magalean duten etxean lehengai ekologikoekin egindako pizzak, otartekoak, entsaladak eta gainerakoak dastatzeko aukera eskaintzen dute.

—Elikadura ohiturak aldatuz mundua alda daitekeela sinesten dutenen artekoa al zara?
Bai. Nik baietz uste dut. Azken mendea ideia handien mendea izan da. Aldaketa handiak izan dira, baina egunerokotasuna baztertu egin dugu. Gure ideien eta eguneroko ekintzen artean egundoko amildegia dago, eta gauza txikiei begiratzeko ordua da. Elikadura da naturarekin dugun harreman zuzenena, eta eguneroko kontuekin hasita, elikadura ohiturak aldatuz soilik, asko egin dezakegu mundua aldatzeko.

—Lurra, atmosfera eta ingurua dagoen moduan egonda, zenbaterainoko bermea du nekazaritza ekologikoak?
Nekazaritza ekologikoa deitzen dena araudi bat da. Horrek ez du esan nahi ekologikoa denik. Baina eskatu dezakegun gutxienekoa dela esan daiteke, nolabait, elikadura sano bat edukitzeko eta ingurua errespetatzeko. Hortik pentsatzea erabat ekologikoa dela eta abar, salto handia dago, baina ez badugu salto txiki hori egiten, ezingo dugu handiagorik egin.

—Nonbait irakurri dugu, zure hitzetan, laster gosez amaituko dugula guztiok.
Bai. Janariz inguratuta gaude, eta gero eta gehiago jaten dugu, baina gero eta gutxiago elikatzen gara. Janaria gero eta merkeagoa da, baina gero eta kalitate okerragokoa. Ez dakigu nondik datorren eta zer daraman ere. Jendeak osasuntsu jatea izan beharko luke garrantzitsua, eta ez dirua nola edo hala irabaztea. Bestalde, elikagaiak ekoizteko ahalmen guztia galtzen ari gara, abiada bizian. Euskal Herri heze honetan ekosistemak ematen du elikagaiak soberan ekoizteko, baina dena berdintzen eta porlanezko desertu bihurtzen ari gara. Adibide bat besterik ez da, baina lehengoan, Oteiza Lizeoaren lanak direla eta, 50 urtetik gora izango zituzten limoiondoak bota zituzten, eta hemen limoia ematen den leku oso gutxi geratzen da. Daukagun apurra batere begirunerik gabe desagerrarazten ari gara.

—Eta zein da horri guztiari aurre egiteko bidea?
Ez da erraza. Guk permakultura eta ideia horiekin bat egiten dugu. Inguruan daukagunarekin ahalik eta autosufizienteenak izaten saiatu behar dugula iruditzen zaigu, baina ez da erraza. Azken batean, janariarekin, prezioari bakarrik begiratzen ohitu gara. Auto bat edota arropa erosterakoan, onartzen da garestia, nolabait, hobea dela. Berdina gertatzen da ardoarekin: Errioxa botila bat edota tetrabrik ontzi bateko ardoa ez da berdina, baina biak ondoan jarrita ez zaigu okurritzen Errioxakoa zein garestia den esatea, bestea baino askoz hobea dela baizik. Elikadurarekin, berriz, badirudi prezioak bakarrik duela garrantzia.

—Horri aurre eginez, etxean lagunarteko otorduak eman eta kontzertuak ere antolatzen hasi zarete...
Bai. Gaur, 21:00etan, Konbo Kilonbo taldeak joko du. Hemen inguruko musikariak dira, saltsa taldeetan-eta aritutakoak. Azken batean, gure elikagaiak merkaturatzeko bideak erabat itxiak eta zailak direnez, etxean bertan eskaintzea otu zaigu. Ez dugu leku askorik ere, baina elikagai ekologikoak dastatzeko eta paisaiaz gozatzeko aukera ederra denez, pizzak, otartekoak, entsaladak, ekoizten ditugun jakiak, eta antzekoak jateko aukera eman nahi diogu jendeari. Lagunartean osasuntsu jateko aukera ezberdina da. 943 580832 telefonora deitu eta lekua hartu besterik ez da egin behar.

2005-08-16

Isildu da musika


Isildu da musika. Trenbidearen beste aldeko su artifizialak ikusten ditugu orain etxetik. Hileroko alokairua 500 euro ordainduta, suak balkoitik ikustea erabaki dugu. Koloretsu lehertu da gaua, baina hiri turistikoan su horiekin bota duten dirua gure herriko festak antolatzeko eman digutenaren bikoitza dela otu zaigu. Eta koloreek, dagoeneko, ez dute distira bera.
Kaleak ere ez dizkigute garbitu. Kiratsa dario txosna guneari. Urtero bezala, ezin dute eraman hogei gazteren artean gero eta herrikoiagoak, parte hartzaileagoak eta jendetsuagoak diren festak antolatu izana. Hemendik aspaldian ez da ageri kaleak garbitzeko tramankulurik. Zauri mingotsa zaie gure arrakasta.
Milaka lagun bildu da egunotan gurera. Ez da zaila kopuru nahikoa zehatza ateratzea. Egitaraua hartu, eta ekitaldi bakoitzean izan den jendetza kalkulatu besterik ez dago. 4.400 lagun inguru hiru egunetan. 40 bikote musean. Festetako 600 elastiko salduta. 250 lagun herri bazkarian. Ehunka eta ehunka haurrentzako ekitaldietan, herri kirolen erakustaldian, gaueroko kontzertuetan…

Bagenekien lehendik ere, eta berriro erakutsi diguzue aurten: ez dago azken porturik zuek txalupan baldin bazaudete…

2005-08-15

Bizikleta Martxa Berdea egin dute gazteek


Zarauzko gazteek, Azken Portuko jaietan antzerkia egin zuten bezala, Bizikleta Martxa Berdea egin dute gaur arratsaldean, lokal autogestionatu baten beharra aldarrikatzeko asmoz. Herriko gazte talde ezberdinek, bakoitzak antolatzeko leku bat behar duela iritzita, bat egin dute Bizikleta Martxa Berdearekin, eta dozenaka lagun elkartu da arratsaldean herriko kaleetan barrena, bizikletan. Musika Plazan elkartu dira, 17:00etan, eta herrian zehar, udaletxean eta beste hainbat lekutan, pankartak jarri dituzte, "badatorrela, badatorrela..." leloarekin. Txilibituekin eta oihuka, herrian zehar ere lelo hori zabaldu dute.

2005-08-14

Giro ederrean eta jende askorekin amaitu zen ostirala ere

Atzo ez ginen gauza izan ostiraleko kontuak eta argazkiak blogean jartzeko...
Gaur, lasaiago, ostiraleko zenbait argazki aukeratu ditugu.
Ez dira asko, baina, nolabait, ostiralean auzoan bizitako giroa islatzen dutelakoan gaude.
Ostegunean bezala, egundoko jendetza ibili zen ostiralean ere: bai herri bazkarian, bai bertsolariak entzuten, eta baita gauean txosna gunean dantzan eta parrandan ere.
Zalantzarik gabe, azken urteotako festa jendetsuenak izan dira aurtengoak.

Hona hemen ostiraleko zenbait argazki...

[Azken Portuko Txaranga: argazki mitikoa, txaranga bera bezala...].

[Herri Bazkariaren aurretik, Azken Portuko mendate berria inauguratu zuten: Konkorra].
[Argazkia: Lore Agirrezabal - Urola Kostako HITZA].

[Bazkarian 260 lagun inguru elkartu ziren Plaza Gorrian].

[Herriko mendate berriaren malda adierazten duen seinalea? Izan daiteke... baina beste aldapa baten neurria adierazten du komisioko kideek jarritako ikur honek: aurtengo festak antolatzeko, %4,6ko laguntza eman du Zarauzko Udalak].

[Belarrio, gustura, txarangaren zuzendari lanetan... Goizean beste argazkilari batek atera zion argazkia darama lepoan zintzilik].


[Bazkalostean, ZAGAko kideek ederki landutako antzerkia ere egin zuten Plaza Gorrian. Txalo sorta handia jaso zuten].

[Auzokideen xarmak ere egiten dute Azken Portu berezia...].

[Fafai, bidegorrian eskean. No comment].

[Nekin taldeak egundoko giroa jarri zuen, festetako azken gauean. Dantzaldia amaitu ostean, jendez bete-bete eginda zegoen txosna gunea].

2005-08-12

Abuztuak 12, gaur, Lurraldetasun Eguna: EGITARAUA

ABUZTUAK 12, OSTIRALA

10:30 Txistulariak, trikitixa eta suziriak.
Goizean zehar auzoko txaranga kaleak alaituz ibiliko da.
11:00 Umeentzako jokoak
11:45 Balkoi dotoreena (Artelan dendak emandako saria)
Tortilla txapelketa (Arantxa loradendak emandako saria)
12:00 Toka txapelketa (Aranburu kristaldegiak emandako garaikurra)
12:30 Triku poteoa, trikitixarekin eta batukadarekin alaiturik.
Tartean, Azken Portuko mendate berria inauguratuko da: Konkorra.
14:30 XIII. Auzoko bazkari herrikoia: txartelak abuztuaren 8a baino lehen hartu beharko dira.
Bazkalostean piropo eta argazki lehiaketaren sari banaketa.
Piropo lehiaketaren sariak, AEKren eskutik.
Argazki lehiaketaren saria: afaria bi lagunentzat Toki Ona tabernan.
22:00 Punta-puntako bertsolarien entrenamendu saioa Euskal Herriko Txapelketarako: Jon Maia, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Sustrai Colina, Jexuxmai Irazu eta Aritz Aranburu. Gai jartzailea: Felix Zubia.
Ondoren, dantzaldia Nekin taldearekin.

Atzo arratsaldean eta gauean, egundoko giroa eta jendetza

Azken urteotan Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiek ezagutu duten jendetzarik handiena bildu zen atzoko ekitaldietan.
Goizean, dagoeneko, haurrentzako marrazki lehiaketan 217 haurrek hartu zuen parte, eta antolatzaileak gustura zeuden deialdiak izan zuen erantzunarekin.
Arratsaldekoak, ordea, marka guztiak hautsi zituen.
Gorri, Xalto eta Brinko pailazoen emanaldian ehunka haur eta guraso bildu zen Plaza Gorrian, eta antolatzaileak horiei guztiei txokolatea ematen hasi zirenean, egundoko ilarak sortu ziren.
Herri kirol erakustaldiak ere markak hautsi zituen. Peñagarikano eta Txapartegi aizkoran eta Izeta II.a harria jasotzen ikustera egundoko jendetza bildu zen, eta horiek guztiak aho zabalik utzi zituzten Galdames eta Hondarribiko harrizulatzaileek.
Gauean, berriz, berriro ere egundoko jendetza elkartu zen txosna gunean, eta Jauko Barik eta Sexty Sexer's taldeen ondoren, Bartzelonako Pirats Sound Sistema taldeak Katalunia ttipi bat bihurtu zuen atzo Azken Portu. Txosna gunean zeuden ehunka eta ehunka lagunen artean, asko, zalantzarik gabe, kataluniarrak zirela ikusi, nabaritu eta entzun zitekeen. Dudarik gabe, izenak dioen bezala, Nazio Elkartasun Kontzertua izan zen atzo gauekoa...

Hona hemen atzo arratsaldeko eta gaueko zenbait argazki...


[Gorri, Xalto eta Brinko pailazoek ehunka haur bildu zituzten Plaza Gorrian].


[Haurrak aizkolariei laguntzen, hauen erakustaldia hasi aurretik].


[Txokolatea eman zuten antolatzaileek Plaza Gorrian, eta egundoko ilarak sortu ziren].


[Parrandaren erdian, maitasunarentzat ere bada lekurik. Lagun kataluniar hauen begiradek dena esaten zuten atzo arratsaldean, txosna gunean...].


[Patxi Iruretagoiena, jo eta fuego, arratsaldeko erakustaldietarako lanean].


[Aizkolariak eta harri jasotzaileak ikustera egundoko jendetza bildu zen Plaza Gorrian].


[Jaiek irudi bereziak uzten dizkigute: amona hau patxada ederrean eserita zegoen atzo arratsaldean...].



[Galdames eta Hondarribiako harrizulatzaileek egundoko ikuskizuna eman zuten Plaza Gorrian. Ikusle gehienek ez zuten ezagutzen meatzaldean sortutako herri kirol hau, eta harrituta ikusi zuten erakustaldia. Festa hauetako ekimen berezienetakoa izan zen atzokoa].


[Jauko Barik eta Sexty Sexer's taldeen kontzertuen erdian, ZAGAk antzerkia ere egin zuen: Gaur kalian, bihar Gaztetxian!].



[Pirats Souns Sistema, Bartzelonatik: beste behin ere, zoramena, musika ona, eta egundoko giroa txosna gunean. Atzo, gainera, Kataluniako herri bat zirudien Azken Portuk].

2005-08-11

Santa Klara eguna ere, arrakastatsua

Festetako bigarren egunean eguraldia ere laguntzen ari da.
"Sarbori" dago giroa, eta eguraldi onak lagunduta, ehunka haur elkartu da goizean Plaza Gorrian marrazki lehiaketan.
Geroago, Urpekoak elkartean auzoko jubilatuek hamaiketakoa izan dute, eta dozenaka lagun elkartu da bertan ere.
13:00ak aldera, berriz, Marrazki Lehiaketako sari banaketa egin dute komisioko kideek, eta orduan iritsi da zoramena...

Arratsaldean, besteak beste, herri kirolen erakustaldia izango da, eta harrizulatzaileak ikusteko aukera ere egongo da.
Lehenago, ordea, txokolatada izango da, eta segur aski goizean bezala ehunka haur elkartuko da.

Gauean, berriz, kontzertuak.
Eutsi goiari!!!


[Marrazki lehiaketaren sari banaketan haur, gazte eta guraso asko elkartu da].


[Auzoko jubilatuek hamaiketakoa egin dute Urpekoak elkartean].


[Sariak jasotzerako orduan, zoramena...]



[Komisioko kideek, gero, Sagasti Plazako hormetan, muralaren ondoan, marrazki lehiaketako marrazki guztiak jarri dituzte bata bestearen ondoan: 217 marrazki].

200 haur inguru ari da marrazki lehiaketan parte hartzen

Egundoko haur piloa elkartu da 10:30ak aldera Plaza Gorrian, Marrazki Lehiaketan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, "200 haur inguru" dira guztira.
Bakoitzari zenbakitutako orria eman, eta hor ari dira guztiak lanean...



[Argazkia: Lore Agirrezabal - Urola Kostako HITZA].

Abuztuak 11, gaur, Santa Klara Eguna: EGITARAUA

ABUZTUAK 11, OSTEGUNA: SANTA KLARA EGUNA

09:00 Txistulariak, trikitixa eta suziriak.
10:00 Buruhandiak
10:30 Marrazki lehiaketa auzoko haurrentzat
(bi maila izango dira: 7-10 eta 11-14 urte bitartekoak)
Etxetik, margoez gain, orripean jartzeko euskarriren bat ere ekarri beharko da.
11:00 Meza Nagusia
12:00 Auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa.
16:00 Buruhandiak
16:30 Gorri, Xalto ta Brinko pailazoen ikuskizun berria: Olinpiadak.
18:30 Mollari dantza taldearen erakustaldia.
19:00 Txokolatada gozozale guztientzat,
19:00 Triduoa Santa Klara elizan
19:30 Herri kirol jaialdia:
Aizkolariak: Txapartegi eta Peñagarikano.
Harri jasotzaileak: Izeta II.aren erakustaldia harri ezberdinekin.
Gero, harri zulatzaileen erakustaldi ikusgarria: Bizkaia eta Gipuzkoa
nor baino nor gehiago. Meatzaldeko Harrizulatzaileak Elkartearen laguntzarekin.
22:30 V. Nazio Elkartasun Kontzertua:
Jauko Barik (Oiartzun) + Sexty Sexers (Bera) + Pirats Sound Sistema (Bartzelona). Tartean Zarauzko Gazte Asanbladaren antzerkia (Gaur kalian bihar gaztetxian).

Giro ederrean igaro da lehen eguna

Giro ederrean igaro zen atzo Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaien lehen eguna.
Euriak ere agertu nahi izan zuen festara, eta arratsaldean haurren jolasak Udal Kiroldegian egin behar izan ziren.
19:00etarako, ordea, atertu zuen, eta Mamarro taldeak Plaza Gorrian bertan egin ahal izan zituen malabarak.
Gauean, jende asko bildu zen Gaueko Txirrindularitza Kriteriuma ikustera eta, ondoren, Banda Batxokik eta Tuboskapik dantzan jarri zuten txosna gunean zegoen jendetza. Lehen eguna izateko, jende asko ibili zen gauean.

Hona hemen atzoko zenbait argazki:



[Mamarro taldeak malabar erakustaldia egin eta haurrei malabaretan aritzeko aukera eskaini zien atzo arratsaldean Plaza Gorrian. Haurrak gustura eta jakin-minez aritu ziren begira, eta ikasteko ahaleginak ere egin zituen haur eta gazte askok].


[Gaueko txirrindularitza kriteriuma].



[Banda Batxoki, Txantreatik... Txosna gunea dantzan jarri zuten].


[Seneka taldeak agertokira igo eta festetarako egin duten abestia jotzeko aukera izan zuen].



[Tuboskapirekin... zoramena!!!].

2005-08-10

Hasi dira SKAPA 2005 jaiak!


Arratsaldeko 16:00ak aldera, eta eguraldiak batere lagundu ez badu ere, Patxi Iruretagoienak bota ditu jaien hasiera iragarri duten suziriak. Patxik berak goizean komentatu duen moduan, dagoeneko ia hogeita bost bat urte daramatza jaien hasiera iragartzen duten suziriak botaz, pare bat urtean "kale" egin badu ere.

Eguraldi txarra dela-eta, Plaza Gorrian egitekoak ziren haurrentzako jokoak, berriz, Udal Kiroldegian egingo dituzte.

[Argazkia: Axel Odriozola - Komisiyua].

Arrautzak berandu... euria seguru!


Komisioko kideak, urtero bezala, festen atarian Santa Klara mojengana joan dira, komentura, 13 arrautzeko dozena eramatera, Santa Klarari eguraldi ona eskatzera. Ohi bezala, Sor Frantziskok ireki die atea, beti bezain atsegin.
Aurten, ordea, nahikoa berandu joan dira gazteak arrautzak eramatera, ia eguerdiko 14:00ak aldera. Ordurako, ordea, laino ilunak ageri ziren zeruan... eta 14:30ak alderako lehertu da ekaitza, ilun...
Euria ari du uneotan, eta auskalo arratsalderako atertuko duen.
Izan ere, Santa Klara komentuko mojek otoitz egiten dute eguraldi ona eskatzeko, baina miraririk ezin egin...

[Argazkia: Lore Agirrezabal - Urola Kostako HITZA]

Txilikurekin solasean

Jose Luis Aranguren, TXILIKU: "Garai bateko festarako irrika hori galdu egin da"




—Noiztik ateratzen da Azken Portuko txaranga? Datorren urtean zilarrezko ezteiak dituzuela entzun dugu…
Gehiago izango dira. Gure mutil koskorrak eta txikiak ziren, eta hogeita bost baino gehiago izango dira. Hogeita zazpi bat edo.

—Urtero?
Bai! Hasieran, gainera, barrio erdia izango ginen! Hogeita hamarren bat elkartzen ginen gutxienez. Instrumentuak ez dakit nondik azaldu ziren, baina, nola edo halakoak izan arren, osatu genituen. Eta harrezkero, poliki-poliki, gazteak sartzen direla eta hau eta beste, segitzeko asmoa dugu behintzat. Gure parrandatxo hori oso gustura egiten dugu eta…

—Nolakoa izaten da Azken Portuko txarangaren eguna?
Azken urteetan, bizpahiru hildako ere baditugu, eta goizean hasten gara, hamarrak alde horretan, haien omenezko mezarekin. Gero, hamaiketako pixka bat egin, eta orduan salida, ilunabar aldera arte.

—Ilunabar aldera arte bakarrik?
Lehen goizaldera arte jarduten ginen, baina orain ilunabarrean, alto! Lehen goizaldera arte ibiltzen ginen bazterrak nazkatuaz.

—Denek al dakizue musika tresnaren bat jotzen?
Baita zera ere! Instrumentuak jotzen dituztenak hiruzpalau bat edo dira: txistua eta horrelakoak, eta gero bonbo zaharrak, eta platilloak eta horrelakoak jotzen dituztenak daude. Lehen bai, bat edo beste, baina instrumentu naturalik jotzen duenik ez dago. Zarata ateratzen dutenak, berriz, nahi duzuen guztia.

—Zein pieza jotzen dituzue?
Lehen pare bat hilabete lehenago hasten ginen. Txistuarekin jotzen zuten txistulariek, eta besteok, nola edo hala, tankera hartu eta laguntzen genien. Azken sei-zazpi urtean, berriz, ezer ere ez. Lehen ikasitakoak jotzen ditugu, bat-batean. Hasiera hartan jendea ere gehiago ginen, eta hango txabolara edota hemengo ez dakit nora joan, eta zerbait aritzen ginen…

—Hainbeste urten, zerbait aldatu al da Azken Portuko festetan?
Lehen giro hobea izaten zen. Auzo guztietan bezala da hori. Lehen dantzan aritzen ginen erabat, eta gero iluntzean Azken Portu eta Bar Mari eta horiek lepo egoten ziren. Orain, berriz, nik ez dakit gazteek zer joera duten. Lehen dantzan jarduten ginen, saltoka eta brinkoka. Orain beste zerbait da, denak elkarri begira jarri pulamentu handirik gabe, eta… Nik uste dut galdu egin dela garai bateko festarako irrika hori. Baina auzo guztietan izaten da hori.

—Zuretzat, pertsonalki, zer dira Santa Klarako festak?
Bueno… mundialak! Gu mutil kozkorrak ginenean Kaxiano-eta etortzen ziren, jazzbanarekin-eta. Makina aldiz obretako tablero zaharrak hartu eta egiten genuen andamioa. Kamioi gainean ere bai! Lehen saiatuagoa izaten zen. Orain errezagoa ematen du. Dirua biltzen ere sei hilabete lehenago hasten ginen, ez orain bezala, azken bi egunetan! Lehen asko saiatzen ginen! Orain ere gazteak saiatzen dira, eta egoki antolatzen dituzte festak, baina beste era batera. Ez hobeagoak eta ez txarragoak, baina beste era batera.

Gaztesarea webgunean tarte zabala eman diote jaiei

www.gaztesarea.org webgunean, gaur, azalean ageri da Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiei buruzko informazioa. Azalean ez ezik, barruan ere zabal jorratu dute gai hau.
Sarreran, gainera, "Azken Portu Zarautz ondoan, trenbidearen bestaldean, dagoen herri bat" dela diote. "Langile, etorkin eta nekazarien herria da. Dena ez baita postal turistikoa!" zehaztu dute Gaztesarea webgunean.

Sarrerako informazioaren ondoren, jaietako bandoa eta egitaraua jarri dute sarean, osorik. Azkenik, jaiei buruzko informazio gehiago helbide honetan lor daitekeela gaineratu eta blog honetarako esteka jarri dute.

Zehaztu dituzte ostiralean ariko diren sei bertsolariak

Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Jon Maia, Jexuxmari Irazu eta Sustrai Colina ariko dira ostiral gaueko 22:00etan hasiko den bertso saioan, Azken Portuko Aritz Aranbururekin batera.
Gai jartzaile lanetan, berriz, Felix Zubia zarauztarrak jardungo du.

Hasieran batean Amets Arzallus zen etortzekoa, baina azken uneko aldaketak direla-eta, azkenean Sustrai Colina ariko da Arzallus beharrean. Oraindik lotzeko zegoen seigarren bertsolaria, berriz, Jexuxmari Irazu izango da.

Euskal Herriko txapelketarako entrenamendua ostiral gauean Azken Portun egingo duten sei bertsolariak, beraz, hauek izango dira:

—Aritz Aranburu.
—Sustrai Colina.
—Jexuxmari Irazu.
—Jon Maia.
—Aitor Mendiluze.
—Jokin Sorozabal.

Abuztuak 10, gaur, Gazteen Eguna: EGITARAUA

ABUZTUAK 10, GAUR
Gazteen Eguna:
2 urtetik 100 urtera.

16:00. Suziriak auzoko jaiak iragarriz.
16:30. Buruhandiak.
17:00. Haurrentzat, ofizio zaharren inguruko jokoak
Kulki taldearekin: baserriko lanen inguruko jolasak.
18:30. Triduoa Santa Klara komentuko elizan.
19:00. Malabar erakustaldia eta malabaretan aritzeko aukera, Mamarro taldearekin.
22:00. Joxe Mari Artetxeren omenezko XVI. Gaueko Txirrindularitza Kriteriuma. Mailak: kadeteak eta gazteak.
23:30. Kontzertua: Tuboskapi (Ondarru) + Banda Batxoki (Txantrea).

Gaur hasiko dira jaiak!

Iritsi da abuztuaren 10a.
Gaur arratsaldeko 16:00etan botako dituzte Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiei hasiera emango dieten suziriak, eta hiru egunez hainbat ekitaldi izango da jaiez gozatzeko.
Hedabideetan ere, lehen egunean, izan dute oihartzuna jaiek.
Gaurko HITZAk, esaterako, azala eskaini dio, eta barrualdean zazpi zutabe, lehen orrietan.
El Diario Vasco egunkariak ere, Zarauzko kronikan, lau zutabe eskaini dizkio auzoko jaiei, argazki eta guzti.

2005-08-09

Festetan ezagutuko ditugunak [4]: MAMARRO MALABAR TALDEA


Mamarro malabar taldeak ere bat egin nahi izan du Azken Portuko jaiekin eta, bihar, 19:00etatik aurrera, beraien asteazkenerako malabar saioa Azken Portun egingo dute, Plaza Gorrian.
Biltzen direnen aurrean erakustaldia egiteaz gain, haur, gazte, heldu eta gainerakoei malabarak egiten aritzeko aukera emango die Mamarrok.
Mamarro taldeko kideak zarauztarrak dira, aurten osatu dute taldea, eta uda honetan Sloveniara joango dira,
nazioarteko malabar topaketetan parte hartzera.

SENEKA musika taldea aurtengo jaietako abestia grabatzen ari da


Lokala Azken Portun duen Seneka musika taldeak aurtengo jaietako abestia egin eta grabatzearen ardura hartu, eta lan horretan ari da egunotan. Mattin Epelde, Unax Nogales, Urtzi Odriozola, Gorka Garcia 'Gartxi' eta Eneko Arregi 'Konpi' dira taldeko kideak. Duela urtebete inguru sortu zuten taldea.
Taldekideek blog honi aurreratu diotenez, aurtengo kanta "Kuraiaren abestien estilokoa izango da.
Rock & Roll komertziala, nolabait".
Bi gitarra, baxua eta bateria erabiliz egin dute abestia, eta grabazioan "beste efektu batzuk" ere sartuko dituzte.
Abestiaren hitzei buruz galdetuta, letra Azken Portuko festen ingurukoa dela eta estribilloa SKAPA hitzarekin jolastuz
egin dutela adierazi dute.

Zehaztu dutenez, bihar goizerako abestia amaituta izatea espero dute.
Izan ere, "azken momentuan" ekin diote lanari. "Hasiera batean beste talde bat zen grabatzekoa, baina azkenean ez dutela grabatu jakin genuen aurreko asteburuan, eta larunbatean hasi ginen zerbait moldatzen. Korrika aritu gara, beraz". Taldekideek diotenez, Azken Portutako festetako abestia ez da "taldearen ohiko estilokoa. Jendeak gustura entzun eta dantzatzeko modukoa izatea nahi genuen, eta horren bila joan gara" diote.

Ez dago esan beharrik entzuteko desiratzen gaudela...
Eta ea laster blog honetan zintzilikatzeko aukerarik dugun.

2005-08-08

Festetan ezagutuko ditugunak [3]: JAUKO BARIK


[Iturria: azkenportu.blogspot.com (elkarrizketa argitaragabea). Egilea: Jon Benito].

—Noiz hasi zineten musikan? Nortzuk zarete?

Jauko Barik taldea duela 7 urte osatu zen, gutxi gorabehera. Haizea, Enara eta hirurok elkartu ginenetik, lokalean orduak sartzen hasi eta hilabetera eman genuen gure lehen zuzenekoa. Hortxe ohartu ginen musikak gure bizitzan duen garrantziaz. Eta handik aurrera ibilbide luze bezain ederra bizitzeko aukera izan dugu. Urte hauetan zehar, ia 200 kontzertu eman ditugu. Zuzeneko taldea garela azpimarratu beharra dago, musika sortzen dugunean, bizitzeko asmoz egiten dugu eta. Zuzenekoetan sortutako gure doinuak indarrez kaleratzen saiatzen gara.

—Bi disko atera dituzue, lehena Esan Ozenkirekin, bigarrena autoproduzituta. Nolako harrera izan zuten?
Nola ikusten dituzue orain?

Kaleratutako bi diskoak, oso bereziak izan dira, bietan helburua bera izan zen arren; egindako lana gorderik uztea, alegia. Batetik, Esan Ozenkirekin grabatu genuen lehen disko hark ate berri ugari ireki eta gauza berri asko ikasteko aukera eskaini zigun. Bestetik, gure lana geure kaxa ateratzeko irrikaz autoekoizpenaren apustuari eutsi eta bigarren CDa kaleratu genuen; BZZB...TA GOXATU izenekoa. Geure bat-batekotasunaren eta uneko indarraren isla da azken lan hauxe.

—Munduko emakumeen martxaren kantua ere idatzi zenuten. Nolako esperientzia izan zen?

Aurtengo udaberrian Euskal Herrian barrena abiaturiko Emakume Martxaren kanta egiteko aukera eskaini zigutenean,
pozez hartu genuen ardura.
Abestia sortu ez ezik, abeslariak hautatu eta proposatzeko ardura ere gure gain hartu genuen. Azkenean, honako abeslariak izan genituen laguntzaile: Keikeko Nerea, Izateko Claire, Anorexiako Itziar eta Zea Mayseko Aiora. Hainbat buru hainbat ahots, abestian bertan islatu bezala. Horixe bera izan zen asmoa, askotariko ahotsen bitartez askotariko emakume abeslariak aldarrikatzea.

—Atzerrian jotzeko aukera ere izan duzue. Zer moduz?

Bizipen berrien premian, Jauko Barik, Europan zehar abiatu ginen 2003 eta 2004eko udan; Alemania, Suitza, Holanda eta Frantziako hainbat tokitara hurbildu ginen. Izugarria izan zen!
Aurtengo udan, aldiz, Euskal Herriko txokoetara hurbiltzeko eta bertan jotzen aritzeko irrikaz abiatu dugu. Gaurko portua, Azken Portu.

—Nolakoak izaten dira zuen zuzenekoak...

Berezko nortasuna dutenak, eta apurka-apurka bizipenez eta oroitzapenez hornitzen doana.
Zuzenekoak dira gure bidea, gure giltza eta taldea bera gaur egun den horretan bilakatu duena.
Horregatik, gure gonbidapen apalena zabaltzen dugu bertara hurbildu eta musika doinuak gurekin batera goxa ditzazuen...

Santa Klara komentuan barrena


Urola Kostako HITZAk Santa Klara komentuari buruzko erreportaje luze eta zabala argitaratu zuen atzo. Santa Klara egunaren atarian, azala eta bi orrialde eskaini zizkion.
Hau da, bere horretan, atzo HITZAn irakurri ahal izan genuena.

[Iturria: Urola Kostako HITZA, 2005-08-07. Egilea: Gari Berasaluze]

LAU MENDE OTOITZEAN ETA LANEAN

Zarauzko eraikin nabarmenenetakoa da Santa Klara komentua: 1610ean
sortu zuten, eta gaur egun 12 moja bizi dira bertan, otoitzean eta lanean

Zarauzko eraikin zaharrenetakoa da Santa Klara komentua. 1610ean sortu zuten, eta ordudanik bertan bizi diren klaratarrek hamaika otoitz egin dute herritarren alde. Datorren ostegunean Santa Klara eguna ospatuko dute, eta horren harira Hitza Sor Maria Nieves abadesarekin eta komentuko kanpo-harremanen ardura duen Sor Gloriarekin aritu da solasean.
Ohi bezala, Sor Frantziskok zabaldu du komentuko atea, eta behin kazetaria bisitetarako atondutako gelara eraman eta gero agertu dira beste bi mojak. Presarik gabe aritu gara solasean, luze, komentuaz, beraien bizimoduaz eta kanpoko munduaz, lasai asko.
Gaur egun hamabi lagun bizi dira Santa Klara komentuan. Gazteena abadesa bera da, eta 72 urte ditu. Galderei erantzuten hasi orduko, ordea, umoretsu, adin kontuak hainbeste ez zehazteko eskatzen dio Sor Gloriak abadesari. «80 urtetik gorakoak zortzi dira, eta gainerako laurak 70 eta 80 urte artekoak» dio.
Klaratarrak dira guztiak. Klaratarren erlijio-ordenan sartzen denak pobrezia-botoa bere egiten du, eta ez dute norberaren inolako ondasunik edo dirurik. Dutena, klaratarrentzat izaten da beti ere. «Ebanjelioan aita San Frantziskok eta ama Santa Klarak pobrezia betetzeko esan digute, eta horri eusten diogu». Horren harira, orain arte ez dute pentsiorik eta antzekorik kobratu. Azken urteotan, eta nolabait «garaiak aldatu direnez», hori ere aldatu egin da, eta orain jasotzen dute zerbait, baina beti ere dena klaratarrentzat bideratuta. «Inork ez du bere konturik: dena komunitatearentzat izaten da». Abadesak zehaztu duenez, «pentsioak onartu zirenean, bankukoek bakoitzak bere kontu korrontea izatea nahi zuten. Gotzaitegian galdetu nuen, eta argi esan ziguten ez onartzeko horrelakorik, guk ezin genuela. Beraz, kontu bakarrera joaten dira guztiak». Komentuaren gastuetarako erabiltzen dute diru hori, eta soberakinak misioetarako edota antzeko ekimenak laguntzeko bideratzen dute.
«Baratza saldu genuenean ere, horixe egin genuen, etxea konpondu: lokutorioa, sukaldea eta kapilla berritu. Sukaldea, berogailua, eta horrelako kontuak».
Eguneroko bizimoduari dagokionez, Santa Klara komentuko mojak, egunero, goizeko 06:00etan jaikitzen dira. 06:30ean kapillara sartzen dira, otoitzak eta errezuak egitera, eta 07:45ak arte egoten dira kapillan. Abadesaren hitzetan, «orduan Jauna agerian jartzen dugu, eta ordutik aurrera, orduerdiro, txandaka, hura zaintzera joaten da moja bat. Gainerakoek, lanari ekiten diote: sakristian, sukaldean, baratzean… bakoitzak bere lana dauka». Horrela eguerdira arte. 12:00etan angelusa errezatzen dute, eta gero salmo batzuk. Jauna erretiratzen dute ondoren, eta bazkaltzeko biltzen dira guztiak. Bazkalostean, denen arten biltzen dituzte ontziak, eta 14:00ak arte solasean aritzen dira, lasai. «Errekreoa» esaten dioten ordua izaten da hori. 14:00etatik aurrera, berriz, aisialdirako denbora izaten dute, bakoitzak nahi duena egiteko. 15:00etan berriro kapillara itzultzen dira, «Jauna agerian jarri, beste salmo batzuk errezatu, eta errosarioa egiten dugu. Izan ere, asko errezatzen dugu herriaren alde. Eskari asko izaten dugu, eta horien alde aritzen gara otoitzean». Gero, 18:00ak arte berriro aisialdirako denbora izaten dute. 18:00etan bildu, eta 18:30ak arte otoitz egiten dute. 18:30ean, berriz, meza izaten dute komentuko elizan, eta ateak zabalik izaten dira herritarrentzat. Meza bukatzen denean, «jauna hartu, otoitz egin, isilean egon eta bezperak errezatzen ditugu. Gero, 19:45an irten, eta 20:00etan afaltzen dugu. Afalostean berriro ontziak bildu denen artean, eta 21:00etan berriro biltzen gara». Orduan «azken otoitzak» egin, eta 22:00etatik aurrera «libre», elkarrekin hitz egin edo nahi dutenean ohera joateko.

Lanean, gustura

Bakoitzak komentu barruan dagokion lana egiteaz gain, denen artean, aparte, kanpotik ekartzen dizkieten zenbait lan ere egiten dute: kortinak josi eta antzekoak. Eguneroko bizimodu horrekin gustura ageri dira mojak. Sor Gloriak, gainera, hori nabarmentzeko ere eskatzen du: «Adinekoak gara, baina gero eta hobeto bizi gara. Izan ere, orain nahi duguna egiteko askatasuna dugu. Nahi duenak ahal duena egiten du, eta hainbeste maite garenez, bata bestearen lanak harrapatzen jarduten gara, elkar laguntzeko».
Baratzea zaintzeko, gainera, «lan zail guztiak egiteko amorratzen dagoen beste gizon bat» iritsi zaie. Mojentzat, «mirari baten antzekoa» izan da baratzeko lanetarako bigarren lagun hau iristea. «Orain, beste mirari handiagoa espero dugu, eta ea neska gazteak iristen zaizkigun gure artera!». Izan ere, 60ko hamarkadan sartu ziren azken mojak komentura, 1960an. Ordudanik, ez da beste «gazterik» iritsi. Hala ere, kanpotik borondate oneko herritarrak joaten zaizkie laguntzera, eliza garbitzera eta antzekoetara, eta mojek gustura hartzen dute laguntza hori.
Kanpoko jendearekin duten harremanari buruz galdetuta, bisitan jende askorik ere ez zaiela joaten diote. «Familiakoak eta lagunak etortzen dira batez ere. Eta, gero, bereziki, Santa Klarari laguntza eskatzera etortzen den jendea. Premia handian dagoenean etortzen da jendea, larri, kandelak ekarri eta haien alde otoitz egin dezagun eskatzera». Bisitak ez dituzte mugatuta, eta nahi duena joan daiteke bisitara. Dena dela, Garizuman eta abenduan ez dute bisitarik jasotzen, eta hilean behin ere, 21ean, «erretiroa» izaten dute. «Egun bereziak dira horiek, eta guretzat hartzen ditugu, otoitzerako».
Kanpora, berriz, orain lehen baino gehiago ateratzen direla aitortu dute. Lehen ez ziren ateratzen, eta sendagileak, dentistak eta antzekoak komentura bertara joaten ziren. Garai batean, norbait operatu behar baldin bazen ere, komentuko erietxean bertan operatzen zuten. Orain, berriz, sendagilearengana edota dentistarengana joateko, «kanpora» atera behar izaten dute. Enkargutara edota erosketak egitera joateko ere ez dute inolako arazorik. «Bokazio falta handia dago, eta horrek erraztu egin dizkigu gauzak. Elizak berak, nolabait, malguago jokatu du, eta erraztasunak eman dizkigu kanpora ateratzeko. Baimenak eskatuta, ez dugu inolako arazorik izaten».

Elikagai gehienak, etxekoak

Dena dela, ahal duten guztia beraiek ekoizten dute: komentuaren harresien barruan hainbat lur dute oraindik, eta baratzeak, fruta arbolak, ardiak, oiloak eta beste zenbait abere ere badituzte. «Lehen zerriak ere bagenituen, baina, orain, zahartu garenez eta horien haragia komeni ez zaigunez, utzi egin behar izan ditugu». Garai batean, beraien baratzetik bizi ziren hein handi batean. «Dirurik kobratzen ez genuenean, baratzean landutakoak saltzen genituen, asko, eta hura zen gure diru sarrera bakarra. Baratzea, eta jostea». Gaur egun, ordea, kanpotik ere gauza asko ekartzen dute, batez ere neguan. Hori, ordea, kalitatean nabaritu egiten dute gero. Izan ere, kanpoan, eta kalitate agiriak eskuratu arren, elikagaiak ez dira garai batekoak bezalakoak. Eguraldi ona eskatzeko ekartzen dizkieten arrautzei begiratuta soilik ohartzen dira horretaz. Etxeko arrautza freskoekin ohituta dauden mojek, zenbakiak idatzita daramatzaten arrautzak ere ikusi behar izan dituzte azkenaldian: «Gaur lehendabizi gorringoa hori-hori-horia zuen arrautza bat ikusi dut. Nazka ematen zuen. Baina zer zen hura!?» dio Sor Gloriak.

Kanpoan, «dena presaka»

Kanpoko mundua, azken batean, arrotza egiten zaie. Arrazoi bategatik edota besteagatik kanpora ateratzen direnean, «dena presaka» dabilela iruditzen zaie. «Hitz egiteko denborarik ere ez du izaten jendeak, eta bi hitz besterik ez ditu egiten» dio abadesak. «Alde ederra da hona sartu eta solasean lasai aritzea, beste lasaitasun batean». Sor Gloriak, berriz, harrituta dio: «Esaten dutenez, askotan, etxean bertan, auzokoak ere ez omen dira ezagutzen!». «Hemen, ordea, beste giro bat dago, beste lasaitasun bat. Leku guztietan bezala, izaten dira laino txiki batzuk, baina laster alde egiten dute».
Azkena sartu ziren mojek 45 urte daramatzate komentuan, eta haiek sartu zirenetik ez da moja berririk iritsi. Sor Maria Nieves abadesa bera izan zen komentura sartu zen azken mojetako bat.
Urte hartan, zehazki, 1960an, hiru moja iritsi ziren komentura. «Ordura arte, urtean bat edo bi etortzen ziren. Urte hartan, ordea, antza denez ondo itxi zituzten ateak, eta ordudanik ez da beste inor etorri» dio Sor Gloriak. «Gehienak 30 urtetik beherakoak ginen orduan, eta zarauztarrak zortzi edo hamar bat ginen».

SANTA KLARA EGUNA, OSPAKIZUN HANDIA

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiak gainean direla ederki dakite mojek. Abuztuaren 11n ospatzen dute Santa Klara eguna, eta urteko egun handienetakoa izan ohi da klaratarrentzat. «Handitasunez ospatzen dugu gure eguna» diote. «Hirurrenak egiten ditugu, eta gero meza nagusia, Santa Klara egunean bertan. Aurten, gainera, berezia izango da meza: Parrokiko korua etorriko da abestera, eta gero hamaiketakoa emango diegu, ospatzeko».
Festa egunetan gauean «jasan» behar izaten duten kontzertuen musika «eta zarata», ordea, arrotzagoa zaie. Lo errazekoak direla diote, baina erietxeko gelak dira kanpoaldera ematen dutenak, eta han norbait suertatuz gero, festa egunetan lo egingo duenik ez dagoela diote. Hala ere, ahal izanez gero, bertsolariak entzuten gustura egoten omen dira.


1610. URTEAN SORTUTAKO KOMENTUA
Klaratarren komentua Narros jauregian bizi zen alargun
aberats batek sortu zuen, alabekin batera, XVII. mendean

Sor Gloriak ederki ezagutzen du Santa Klara komentuaren historia. Bera da liburutegiaren eta artxiboaren arduraduna, baina ez du liburuetara jo beharrik komentua noiz, nork eta nola sortu zuten esateko. Ederki asko du gogoan: «Narros jauregian bizi zen Doña Maria Ana de Zarauz, aberatsa, zumaiar baten alarguna. Alaba zaharrena Iraetako gizon batekin ezkondu zitzaion, baina alaba horren senarra ere hil egin zen. Ama, orduan, alaba alargunarekin eta beste bi alabekin geratu zen, eta mojak izatea erabaki zuten. Baina ez zekiten zein ordena aukeratu, eta txotx egin zuten. Santa Klara atera zitzaien, eta moja klaratarrak izatea erabaki zuten. Zer egin behar zuten ez zekitenez, Burgosko Lerma komentuan laguntza eskatu zuten, handik mojak etor zitezen, beraiei bizitza berria erakustera. Oso aberatsak ziren, eta zituzten baserri, lur eta gainerakoak eman egin zituzten, eta komentu hau eraikitzea erabaki zuten. Komentu hau eraiki bitartean, hogei bat urtez, Narros jauregian egon ziren bizitzen moja klaratarrak. Orain, Pagoetara bidali nahi gaituzte, baina guri, lehenago, Narros jauregia dagokigu. Hura izan zen klaratarren lehen egoitza Zarautzen».
Memoriak ez dio hutsik egiten Sor Gloriari. Horrela baitira kontuak: Maria Ana de Zarauz y Gamboak, Francisco Bouquer de Warthou-ren alargunak, eta bere bi alabek —Mariak eta Clarak— sortu zuten Santa Klara komentua. Felipe III.ak eman zien lizentzia, Madrilen, 1610eko urtarrilaren 4an. 1611n hasi ziren eraikuntza lanetan, eta 1625ean amaitu zuten. Eliza, berriz, geroago eraiki zuten, 1656an, gurutze itxurako egiturarekin. Agiri zaharretan irakur daitekeenez, «sortzaileek komentuari 14.000 dukat eman zizkioten, eta urtero 700 errealeko errenta ordaintzen zuten».
Sorrerako kontuak ez ezik, aurreko mendekoen berri ere badute mojek. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, esaterako, komentuan bertan «emakumeak preso» egon zirela gogoan du Sor Gloriak: «Hori nik baino zaharragoek jakingo dute. Sor Begoña postulantea zen orduan hemen, sartu berria, eta gogoan izango ditu kontu horiek. Nik badakit hemen emakumeak preso egon zirela, baina zenbat egon ziren eta zer-nolako biziera izan zuten, hori ez dakit. Aurreko gerran, karlistaldian, larri ibili ginen, eta komentutik atera eta Bilbora joan behar izan genuen, kanpora. Oraingo gerran [1936koagatik ari da], ordea, larri samar ibili arren, ez ginen joan. Hemen geratu ginen».


SOR GLORIA, ZARAUZTARRA
Sor Gloria zarauztarra da. 80 urtetik gora ditu, eta 60 urtetik gora daramatza Santa Klara komentuan. Abizena zein duen eta zein baserritakoa den esan arren, nahiago du horiek ez argitaratzea, hainbat herritarrek ezagutuko dutelakoan.
Urte asko eman ditu komentuan sartuta, atera gabe. Azken urteotan, ordea, tarteka, kontu batera edo bestera kanpora atera behar izan du, eta erabat arrotza zaio gaur egungo herria. «Oraintxe urtebete hil zait ahizpa» dio, «eta hiruzpalau aldiz harekin egon nintzen ospitalean. Irtetzen nintzenean, gauza guztiak nireak ez balira bezala ikusten nituen. Eskaparateetan ikusten ditudan gauzak ezer ez balira bezala dira niretzat. Ezin dira hartu, erabili, konpartitu. Ez dira gureak. Hemen, berriz, dena denona da, eta hartu, erabili eta konpartitu egin dezakezu».
Zarautzek izan duen aldaketarekin ere erabat txundituta geratu da azken urteotan Sor Gloria. Izan ere, komentura sartu zenean baserriak, baratzeak eta lurrak besterik ez zeuden inguruetan. «Beste ezer ez
zegoen». Orain, herrian, «hasi kanposantutik eta beste alderaino, etxeak eta etxeak besterik ez daude.
Harrigarria da zenbat aldatu den Zarautz. Zoratuta daude hor kanpoan. Jendeak bere kalekoak ere ez ditu ezagutzen!».

Leiho irekia Komisioarentzat


KOMISIOAREKIN lotutako kontuak, beste albisteetan komentatu beharrean, atal honetan komentatuko ditugu: egitaraua, publizitatea, bilerak, eta hurrengo egunotan sortzen joango zaizkigun gainerakoak.
Komisioko bati edo besteari zerbait esateko, beraz, komentarioen atala erabil daiteke.

2005-08-07

Azken Portuko txapela San Pelaiora...

[Giro ederra izan zen atzo Plaza Gorrian].

MUS Txapelketa Herrikoiaren txapela Abel Agües eta Pablo Mariñok irabazi zuten atzo. Azken Portuko festetako Mus Txapelketa Herrikoko txapela, bada, San Pelaioko bikote batek eraman zuen azkenean.
Arratsaldeko 16:30etik aurrera, giro ederra egon zen atzo Plaza Gorrian. 80 bat lagun elkartu zen musean aritzeko.
20:30ak aldera amaitu zen finala, eta ikusmin handia sortu zuen.
Lehen lau bikoteak honakoak izan ziren:

1. Abel Agües eta Pablo Mariño: txapelak, 5 kilo txuleta, langostino kaxa bat, eta bi ardo botila eraman zituzten.
2. Txulai eta Dan.
3. Axier Kortajarena eta Igor Iturralde.
4. Bernal eta Santos.

[Zahar, gazte, heldu, mutil, neska... ohi bezala, kolore guztiak bildu ziren atzo ere Azken Portun].
[Azken kanporaketetan, dagoeneko, ikusmina nabarmena zen].
[Txapela zuten zain irabazleek...].
[Bernal eta Santos, laugarren postuan geratu zen bikotea. Festetako kamisetak, herri bazkarirako txartelak, eta garagardo mordoa eraman zuten etxera].
[Finalak ikusmina sortu zuen Plaza Gorrian].
[Axi eta Butu, aurten hirugarren... baina gustura!].
[Txulai eta Dan... finaleraino iritsi eta txapela San Pelaiora joaten uztea ere!].
[Abel Agües eta Pablo Mariño, aurtengo txapeldunak, gustura...].
[Horrelako podiuma ez du edozeinek, e?! ZORIONAK!!!].

2005-08-06

80 lagun inguru Mus Txapelketa Herrikoian


40 bikotek eman dute izena gaur arratsaldean Plaza Gorrian jokatzen ari den Mus Txapelketa Herrikoirako,
eta arratsaldeko 17:00ak baino apur bat lehenago ekin diote guztiek txapelketari, giro ederrean.

Mus Txapelketa Herrikoia, 16:30ean Plaza Gorrian


Mendizabal kinkiladendan txapel dotore askoak egin dituzte bikoite irabazleentzat.
16:30etik aurrera hasiko da txapelketa.
Irabazleen zain daude dagoeneko txapelak...

2005-08-05

Auzokide, tabernari eta dendariei deia

Komisioaren urteroko deia Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko auzokide, dendari eta tabernariei.


AUZOKO BIZTANLE, TABERNARI ETA DENDARIOI:

"Urtero bezala, heldu da abuztua, eta honekin batera badatoz auzoko festak ere. Gauzak horrela, prestaketa lanetan aspalditik gabiltza Komisioko hainbat kide, aurten ere denen gustuko egitarau zabala osatzeko asmoarekin.
Izan ere, festak denok atsegin ditugu, beti izaten dira guztion gozamenerako. Baina denontzat den zerbait denon artean egin beharra dago. Denok jarri behar dugu gure hondar alea. Hori horrela izanik, festen antolakuntzak auzoko eragile ezberdinen parte hartzea eskatzen du. Eta arlo ekonomikoari dagokionez, urtero bezala, ezinbestekoa zaigu auzokide, dendari eta tabernarien diru laguntza.
Beraz, zinez eskertuko genizueke zuen aste honetan jaietako egitarauarekin batera postontzietan utzi dugun gutunazalean emango bazenigukete. Diru bilketa egunotan egingo dugu komisioko kideek.
Era berean, festen inguruan iradokizun edo kexarik baldin baduzue, jakinarazi iezaiguzue gutunazal honen bitartez. Denon artean urtez-urte festa hobeagoak antolatuko ditugulakoan, mila esker eta ondo pasatu jaiak!".

Komisiyua

Komisioko kideak bihar hasiko dira herria festetako banderatxoekin apaintzen


Bost egun besterik ez dira geratzen herriko jaiak hasteko!
Horren harira, bihar goizean hasiko dira komisioko kideak Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko bazterrak festetako banderatxoekin apaintzen.
Urtero bezala, etxeetara sartu eta balkoietan banderatxoak lotzeko herritarren laguntza beharrezkoa izango da.
Beraz, beldurrik gabe ireki ateak...

2005-08-04

Egitaraua dagoeneko herritarren etxeetan dago

Komisiko kideek atzo arratsaldean banatu zuten aurtengo festetako egitaraua Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldetako postontzi ia guztietara. Hau da bertan ageri dena, kontu batzuk apur bat gehiago zehaztuta:



ABUZTUAK 6, LARUNBATA
16:30ean Mus Txapelketa Herrikoia. Azken Portuko Plaza Gorrian.
6€ bikoteko.
Sariak:
1. bikoteari: txapelak, 5 kilo txuleta, langostino kaxa bat eta bi botila ardo.
2. bikoteari: 5 kilo kostilla, langostino kaxa bat eta bi botila ardo.
3. bikoteari: 5 kilo kostilla, eta bi botila ardo.
4. bikoteari: herri bazkarirako bi txartel eta festetako bi kamiseta.

ABUZTUAK 9, ASTEARTEA
18:30 Triduoa Santa Klara komentuko elizan

ABUZTUAK 10, ASTEAZKENA: GAZTEEN EGUNA (2 urtetik 100 urtera!)
16:00 Suziriak auzoko jaiak iragarriz
16:30 Buruhandiak
17:00 Haurrentzat, ofizio zaharren inguruko jokoak Kulki taldearekin: baserriko lanen inguruko jolasak.
18:30 Triduoa Santa Klara komentuko elizan
22:00 Joxe Mari Artetxeren omenezko XVI. txirrindularitza kriteriuma. Mailak: kadeteak eta gazteak.
23:30 Kontzertua: Tuboskapi (Ondarru) + Banda Batxoki (Txantrea)

ABUZTUAK 11, OSTEGUNA: SANTA KLARA EGUNA
09:00 Txistulariak, trikitixa eta suziriak.
10:00 Buruhandiak
10:30 Marrazki lehiaketa auzoko haurrentzat
(bi maila izango dira: 7-10 eta 11-14 urte bitartekoak)
Etxetik, margoez gain, orripean jartzeko euskarriren bat ere ekarri beharko da.
11:00 Meza Nagusia
12:00 Auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa.
16:00 Buruhandiak
16:30 Gorri, Xalto ta Brinko pailazoen ikuskizun berria: Olinpiadak.
18:30 Mollari dantza taldearen erakustaldia.
19:00 Txokolatada gozozale guztientzat,
19:00 Triduoa Santa Klara elizan
19:30 Herri kirol jaialdia:
Aizkolariak: Txapartegi eta Peñagarikano.
Harri jasotzaileak: Izeta II.aren erakustaldia harri ezberdinekin.
Gero, harri zulatzaileen erakustaldi ikusgarria: Bizkaia eta Gipuzkoa
nor baino nor gehiago. Meatzaldeko Harrizulatzaileak Elkartearen laguntzarekin.
22:30 V. Nazio Elkartasun Kontzertua:
Jauko Barik (Oiartzun) + Sexty Sexers (Bera) + Pirats Sound Sistema (Bartzelona).
Tartean Zarauzko Gazte Asanbladaren antzerkia (Gaur kalian bihar gaztetxian).

ABUZTUAK 12, OSTIRALA
10:30 Txistulariak, trikitixa eta suziriak.
Goizean zehar auzoko txaranga kaleak alaituz ibiliko da.
11:00 Umeentzako jokoak
11:45 Balkoi dotoreena (Artelan dendak emandako saria)
Tortilla txapelketa (Arantxa loradendak emandako saria)
12:00 Toka txapelketa (Aranburu kristaldegiak emandako garaikurra)
12:30 Triku poteoa, trikitixarekin eta batukadarekin alaiturik.
Tartean, Azken Portuko mendate berria inauguratuko da: Konkorra.
14:30 XIII. Auzoko bazkari herrikoia: txartelak abuztuaren 8a baino lehen hartu beharko dira.
Bazkalostean piropo eta argazki lehiaketaren sari banaketa.
Piropo lehiaketaren sariak, AEKren eskutik.
Argazki lehiaketaren saria: afaria bi lagunentzat Toki Ona tabernan.
22:00 Punta-puntako bertsolarien entrenamendu saioa Euskal Herriko Txapelketarako: Jon Maia, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Amets Arzallus, Aritz Aranburu… Gai jartzailea: Felix Zubia.
Ondoren, dantzaldia Nekin taldearekin.

ONDO PASATU JAIAK, BAINA EZ PASATU!!!

2005-08-03

Jaietako egitaraua gaur hasiko dira banatzen postontzietara


GAUR arratsaldeko 19:00etan, Urpekoak elkartean, komisioaren bilera irekia izango da.
Izan ere, bada lanik egiteko: egitarauak gaur jasoko dituzte inprentatik, eta horiek hartu,
sobreak antolatu, eta taldeka banatuta, herriko postontzietara banatu behar dira.
Egitaraua Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko ahalik eta etxe gehienetara gaur bertan
banatzea da antolatzaileen asmoa.
Estimatuta geratuko da denen laguntza. Badakizue: azaldu!
Astebete besterik ez da geratzen-eta festetarako!

2005-08-02

Festetan ezagutuko ditugunak [2]: HARRIZULATZAILEAK

Abuztuaren 11n, ostegunean, herri kirol jaialdiaren baitan, ikuskizun berezia izango dugu aurten Azken Portun: harrizulatzaileak. Bizkaia eta Gipuzkoako taldeak ariko dira nor baino nor, lehian. Zehazki, Galdames eta Jaizubiako taldeak.
Harrizulatzaileak ez dira hain ezagunak inguru hauetan, baina tradizio luzea duen herri kirola da, eta hori berreskuratzeko elkartea ere osatu dute hainbat lagunek. Honako artikuluan duzue informazio zabalagoa:

HARRIZULATZAILEAK: HERRI KIROL BAT BERRESKURATZEN

[Iturria: www.euskonews.com - Egilea: Jabier Santamaria, Meatzaldeko Harrizulatzaileak elkarteko kidea]

Azken urte hauetan, gero eta gehiago ari gara ikusten herri kirol bat, berria askorentzat: harrizulatzaileak. Berria ote, baina? Oker dabil horrela pentsatzen duena, herri kirol hau harrizulatzaileek edo barrenolariek egin baitzuten eta mende bat baino gehiagoko antzinatasuna baitu. Kirol praktika hau orain dela gutxi arte desagertuta zegoen, baina azken urte hauetan, eta hainbat pertsonaren ahaleginez, berreskuratu egin da, zorionez.

Saia gaitezen artikulu honetan atzera egiten historian, eta berreskurapen prozesu honi buruz hainbat datu plazaratzen, beti ere harrizulatzaileen herri kirol honen gainean gehiago jakiteko.


[Urtuellako proba zaharra. Udaletxearen plaza. 1917].

JOKOAREN JATORRIA

Euskal Herrian, beste edozein herri kirolek bezala, lanean du jatorria. Erronka eta apustua direla medio, plazara eraman zen eta kirol bihurtu. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, lanbide hau nahiko ohikoa zen harrobi eta meatzeen ustiapenean. Leku horietan haitzari zulo sakonak egin behar izaten zitzaizkion, bolbora edo dinamita kartutxoak sartu eta eztanda eginaraziz, interesatzen zen harri edo mineral mota ateratzeko. Bizkaiko Meatzaldean (Urtuella, Gallarta, Galdames, Trapagaran, Muskiz,...) burdin mea zen helburu. Euskal Herriko beste leku batzuetan, berriz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaia artean (Markina, Deba, Itziar, Eibar, Mendaro, Elgoibar,...), eraikuntzan erabiltzen zen kareharria lortzea zuten helburu.

Harrizulatzaileek altzairuzko barrena luzeak erabiltzen zituzten lanean, eta egin behar ziren zuloek askotan bi metro baino gehiagoko sakonera izaten zuten. Oso ogibide gogorra zen, egun osoan ibili behar baitziren gora eta behera hamar kilo baino gehiagoko barrena batekin. Agian, horregatik, eta euren egitekoa ezinbestekoa zelako, oso langile preziatuak ziren. Euren lana espezialista batena zen eta meatzeetan goi mailako langiletzat hartzen zituzten; alegia, beste edozein beharginek baino soldata hobea zeukaten.

Kirol legez, harrizulatzaileen probak oso ohikoak ziren gure herrietako plazetan. Lehen komentatu ditugun eskualdeetan: Meatzaldean, batetik, eta Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, bestetik, herriko jaietan ekitaldi garrantzitsutzat jotzen ziren harria zulatzeko ekimen ikusgarri hauek. Horrez gain, sona handiko herri kirol jaialdiak egiten ziren herrietan ere, Tolosan eta Azpeitian esaterako. Garai haietan lehiak banan-banan izaten ziren, eta beraz, harrizulatzaileak laguntzaile batzuekin batera lehiatzen ziren: “Baietz nik zulo sakonagoa egin!” edo “baietz nik barreno gehiago bi minutuan” gisako erronkak botaz. Erronka batetik bestera, zuloen sakontasunetik probaren iraupenera aldatzen zen.


[Tolosako proba zaharra. Justizia Plaza. 1920].

Proba hauen erreferentzia bibliografiko asko daude erregistratuta. 1910eko “El Pueblo Vasco” egunkariak, adibidez, Moncalvillo harrizulatzailea goraipatzen du artikulu batean. Artikulu honetan ikusgai duzue argazki batean Urtuellan 1917an egindako txapelketa bat. Vicente Blasco Ibañez idazleak “El intruso” liburua idatzi zuen 1904an eta han harrizulatzaile proba baten deskribapen literarioa egiten du, azpimarratzea merezi duena. Lehiaren kontakizuna Azpeitian kokatuta dago, eta hango harrizulatzaile baten eta Gallarta aldeko beste baten artekoa kontatzen du.

Hala ere, 1930 urte inguruan, Gerra Zibila baino lehenago, harrizulatzaileen txapelketak desagertu egin ziren. Mailu hidraulikoak eta beste makina batzuk agertu ahala harrobietan eta meatzetan zuloak eskuz egitearen beharra desagertu zen. Horren ondorioz, harrizulatzaileen lana ere desagertu egin zen, eta badirudi izen bereko kirolariei ere gauza bera gertatu zitzaiela.

BERRESKURATZEA

Desagertu ostean, urte asko igaro ziren harik-eta herri honen ondare kultural eta historiko hau berreskuratu arte. Guk saiakera batzuen berri jaso izan dugu. Esaterako, 1978ko maiatzean, Mendaron, Trinidadeko erromerian, eta urte berean, irailean, Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan. Bi erakustaldi horietan gizon heldu batzuek - gaztetan lanbide honetan arituak- azalpenak eman zituzten lana eta kirola uztartzen zituen harrizulatzaileen jardueraren inguruan.

Hogei urte beranduago, 1998ko urriaren 3an, Urtuellako Euskal Jaietan, herriko Autrigoiak Euskara Elkarteak harrizulatzaile txapelketa bat antolatu zuen, gure ondasun historiko hau berreskuratzeko eta euskara suspertzeko asmoz. Gure eskualdeko bi ondasun hauek, euskara eta harrizulatzaileak, berreskuratu eta euren normalizazioaren bidean aurrerapausoak egitea nahi zuten. Euskarak bere urratsak emanak zituen bide honetan. Garaia zen harrizulatzaileek ere, euskararen eskutik, herriaren bizitzan zegokien protagonismoa berreskura zezaten.


[Urtuellako Euskal Jaiak 1998-10-3. Lehen proba 80 urte ostean. Partehartzaileak].

Egun esanguratsu hartan hiru talde lehiatu ziren. Harrizulatzaile gehienak urtuellarrak izan ziren, baina tartean Trapagarango eta Abantoko jendea ere izan zen. Zein taldek 30 minutuan 10 zentimetro sakoneko zulo gehien egiten zituen, harexek irabazi zuen. Garai berri hauetan harrizulatzaile txapeldunak Iñaki Arana, Jorge Mateo eta Jabier Santamaria izan ziren, 4 zulo edo 40 zentimetroko markarekin.

Markina-Xemeinen eta Mendaron gertatu zen bezala, Urtuellako herrian ere benetan pozgarria izan zen harrizulatzaileen proba bat berriz ikusi ahal izatea. Urtuella bezalako herri batentzat, ofizialki 1901ean sortua, oso garrantzitsua izan zen kirol hau berreskuratzea, berau ondare kultural-historikoa eta adinez herria bera baino zaharragoa. Gaur egun, nahiz eta meatzeak ustiapena ez mantendu, bere burdina eta harrizulatzaileak herriaren ikur bihurtu dira eta elementu honek kanpora begira identifikatzen gaitu. Harrizulatzaileek zerikusi handia izan zuten herriaren sorkuntzan, eta gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere, protagonistak izaten jarraitzen dute.

LEHIAKETA MODERNOAK

Zegokion lekua emanez harrizulatzaileen kirolari, eta arestian aipatu legez, Urtuellako lehen proba hark bultzatua, 1999an proba ofizialak eta txapelketak hasi ziren.

Gaur egungo txapelketek 30 minutu irauten dute eta zuloak 10 zm. du sakonera. Denbora horretan zulo gehien egiten dituen taldeak irabazten du. Amaitu gabe geratzen bada azken zuloa, haren zentimetroak ere zenbatzen dira.

Harrizulatzaileak hirunaka, binaka edo banaka aritzen dira. Azken kasu honetan probak 20 minutu irauten du. Talde bakoitzarekin botilero bat egoten da. Honek funtzio bikoitza du. Alde batetik, ura botatzen du zuloetara, eurotan geratzen diren harri koskorrak ateratzeko eta ahal den heinean barrena asko ez berotzeko; beste batetik, harrizulatzaileen txandak antolatzen ditu. Botileroak pentsatzen duenean zuloa eginda dagoela, epaileari deitzen dio neur dezan. Honek zuloa ontzat ematen badu, ziurtatzen badu 10 zentimetro sakonera duela, taldeari zenbatzen zaio.

1999an formatu hori jarraitu zen Harrizulatzaileen I. Ligan. Lehen ekitaldi horretan Arboledako taldea atera zen garaile, batez-beste 6 zulo eta 4 zentimetroko marka eginda. Berarekin batera Gallarta, Urtuella eta Abantoko taldeak aritu ziren lehian.

Urte hartatik hasita, urtero egin da liga eta, pixkanaka-pixkanaka, proban talde ezberdinek hartu dute parte:
1998 Urtuella 7
1999 Abanto 2
1999 Arboleda 6
1999 Gallarta 7
2000 Galdames 5
2000 Kotorrio 1
2002 Trapagaran 4
2004 Aldai-alde 2
2004 Txorierri 2
2005 Sanfuentes 1
2005 Errekatxo 1
2005 Sondika 1

Ligaz gain, ezerezetik bidea osatuta, egun badira harrizulatzaile liga ofizial gehiago. Bata kopa moduko bat da, kanporaketak irabazi behar baitira finalera heltzeko. Kasu honetan probek formatu berdina dute: 30 minutu eta 10 zentimetroko zuloak. Bestea banakakoa da, harrizulatzaileak bakarka lehiatzen dira euren artean. Bere gogortasunagatik azken txapelketa mota hau azpimarratuko genuke. Banakako proba horiek antzinako txapelketekin antz handiagoa dute, eta sufrimendu handikoak dira. Kasu honetan 20 minutu irauten du probak eta zuloak 10 zentimetrokoak dira.

Txapelketekin batera, osagarri moduan eta herri kirola ezagutarazteko, erakustaldiak egiten dira. 1998tik gaur egun arte 100 erakustaldi baino gehiago egin dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Askotan jendea harrituta geratzen da benetan gogorra eta ikusgarria den kirol hau ezagututa. Hainbat eta hainbat pertsona asko pozten dira, konturatuta kirol hau – etxeko zaharrek bakarrik ezagututa – berreskuratu dela. Luzeegia izango litzateke egin diren erakustaldien berri ematea. Adibide gisa hemen zerrendatzen dira zeintzuk erakustaldi egin diren lehen aldiz Bizkaiko Meatzaldetik kanpo:

* 1999: Ondarroa
* 2000: Aulesti, Getxo, Markina-Xemein, Güeñes, Sestao eta Bilbo
* 2001: Arrigorriaga, Mutriku, Portugalete, Balmaseda eta Tolosa
* 2002: Sondika, Erandio,Ugao eta Santurtzi
* 2003: Garai, Arrankudiaga, Zalla, Sopuerta eta Leioa
* 2004: Iruñea, Uharte-Arakil, Mungia, Aramaio, Barakaldo, Derio, Trutzios, Forua, Etxebarria, Gatika, Zeberio, Errespalditza, Arrasate eta Nabarniz


HARRIZULATZAILEEN PROBAK: IKUSKIZUNA ZIURTATUTA

Harrizulatzaile proba bat ikusten dugunean jaso dezakegu lehenengo inpresioa probak oso ikusgarriak direla eta zenbat eta talde gehiago aritu, orduan eta ikusgarriagoa direla da. Harrizulatzaileak ikustea taldeen barrenak etengabe joka harriaren kontra, harrizulatzaileak hasperenka, noizbehinka oihu txikiren batek ihes egiten duela eta kolpearen ondorioz irteten diren ur zipriztinak eta harri solte txikiak hara-honaka,... horiek guztiak zeharo erakargarriak suertatzen dira.

Harrizulatzaileek esfortzu eskerga egiten dute, eta eurentzat oso lagungarri izaten da ikusleen animuak jasotzea intentsitateari eusteko. Hori ziurtatzeko, eta probari emozio gehiago emateko, normalean apustu txiki batzuk egiten dira. Hiru galdera asmatu behar izaten dira: nork irabaziko duen proba, zenbat zulo osorik egingo dituen talde irabazleak eta, azken galdera, osatu gabeko azken zuloak zenbat zentimetro izango dituen. Galdera horiek asmatzen dituenak, edo pasa barik gehien hurbiltzen denak, batzen den diru guztia eramaten du sari. Apustuak beti egon dira lotuta herri kirolarekin, eta harrizulatzaileekin ere horrela gertatzen da, bai lehen eta baita orain. Hala ere, jokatzen den dirua ez da asko, apustu bakoitzak euro bat balio baitu eta, beraz, proba batean gehien batu den diru kopurua ez da oso altua izaten.


[Trapagarango proba. 2002].

Ez da gauza erraza harria zulatzea, are gutxiago hogeita hamar minutuan. Hasiera batean badirudi indarra besterik ez dela behar, baina ez da hori bakarrik, erresistentzia fisikoa eta teknika egokia ere ezinbestekoak dira.

Zuloak egiteko teknika behar da, eta hau lortzen da proba aurretiko entrenamenduetan. Kolpe bakoitzeko buelta txiki bat eman behar zaio barrenari. Horrela lortuko dugu zuloa borobila egitea, bestela ezin izango genuke sakontasunik lortu, barrena zuloan geratuko bailitzake ez atzera ez aurrera.

Barrena ahalik eta altuen altxatu behar da eta, zenbat eta distantzia gehiago egon barrena eta harriaren artean, orduan eta abiadura handiagoko kolpea ematen da. Beso luzeak izateak altuera hartzen laguntzen du. Batzuek oin puntetan ere jartzen dira edota jauzi txiki bat egiten dute. Bizkarra okertu gabe eutsi, barrena zuzen jaitsi eta horratx kolpea. Justu une hauxe da garrantzitsuena. Barrenak harria jotzen duenean, gogor eutsi behar zaio kolpeari. Harriari ahalik eta min gehien egin behar zaio, izan ere, azken momentu hori, biolentzia handikoa, ondo kontrolatzen badugu, etekin handia aterako diogu gure esfortzuari, eta kolpe gutxiagorekin zuloa arinago egingo dugu. Eta ez ahaztu, kolpea eta indarra mantendu behar direla probak irauten duen minutu guztietan.

Esfortzua dosifikatu behar da, erritmo azkarra eta intentsitatea proba osoan zehar mantentzeko. Horren erantzukizuna botileroak du. Berak antolatzen du taldea. Probaren hasieran harrizulatzaile bati gehiago eskatzen dio, bere txanda luzatuz eta besteak baino kolpe gehiago emanaraziz. Proba aurrera joan ahala, beste bati luzatuko dio txanda, baina beti ere amaieran fresko arituko den harrizulatzaile bat erreserbatuta. Askotan proba hasi aurretik taldeak adostuko du nola egin antolaketa hori.

ERRONKA BERRIAK


[Urtuellako harrizulatzaileak Arboledako proban. 1999].

Gaur egun harrizulatzaileen kirola berreskuratuta dagoela esan dezakegun arren, beste kontu asko ere falta dira hobetzeko edo indartzeko.

Lehena, zalantza barik, harrizulatzaileen jarduera leku gehiagotara zabaldu beharra. Egun ia talde guztiak Bizkaian daude (Gipuzkoan aurten hasiko da talde bat) eta egiten diren proba gehienak herrialde honetan izaten dira. Talde berriak agertzea seinale ona izango litzateke, eta are gehiago orain arte harrizulatzaileak aritu ez diren lekuetan izango balitz. Azken honek kirolaren hedapena ekarriko luke.

Bigarren erronka, kirola ofizialki normalizatzea eta arautzea izango da. Ardura hau batez ere, lurralde bakoitzeko Herri Kirol Federazioaren esku dago, eta batez ere Bizkaikoaren esku. Hauei dagokie, erakunde publikoak bezala, berreskuratutako herri kirol honen probak arautzea eta erregistratzea. Ardura hau epaile federatuek egin beharko lukete, beste herri kirol guztietan egiten den bezala, eta erreleboa hartu orain arte sakrifizio handiz laguntzaile anonimoek eta boluntarioek egindako lanari. Ez da hau Federazioek egin beharko luketen lan bakarra, horretaz gain jarduera sustatu eta hedatu egin beharko lukete. Orain arte Federazioek, erakustaldi batzuetan parte hartzeko gonbitea emateaz gain, ez dute beste apartekorik egin harrizulatzaileen herri kirola bultzatzeko.

Kirol honen etorkizuna bermatzeko eta gaur arte egindako bideari eusteko, hirugarren helburua izango litzateke harrizulatzaile berriak lortzea jende gaztearen artean. Kirol baten sendotasuna ez dago soilik dauden fitxen kopuruaren baitan, kontuan hartu behar da, halaber, aritzen diren kirolarien batezbesteko adina. Gure kasuan, gaurko egunez, aritzen diren harrizulatzaileak kirolari helduak dira, eta, agian, jende gazte gehiago erakartzea falta zaigu.

Artikulu honetan ikusi dugun bezala, bide luzea egin da galduta zegoen harrizulatzaileen herri kirola berreskuratzeko. Lorpen honetan zerikusia duten pertsonen zerrenda oso luzea da. Agian, harrizulatzaileak izan dira guzti honetan protagonistak, eta era berean gehien sufritu dutenak helburu hau lortzeko. Hala ere, edozein jardueratan bezala, badira anonimatuan egundoko lana egin duten beste hainbat eta hainbat pertsona, besteak beste: botileroak, epaileak, antolatzaileak, laguntzaileak, jarraitzaileak,... hauen guztien ekarpena premiazkoa izan da. Gure babesle eta gure erakunde lokalak ere ezin ditugu ahaztu, batez ere Abanto, Trapagarango eta Urtuellako Udalak. Euren laguntza barik ezinezkoa izango bailitzateke gaur artikulu honetan deskribatu dugun errealitatea egia izatea. Guztioi, bihotz bihotzez, eskerrik asko!

BIBLIOGRAFIA:

“Juegos y deportes vascos”. Rafael Aguirre Franco. Enciclopedia general ilustrada del País Vasco. Edit. Auñamendi

“El intruso”. Vicente Blasco Ibañéz. Ediciones de Librería San Antonio. Barakaldo, 1999.

“Valle de Trapaga. Apuntes de su historia hasta 1900”. Larrañeta Alpino Club, 1993

“Concejo de Ortuella. Crónicas de su evolución hasta 1937”. Luis Manuel Maqueda Mata, Juan Ignacio Rodriguéz Camarero, Jose Rodriguéz Andrés eta Maire Rodriguéz Quintana. Ed. Ayuntamiento de Ortuella y Departamento de Transportes de la Diputación Foral de Bizkaia. Bilbao, 1995

“El Pueblo Vasco” egunkaria. 1910.

2005-08-01

Kartelak hormetan


Manexek kartel dotore askoak egin ditu aurtengo ekitaldiak iragartzeko, eta dagoeneko ikus daitezke herriko hormetan, baita trenbidearen beste aldean ere.
Hauek dira, zehazki, mus txapelketari, kontzertuei, kamisetei eta herri bazkariari dagozkien kartelak.
Norbaitek tamaina handiagoan behar izanez gero, beste herri edo auzoren batean jartzeko, eska ditzala lasai.



"Barkatu, zer da SKAPA?"


[Gero eta herritar gehiago ikusten da aurtengo festetako kamisetak jantzita. Atzo, haur hauek gustura ageri ziren, kamiseta berri-berriak soinean zituztela].

Asteburu honetan jarri dute lehen aldiz festetako elastikoak eta herri bazkarirako txartelak saltzeko mahaia. Larunbatean Azken Portuko bidegorrian, eta atzo, Getaria-Zarautz igeri zeharkaldia zela aprobetxatuz, Munoan. Bietan, hainbat jende inguratu zen mahaira, eta komisioko kideek behin eta berriro erantzun behar izan zuten galdera: "Barkatu, zer da SKAPA?".
Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde entzun orduko, zalantzak alde batera utzi eta kamiseta batekin edo gehiagorekin alde egiten zuen jendeak. Atzo, esaterako, izan zen haurrekin hurbildu eta familia osoarentzat hamar kamiseta eta abuztuaren 12ko herri bazkarirako hainbat txartel erosi zuenik ere.
Oraindik kamisetarik erosi ez duenak, hurrengo asteburuan izango du berriro ere horiek eskuratzeko aukera, Azken Portun bertan.

[Hori dek hori lan egitea!!!]

["Festei buruzko blogerako argazki bat?", eta emakumearen erantzuna: "Bai, bai, lasai... Gazteen ondoan ni beti gustura!"].