2005-09-14
Ispiluekin zirika
Gazte denboran lehen aldiz irakurri nuenetik, beti izan dut gustukoa merkatari aberatsaren morroiaren ipuina. Bagdadeko azokan Heriotza ikusi, eta izututa egin zuen ihes Ispahanera, Heriotzak amenazuzko keinu bat egin ziolakoan. Heriotzarena, ordea, harridurazko keinua omen zen, eta ez amenazuzkoa, harritu egin baitzen merkatari aberatsaren morroia Bagdadeko azokan ikusteaz, Ispahandik hain urrun, gau hartan Ispahanen hartu behar zuelako morroia.
Henry Bengoaren koadernoko laugarren orrialdean ipuin horri buruz irakurritako komentarioa ere ipuina bera bezain zorrotza da, eta fatalitatearen aurka borroka gaitezkeela dio. Ispahango kaleetan, ezkutatu ahal izateko bateko eta besteko ateak joka ibili ondoren, Kalbum Dahabin izeneko ispilu egileak zabaldu zion atea morroiari. Haren dendara iritsi zenean, Heriotzak aukeratu behar izan zuen, morroi bakar bat beharrean, bost, zazpi, hamar morroi berdin ikusten zituelako, benetakoa zein zen jakin gabe.
Antzera irudikatu dut azken egunotan izeko. Heriotzari aurre egin eta fatalitatearen aurka borroka egin zuen behin, oraindik haurrak ginenean. Adore berarekin jardun zuen gazteagoak ginenean, eta orain ere, hirugarren aldiz, ispiluekin zirika aritu zaio Heriotzari, alaba ezkondu eta eztei-bidaiatik itzuli den arte. Orduan soilik utzi dio nahi duena egiten, eta honek, errukirik gabe, atzo goizaldean eraman zuen izeko. Baina atzo eta gaur beilatokian haren aurpegi zurbilari begira jarrita, zehatz kalkulatutakoa lortu duenaren irribarre egoskorra sumatzen diot oraindik.

Adiorik ez, izeko. Maite zaitugu!
2005-09-08
Euskal Jai eguna, bihar

Bihar da Euskal Jai Eguna. Zarauztarrek eta kanpotik etortzen direnek, aurten ere, festarako eta aldarrikapenerako hainbat aukera izango dute bihar.
Ondo pasatu!!!
IRAILAK 9, BIHAR, EUSKAL JAI EGUNA
Zarauzko Udalak —Turismo bulegoaren eskutik— eta Gurekin Jai Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurten ere Euskal Jai egunerako. Goizean goizetik hasi eta bihar goizaldera arte, nahi duenak, izango du festarako aukerarik.
Hauek dira egitarauak:
GUREKIN JAI BATZORDEA:
· 11:00. Txosnak irekiko dituzte.
· 13:00. Sagardoari nork txinparta hobea atera,
II. Lehiaketa Txosnetan eta Txapel Jaurtiketako I. Txapelketa.
· 18:30. Dantza eta Irrintzi Txapelketa txosna gunean.
· 20:00. Manifestazioa abiatuko da Musika Plazatik: Orain herria, orain bakea lelopean.
· 20:30. Trikitake eta The Solano’s taldeekin goizaldera arte parranda txosna gunean.
ZARAUZKO UDALA, TURISMO BULEGOA:
· 07:00. Goiz eresia.
Aldi berean. Goiztarrak taldearen irteera.
· 08:30. Txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak
eta Iturengo ttuntturroak irtengo dira.
· 10:30. Herri meza izango da frantziskotarren elizan.
Ondoren. Frontoi txikian, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri kirolak
eta bertsolariak.
· 11:30. Alproja taldearen irteera. Azpeiti bidean, Kale Nagusian, Musika Plazan, Azara Kalean, Nafarroa Kalean ibiliko dira Munoan amaitzeko.
· 12:00. Munoan, Alproja taldearen antzezlana: Kupidoren gezi eroa.
· 12:30. Parrokiatik karrozak aterako dira, Kale Nagusian barrena ibili eta Torre Luzearen parean geldituko dira.
· Eguerdian. Musika Plazan erromeria trikitilariekin, dultzaineroekin eta txistulariekin.
· 14:00. Musika Plazan Larraindantza herrikoia dultzaineroekin.
· 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, karroza, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
· Ondoren. Iñurritzako zelaian erromeria.
· 19:15. Iñurritzan Larraindantza herrikoia dultzaineroekin.
· 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
· 23:00. Musika Plazan erromeria izango da trikitilariekin.
· Gauean. Txosna gunean dantzaldia izango da Trikitake
eta The Solano’s taldeekin.
2005-09-07
Ogra Shinn Fein
Gaurko Urola Kostako HITZAn irakur daitekeenez, Irlandako Sinn Fein alderdi errepublikarreko gazte erakundeko kideen hitzaldia izango da gaur Zarautzen. Honakoa da HITZAk dakarren berria:

"Euskal Herritik mundura, mundutik Euskal Herrira" lelopean, Ógra Shinn Fein erakundeko kideek hitzaldia emango dute gaur arratsaldeko 19:30ean, Antoniano aretoan. Segi gazte erakundeak antolatu du Irlandako Sinn Fein alderdi errepublikarraren gazteak biltzen dituen erakundeko kideen hitzaldia. Hizlariek, besteak beste, Irlandako bake prozesua izango dute hizpide, ingelesez, eta itzultzailea ere izango da entzuleentzat.
2005-09-06
Leihoa debekuen gainean

"Preso politiko uruguaitarrek ezin dute baimenik gabe hitz egin, txistua jo, irribarre egin, abestu, azkar ibili eta beste preso bat agurtu. Ezin dituzte margotu, ezta jaso ere, emakume haurdunen, bikoteen, tximeleten, izarren eta txorien marrazkiak.
Didasko Perezek, eskolako maisuak, torturatua eta ideia ideologikoak izateagatik preso dagoenak, igande batean bost urteko Milay bere alabaren bisita du. Alabak txorien marrazki bat dakarkio. Zentsoreek kartzelaren sarreran hausten diote.
Hurrengo igandean, Milayk zuhaitzen marrazki bat dakarkio. Zuhaitzak ez daude debekatuak eta marrazkiak aurrera egiten du. Didaskok lana goraipatzen dio eta zuhaitzen hostoetan agertzen diren koloretako zirkuluetaz galdegiten, arramen arteko zirkulu txiki ugari horietaz:
—Laranjak al dira? Zer fruta dira?
Haurrak isilarazi egiten du.
—Ssssshhhh.
Eta sekretuan azaltzen dio:
—Babua, Ez al duzu ikusten begiak direla? Izkutaturik ekarri dizkizudan txorien begiak".
[Testua: Eduardo Galeano. Itzulpena: Vladimir, 6. alea. 1998ko apirila].
2005-09-04
XAKELA ASANBLADA sortu eta aurkeztu dute
Atzo arratsaldean, Herri Bazkariaren osteko ekitaldian, zenbait gaztek, txotxongiloen bidez, Musika Plazan XAKELA ASANBLADA berria aurkeztu zuten plazan bildutako ehunka eta ehunka lagunen aurrean.
Gazteek, gaztetxe baten beharra nabarmendu, eta horren alde lan egin beharra aipatu zuten.
Gauean ere, Tapia eta Leturiaren kontzertuan, oholtzara igo eta musikariek lagunduta, gaztetxearen aldeko abestia kantatu zuten hainbat lagunen artean.

[Argazkia, larunbat gauekoa: txosna gunean, Tapia eta Leturiarekin batera, Xakela Asanblada aurkeztu gaztetxearen alde abestu zuten gazteek. Honako hau, berriz, Herri Bazkarian mahaietan banatu zuten aurkezpen testua da]:
"Aupa lagun!
Aspaldian kalean ibili bazara, konturatuko zinen gazteok mugimendu eder bat osatu dugula; kaleko giroa berotu egin dela. Antzerkiak direla, parodiak ikusten direla, zineak, denborapasa eta jokoak, kartelak, pankartak… Presentzia nabarmena izan da, gure beharra ere halakoxea delako; espazio fisiko bat behar dugu, geure erara gestionatutako leku bat, non gure kezka eta aldarrikapenak aurrera eramango ditugun.
Gu kalean egotearen eta kalean gauzak egin beharraren erantzule nagusia Udala eta gazteokiko duen politika izan dira. Zarauzko gazteak garen heinean, bertako agintariak dira arazo honi irtenbidea eman beharko lioketenak. Baina Udal honen pasibitatearen aurrean ez gara geldirik egon, eta ez gara egongo. Honela, gaurko honetan gazteontzako eta Zarauzko herriarentzat leku fisiko bat aldarrikatzera gatoz, eta honekin batera espazio hori lortu nahi duen XAKELA ASANBLADA aurkeztera.
XAKELA gaztetxe baten bila dabil, gure herriak ere espazio fisiko libre eta autogestionatu bat behar duelako; non bertan bilduko garenon artean harremanak sakonduko ditugun, pertsona bezala formatuko garen, aisialdia geure erara antolatuko dugularik, sistema honek inposatzen dizkigun balore kapitalistei gure erantzuna emanez.
XAKELA ASANBLADAk bilatu eta proposatzen duen zarauztarron elkargune hori asanblearioa eta parte hartzailea izango litzateke, guztiok hitza izango genukeelarik eta guztion hitza errespetatuz. Inongo bazterketarik egin gabe sexu, arraza eta adin “ezberdinekoen” artean.
Beraz, ematen ez digutena denon artean lor dezagun, parte hartzera animatzen zaituztegu, bai egingo diren ekimenetan bai asanbladan ere. Herriak behar duelako, gaztetxea aurrera!!!
Xakela Asanblada".
2005-09-01
Okupazioaren Aldeko Festa antolatu dute irailaren 10erako

[Oharrarekin batera honako kartela ere helarazi dute hedabideetara eta beste hainbat lekutara.
Orain arte Zarautzen ezezaguna zen Xakela Asanbladak jakinarazi duenez, Okupaziaren Aldeko Festa izango da irailaren 10ean Zarautzen.
Hedabideei helarazitako oharraren arabera, abian da "ZAGA 10 urtez" cd bilduma, "bertan zarautz herriko hainbat taldek parte hartu degu gurea ez den estilo bateko kantak joz!!! Irailaren 10ean munoa plaza okupatuko degu disko honen aurkezpena egiteko. Bertan OKUPAZIOAREN ALDEKO FESTA egingo dugu, eta cd bilduman parte hartu duten taldeen kontzertua egongo da, eta honez gain sekulako jai giroa, malabarak, musika, txupito festa, zerbeza, ura, eta kiston festa!!! hasi prestatzen, egun horretan erakutsi behar diogu udalari nor garen!!! Mesedez animatu danok etortzera!!!!
*ASKO ESKERTUKO GENUKE HEMEN DAUKAZUEN KARTEL HAU ZUEN HERRI ETA INGURUETAN PEGATU ETA ZABALTZEN LAGUNDUKO BAZENIGUKETE!! MILA ESKER".
Badator
www.gaztesarea.net webgunean irakur daitekeenez, "Zarauzko gazteek gaztetxea badatorrela iragarri dute".

[Abuztuan Bizikleta Martxa Berdea egin zuten gazteek, BADATOR iragartzeko].
Gaztesarearen arabera, "Zarauzko gazteak martxan dira dagoeneko gaztetxe berria lortzeko bidean. Azpeitiko gazteen eredua hartuta gune liberatua eta autogestionatua lortzeko dutela eman dute jakitera".
Hori osatze aldera, "Zarauzko gazteen oharra" delakoa ere irakur daiteke:
"Guztiok poztu gara Azpeitiko gazteek duela gutxi, urteetako borrokaren ondorioz, ederki merezitako Gaztetxea lortu dutela jakin dugunean. Izan ere, gazteok elkartu, gure arazoez hitz egin, konponbideak gauzatu eta ekimenak egiteko espazio fisiko baten beharra logikoa da edozein talde edo kolektiborentzat.
Zarautzen, ordea, ez dugu horrelako lekurik eta behar larria ikusten dugu.
Beraz esan Zarauzko eta inguruko gazteei zarautzen ere badatorrela!!!
Adi beraz gazteok eta esnatu!".
Do The Croket blogean (www.fotolog.net/erantzun) atzo agertutako testuan irakur daitekeenez, bestalde, girorik ez da faltako Euskal Jai hauetan Zarautzen: "Bueno ba zarautzen ya txosnak eta jartzen ai dia eta cd rekopilatoyua ere martxan dijua!!! Hasi prestatzen egun hauetan Zarautzek sua hartuko du eta!! Preparatzen hasi 9 eta 10eako!!!".
Herenegun ere, antzekorik irakur zitekeen blog berean: "Bueno ta pixkanaka gogoratzen hasten naiz irailak 10ian Zarautzen kiston festa eongo dala. Herriko plaza bat okupatuko deu eta kontzertuak eta mila sorpresa izango dia!!! Asi planak iten!!!".
Zehazki, irailaren 10erako Munoan gazteek antolatu duten Okupazioaren Aldeko Festa dute hizpide hitz horietan.
Herriko hainbat tabernetan ikus daitezkeen kartelek iragartzen dutenez, larunbatean, irailaren 10ean, gauean, Okupazioaren Aldeko Festa antolatu dute, eta herriko hainbat talde entzuteko eta ikusteko aukera izango da.
Saiatuko gara kontu honi buruzko informazio ahalik eta zehatzena ematen hurrengo egunotan.

