Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-10-29

Halloween: beldurrezko ipuin eta istorioen gaua


Halloween gaua da gaur.
Beti izan dut gustukoa "gezurretazko beldurra", beldurra beti benetakoa dela jakin arren.
Beldurrezko filmen eta istorioen jarraitzaile sutsua naiz, eta areago kateatzen nauten beldurrarekin batera misterioa ere baduten istorio lazgarri horiek.
Asko eta asko, Halloween gauaren inguruan ematen dituzte telebistan, eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea ere data honen inguruan izaten da urtero.
Gringoen eraginak zabaldu du ziurrenik Halloween gauaren kontu hau mundura, nahiz eta gurean oraindik erabat kutsatu gabeak gaudela dirudien. Miarritzen, Baionan... eta, oro har, Iparraldean errotuagoa dute Halloween gaua ospatzea, baina Hego Euskal Herrira ez da hainbeste zabaldu sukarra.
Dena dela, izaten da antzeko ekitaldirik. Mutrikun, esaterako, Gaba Beltza gaua ospatuko dute, baina ez Halloween gauaren itzalpean, "bertako ohiturak berritzeko" baizik, "Xesperoen kontra, arima erratuen alde". Hasieran egun bakarreko jaia zena handitu egin zuten, eta gaur egun asteburu luzea hartzen du. Gaztetxea izango da bilgune nagusia.
Zarautzen, berriz, Xakela Gaztetxe Asanbladak "beldurrezko ipuinen eta istorioen gaua" antolatu du gaurko.
Musika Plazan bilduko dira gazteak gaur.
Bihar, berriz...
Bihar beste kontu bat izango da.
Ehunka herritarrei kutsatu digute gazteek amets egiteko gogoa.
Amets egin, sortu, ikasi, antolatu eta bizitzari elkarrekin begiratzeko leku fisiko baten beharra aldarrikatzen ari dira azken asteotan, eta eredu parte-hartzaile, asanbleario eta autogestionatua bultzatzen dute horretarako.
Udalak, jakina, ez du ezer jakin nahi horretaz.
Eta gazteak oso urrun daude, gaude, udalen kultura subentzionatu horretatik. Patetikotasuna eta duintasuna zailak dira uztartzen.
Horregatik, azken urteotan ez bezala, lanerako, laguntzeko, zutitzeko gogotsu gabiltza.
Borroka galduetatik gatoz, eta traidoreen gezurrezko bakea baino ez dugu ezagutu.
Ametsak debekatu nahi dizkigutenen aurrean, ametseneak eraitsi nahi dizkigutenen begietan, ez dugu zalantza izpirik egingo.
Bihar ere argituko du egunak.
Eta izugarria izango da.
Ikusiko duzue. Edo kontatuko dizuegu.

2005-10-27

Beste lurrikara bat Itoitz inguruan

Gaurko BERRIAk dakar albistea:

"Azken egunotan hiru lurrikara gertatu dira Itoizko urtegiaren inguruan. Hirurak, urtegia berriz betetzen hasi ondoren. Azken mugimendua atzo gertatu zen, Nagore herritik kilometro batera, urtegian bertan. Hau da, ura pilatzen ari den eremuan izan du azken lurrikara horrek epizentroa, Itoizko Koordinakundeak ezagutarazi duenez.
Espainiako Geografia Institutuak jaso du mugimendu horren berri. 0,7 gradukoa izan da. 2,8koa izan da azken egunotako lurrikararik handiena. Erron gertatu zen, joan den astelehenean.Udan hamaika lurrikara gertatu dira Itoizko urtegian. Ekainaz geroztik nabarmen areagotu direla azpimarratu du Itoizko Koordinakundeak behin eta berriz. Urtegiko ura 561 metroko mailatik 536kora jaisten hasi ziren orduan, eta mugimenduen kopuruak gora egin zuen.Orain, berriz, 561 metroko mailara igotzen hasi da ura Itoitzen, urtegia betetzeko lanetan hala aurreikusten baitute. Urtegia berriz betetzen hasi direnetik lurrikarak ez dira eten, eta joan den igandetik jada hiru gertatu dira. Azkenak urtegian bertan izan du epizentroa".

2005-10-26

Ametsak ezin dira hustu!!!


Egiako Ametsenea gaztetxea hustu dute gaur goizean, eta hondeamakinek eraikina botatzeari ekin diote.
Berriro ere irudi ezagunak: Itoitz, Artozki, Nagore, Orbaitz, Muniain, Euskal Jai, Kukutza edota Sorgintxulon bezala, kolore bateko edo besteko amets zapaltzaileek, indarra erabiliz ameslekuak hustu, eta hondeamakinei bidea egin diete.
Palestinan bezala. Berdin zaie lotsaren harresiak eraikitzea. Lotsarik izango al dute, ordea? Lasai egingo al dute lo gaur gauean? Bikotea laztantzeko samurtasunik izango dute? Nola begiratuko diete haurrei begietara? Gizakiak al dira?
Betiko galderak, eta amorrua.
Sua barruan.
Bihotza taupaka.
Eta ezin ezer egin.
Berriro ere malkoei eutsi eta amets egiteko gogoa.
Badakigu.
Ezingo dute amets egitea debekatu.
Ezingo dituzte putzu guztiak hustu.
Eta isildu eta desagerrarazi nahi bagaituzte ere, putzuetan beti izango dira xakelak.
Beste nonbait izango da, baina bihar ere argituko du egunak.

2005-10-25

Amets egin


[Argazkia: gazteak Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen teilatuan, 2004ko abuztuan].

Azkoitiko Matadeixeko kideen gutuna dakar gaur Urola Kostako HITZAk, Azkoitiko Udalari erantzunez: “Ez dakigu konturatzen zareten, baina garai batean Matadeixen gisako lekuak husteko eta botatzeko goitik erabiltzen ziren arrazoiak ziren: droga, zikinkeria, gazteak alferrik galtzea, zarata… Hau da, ustez gauza txarrak jartzen ziren arrazoitzat”.
Orain, ordea, bizitokiak egiteko arrazoiarekin husten eta bidaltzen dituzte eraikin zehatzei bizia ematen dioten gazteak eraikin horietatik. Arrazoi dute Matadeixeko lagunek: udalek, orain, ez dute droga, zikinkeria edota zarata aipatzen. Zarauzko gazteei, herritar guztientzat igandero herriko frontoi batean zine foruma antolatzeagatik isunekin egin diete mehatxu. Ez omen dute baimenik eskatzen, eta argindarra denok ordaintzen dugun farola publiko batetik hartzen omen dute. Hori delitua! Beste inork antolatzen ez duena antolatzea, denontzat. Zalantzarik gabe, Matadeixeko kideek dioten moduan, “honek ez dauka zerikusirik zuen kultura aseptiko horrekin, dirua mugitzen duen espektakuluaren mundu horrekin”.
Hau beste zerbait da. Oraindik ere, bada amets egin, sortu, ikasi eta antolatzeko gogoa duen lagunik.
Eta Itoitz, Artozki, Euskal Jai, Kukutza, Sorgintxulo eta gainerako bihotz guztiak gogoan, taupaka jarraitzeko gogotsu gabiltza gainera.

2005-10-24

Leiho irekia komisioarentzat [3]:



Hau da SKAPAko komisioko kide batek bidali duen mezua...
"Zabaldu komisiokoentzako leiho bat. Gai asko daude: banderitak kentzeke,
bertsolariak ordaintzeke, herri kiroletako taldeak antolatzeko deialdia eta
beste kontu batzuk... Bakoitzak lekarkeena".

Beraz, egin beharko da bileraren bat... edota hemendik kontu batzuk argitu.

Besarkadak denoi!

2005-10-19

Auzoen arteko herri kirol erronka antolatu nahi du Xakelak


XAKELA Gaztetxe Asanbladatik jakinarazi dutenez, udazken honetarako hainbat ekitaldi antolatzen ari dira, eta datorren astean emango dute horien guztien berri.
Tartean, besteak beste, azaroaren 5erako antolatu nahi duten herri kirol erronka berezia dago.
Izan ere, Zarauzko auzoen arteko erronka izatea nahi dute: SKAPA, Vista Alegre, Santa Marina, Mutil Ardo...
Batzuekin eta besteekin hitz egin eta hitzordua finkatzea falta da, baina ideia aurrera doa, eta Zarautzen inoiz ikusi gabeko auzoen arteko erronka polita izango da azaroaren 5ekoa.

[Argazkia: herri kirol jaialdia Iñurritzan, aurtengo sanpelaioetan]

2005-10-18

Sukaldaritza: maria bizkotxoa

Aurtengo uzta jasota eta lehortuta izango duzue dagoeneko gehienok.
Bada, belarrari probetxu ederra ateratzeko errezeta bat doakizue gaurkoan...


Osagaiak (6-8 lagunentzat):
Marihuana (6-8 porro egiteko adina), 3 arrautza, jogurt 1 (limoizkoa, kokozkoa, marrubizkoa... gustuaren arabera), jogurt potoa bete azukre, jogurt potoa bete irin, jogurt poto erdia oliba-olio, legamia, azukrea eta txokolatea egiteko kakaoa edota cola-cao antzeko zerbait.

Ontzi batean, belar guztia xehetu behar da lehenik, txiki-txiki eginda geratu arte. Ondoren, ontzira gehitu hiru arrautza, jogurta, azukrea, irina, olioa, legamia eta kakaoa, limoi-azal tira batekin batera, eta guztia oso ongi nahastu ontzian.
Prestatu molde bat gurinarekin, eta bertara bota otzian prestatu dugun orea. Sartu labean 160-170 gradutara, 25-30 minutuz, eta tarteka begiratu ea eginda dagoen, beti ere erre ez dadin zainduz.

Atera, hozten utzi, eta KONTUZ JAN!!!!
Izan ere, oso goxoa da, baina katu ederra harrapa daiteke kontuz ibili ezean!

2005-10-17

Zarauzko Gaztetxearen alde


Xakela Gaztetxe Asanbladak batzar irekia egin zuen larunbat arratsaldean, eta 60 lagun inguru elkartu ziren batzarrean.
Orain, Gaztetxearen aldeko atxikimendu bilketa zabaltzeari ekin dio, eta hau da ezagutarazi duten testua.

Atxikimenduak: xakela@gaztesarea.net


ZARAUTZ GAZTELU BELTZA

"Oskola balitz bezala inguratzen zuen putzuak gaztelua, alderik alde.
Enperadoreak eta haren menekoek harro erakusten zizkieten bisitariei harresi handien barnean sortu eta antolatu zituzten eraikinak eta ikuskizunak, harresien handitasunak, nolabait, denborarekin gaztelua kartzela bihurtu zuela ohartu gabe.
Baimenik gabe ezin zen ezer egin gaztelu handi bezain eder hartan. Baimenik gabe iristen ziren bisitariengandik eta mundu arrotzetik babesteko agindu zuen enperadoreak gaztelua inguratuko zuen putzu handia sortzea, eta zazpi ilargi eta zazpi gau eman zituzten langileek egiteko hartan, harik eta gaztelua erabat besarkatzen zuten beso urtsuak agerraraztea lortu zuten arte.
Gaztelu ederra arrotzen eta etsaien eskuetatik urrunduko zuen putzu ilun eta zabala sortu zuten langileek, eta enperadoreak, gustura, debekatu egin zuen putzua baimenik gabe zeharkatu eta edonor gaztelura sartzea.
Ilargiak joan eta ilargiak etorri, ordea, putzua bizitza hartzen hasi zen. Egonean egon behar horretan, denborak, adiskideak deitzen deitu egunak eta gauak alaiagoak izan daitezen, eta ohartzerako bete zen putzua arrain gorriekin, tximeleta alaiekin eta xakel kantariekin. Eta ilargi berri asko iritsi aurretik bihurtu ziren putzuaren inguruan sortutako kontuak eta xakelen kantuak gaztelu hartako taupada koloretsuenak.
Kantu eta taupada haiek, gainera, etenik gabe entzuten ziren gazteluan, gau eta egun, eta gela altuenetaraino iritsita, enperadorearen loa ere galarazten zuten. Eta bisitariek eta arrotzek gustura ikusi eta entzuten zutena madarikatzen zuen enperadoreak, behin eta berriz, ibili ere baimendutako lekuetatik egin behar zen gaztelu hartan hura baitzen bere baimenik gabe egiten zen bakarra. Gaztelu barruan, urrearekin ordaintzen zituen bufoien, magoen, ipuin kontalarien eta dantzarien emanaldiak, baina herritarrek nahiago zituzten putzuan sortutako ekimenak eta xakelen kantuak. Askatasunak sortutakoak ziren, eta ez zen kolore haien bizitasuna ordaintzeko urrerik.
Horregatik, haserre, putzua hustea erabaki zuen, eta bertan bizi zirenak makilatzea. Zaldi gainean Armada Beltza bidali zuen lan hura egitera, eta soldaduak gogotsu aritu ziren egiteko hartan. Behin putzua hustuta, arrain gorriak hil zituzten, tximeletak ihesera behartu, eta xakelak makiladaka hartu zituzten. Bertan akabatu zituzten batzuk, asko betiko isildu ziren, zigorraren beldurrez, eta beste asko, makilekin behin eta berriro egurtu ondoren, apo bihurtu ziren, korroka beldurgarrian, gero eta mingotsago ahotsa aldatzeraino. Eta enperadorearen zaldirik onenek ere negar egin omen zuten.
Baina hurrengo ilargiak lasai eman zituen enperadoreak, gonbidatuei gaztelua erakutsiz eta urrearekin ordaindutako ekitaldi arranditsuak antolatuz. Gaztelua, ordea, putzutik iristen zen bizitasunik eta xakelen kanturik gabe, gero eta hutsagoa eta ilunagoa ageri zen, kolorerik gabe. Isiltasunak hartu zituen inguruak, eta gauero loak lasai hartzen zuen enperadorea.
Ilargiak pasatzen ziren, eta bazirudien ez zela ezer pasatzen, baina denbora aspertuta zegoen isiltasun harekin, eta hainbat ilgora eta gero, euriaren laguntzarekin, berriro bete zuen putzua. Euriak eta denborak arrainak, tximeletak eta xakelak ekarri zituzten berriro uretara, eta koloreek eta kantuek inguratu zuten berriro ere gainontzean gero eta ilunagoa ageri zen gaztelua.
Abesti, kolore eta alaitasun eztanda hark kutsatuta, gazteluan bizi ziren bufoiek, magoek, ipuin kontalariek, dantzariek, zaldiek eta gorteko beste hainbat herritarrek, oraingoan putzua eta bertako lagunak bakean uzteko eskatu zioten enperadoreari. Izan ere, baimenik gabeak izan arren, kolore haiek guztiak eta xakelen kantuak ziren benetan gazteluaren taupada aske bakarrak.
Guk ere, gazteluen ate zabalak edonorentzat zubi bihurtuta ikusi nahi ditugunok, harresietan sinesten ez dugunok, honen bidez, putzuak bakean uzteko eskatzen diogu enperadoreari, eta erasoen aurrean xakelak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu, putzu, gaztelu eta erresuma guztietan kolore guztiek lekua izan dezaten".

ATXIKIMENDUAK: xakela@gaztesarea.net

2005-10-14

Zarauzko musika taldeen idatzia, Gaztetxearen alde


Denontzat jakina da, Zarautzen hainbat eta hainbat musika talde daudela. Baina ba al daki inork kontzertuak emateko aretorik edo entsegu lokalik dagoen? Zarauzko herrian, denok edo ia denok dakigu udaletxeak kulturarekiko duen jarrera eta politika. Uda partean, gure “herriarentzat” hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Esaterako, abuztu partean ospatzen den Jazz mintegia edo aurten malekoian egon diren kontzertuak. Baina iraila amaitzen denean eta herri hau bixitaririk gabe geratzen denean, ekintza hauek ezerezean geratzen dira edo ospakizun berezietan bakarrik suertatzen dira(kuadrila eguna, ihauteriak, herriko festak eta nola ez, igandero Musika Plazan egoten diren taldeak). Modu honetan, Zarauztarrak garen taldeei ia ezinezkoa egiten zaigu gure herrian, gure lagun eta ezagunen artean jotzea.

Berdin gertatzen da entsegu lokalekin. Ez dakienarentzat esan beharra dugu Vistalegreko auzoan, Udaletxeak alikilatutako 3 entsegu lokaletan 20 taldek entsaiatzen dugula. Konturatuko zarete zer arazo ekar ditzakeen 20 talde ezberdinek m2 gutxiko 3 lokaletan entsaiatzeak: Leku eza, materiala gordetzeko arazoak, ordutegi bat finkatzeko arazoak etab. Talde asko gainera, leku hau erabili ezinean geratzen dira talde gehiegi daudelako eta beste batzuk lokal pribatuak alokatu behar izaten dituzte honek ekartzen dituen diru galerak kontuan hartuz.

Gainera, Zarauzko udalak lokal hauekiko eduki duen ardura desegokia ere salatu beharrean aurkitzen gara. Azken aldian, entsegu lokal hauetan arazo ugari izan ditugu lokaletik kanpora irteten den soinuaren ondorioz eta egia esan Zarauzko udaletxeak ahalegin handiegirik ez du egin arazo hau konpontzeko. Eginiko “konponketa” bakarra, bertako leihoa ixtea izan da. Honek lokal barruan egoten den hezetasuna areagotzea ekarri du eta ondorioz, musika materiala izorratzea. Honen ostean bigarren ate bat jarri dute. Lokal barruan toki pila bat kendu digute bigarren ate hau dela eta, gainera arazoa ez da bigarren atea, lehenengoa ondo jartzea baizik. Kanpoko atea hori ondo zegoen garaian gauez ensaiatzen genuen talde askok eta ez zegoen bizilagunekin arazorik. Orain bigarren atea jarrita ere soinua ateratzen da eta ezin dugu 22etatik aurrera ensaiatu beraz talde askok lan kontuak direla beste lokal bat aurkitzera behartuta daude.

Azken egun hauetan, zenbait gaztek Zarauzko kaleak berdez apaintzen ibili dira lokal autogestionatu baten eske. Etxe askotako buzoietan ere, testu bat banatzen ibili dira beraien proiektua azalduz eta herria informatuz. Gu, musika talde garen ikuspuntutik eta lerro hauetan aipatu ditugun arazoengatik, Zarauzko gazte hauekin eta Xakela Gaztetxe Asanbladarekin bat egiten dugu eta etxe autogestionatu bat eskatzera behartuta aurkitzen gara. Etxe honen bitartez, herri honek dituen gabezi asko beteko dituelako, bai entsegu lokalen aldetik eta baita kontzertu areto baten beharraren aldetik. Horrela Zarauzko musika talde guztiok, gure musika gure herrian bertan aurkezteko aukera izango dugu eta kondizio egokietan dagoen gune físiko bat eduki ahal izango dugu gure musika aurrera eramateko.

Honekin batera herriko beste hainbat kultur, kirol,... talderi animatzen diogu gu bezala mugimendu honekin bat egitera. honela idatzi baten bidez edo beste edozein bide erabiliz behar hau kaleratzeko! Denok behar dugulako eta denontzat izango delako.

Zarautzen gaztetxea orain!!!

Idatzia sinatu duten musika taldeak:
ANESTESIA
TANTRA
NEU
KALANBRAZO
ZULO
ERASO
ERANTZUN
STOCKHOLM S
FOLKCORE
MANTISA
METRALLETA
INOR EZ
BURKINA FASO
INERCIA
SUSPIKAZIA
TXIXAPARRAZTA
SENEKA
SEKUENTZIA
KUKIS BAND

Batzar irekia deitu du biharko Xakela Asanbladak


[Argazkia: Hodei Esteban].

Gaztetxeaz, okupazioaz eta Zarauzko gazteen beharrez hitz egiteko batzar irekia deitu du biharko Xakela Asanbladak. Deialdia Euskadiko Kutxaren aretoan izango da [hau da hau: okupazioaz eta gaztetxeaz solasean banku bati eskatutako aretoan!], arratsaldeko 15:30ean.
Azken asteotan, Xakela Asanbladak gazteen aldarrikapenari buruzko informazioa zabaldu du postontzietan, eta egunotan atxikimenduak jasotzeko kanpaina dute abian. 18:00etatik 20:00etara, esaterako, Musika Plazan eta Kale Nagusian atxikimenduak jasotzen aritzen dira.
Euskal Asteko herri bazkarian asanblada herritarren aurrean aurkeztu zutenetik, hainbat ekitaldi ere antolatu ditu. Besteak beste, Okupazioaren Aldeko Festa edota Gaztetxe Eguna.

2005-10-13

Manuel Lasarteri buruzko dokumentala ETBn


Aspaldiko partez, luxuzko zerbait ikusteko aukera izan genuen atzo iluntzean ETB1en. Antza denez, Guardia Zibilaren eta Hispanitatearen egunean jai egiten dute oraindik ere, eta atzo, astegunetako ohiko programazioa aldatu eta Bertatik Bertara saioaren ordez, aurrez grabatutako zerbait ikusarazi ziguten.
Atzokoa, ordea, luxuzkoa izan zen.
Askotan hitz egin, idatzi eta aipatu izan dugu iraingarria dela ETBren ildoa, eta gogoeta sakona behar duela. Atzo, salbuespen moduan, harribitxia eskaini ziguten: Manuel Lasarte bertsolariari buruzko dokumentala. Lasarteren bertsoak, bere gogoetak eta hitzak, eta hura ezagutu dutenen iritziak ere bildu zituzten dokumentalean. Tarteka, altxor ederrak ikusi ahal izan genituen. Basarriri 1985eko maiatzean Zarautzen egindako omenaldia, besteak beste [Joxe Lizasok Azken Portun kantatzen ari zirela ere bota zuen bertso batean].
Telebistaren aurrean eseri, eta aspaldian gertatu ez zitzaiguna gertatu zitzaigun atzo: dokumentalaren aurretik ezin mugitu, ezin afaria prestatzera sukalderatu. Baina merezi izan zuen ohi baino beranduago afaltzeak. Lasarteren bizitza eta lana hobeto ezagutzeko aukera izan genuen askok eta askok. Dagoeneko galduta dagoen bertsolaritza molde batean oihartzun ederra.
Atzo zer ospaturik ez zegoela-eta goizean lanera eta klasera joateko deia egin zuen euskal gizartearen ordezkaritza batek. Eta eskoletan ohiki erakusten ez den historia eta kontuak ikasteko aukera izan zuten klasera joan zirenek. ETBn ere, segur aski nahi gabe egin zuten arren, aspaldian eman diguten ikasgai ederrena eman ziguten.

2005-10-11

Kuba eta Venezuelari, esker onez


Munduaren alde honetan amets egitea ahazten ari zaigun garai hauetan, oraindik ere kolore guztiek lekua izango duten mundu batean sinesten dugunok inoiz baino beharrezkoagoa dugu betiko ameslariei harrera egin eta eskerrak ematea.
Koherentzia zer den erakutsi digute urtez urte kubatarrek, eta kapitalismoaren sudurren aurrean zutik irauten jakin dute, duintasunez, zaila baita egia blokeatzea.
Venezuelan, berriz, iraultza isilaren taupadak isilarazteko ahalegina etengabea da oraindik ere. Aberatsek ezin dute onartu herriak aukeratu eta herriarentzat bidea egiten duen lagun bat egotea agintean.
Horregatik, asteburu honetan, hainbat lagun elkartuko da Salamancan, Espainian, Kuba eta Venezuelari elkartasuna adieraztera. Fidel Castro eta Hugo Chavez bertan izango dira, Iberiar penintsulako eta Hego Ameriketako agintarien goi bileran.
Haiei harrera egin, eta amets egin daitekeela erakusteagatik eskerrak emateko aukera ederra da. Eta oraindik badago lekua autobusetan joateko.
[Informazio gehiago: http://www.euskalherria.indymedia.org/eu/2005/10/22755.shtml].

2005-10-10

Lurrikara berria Itoitz inguruan: gaurkoa 2,2 gradukoa Richter eskalan

Itoizko Koordinakundeak gaur adierazi duenez, bertako urtegia ekainean husten hasi zirenetik dagoeneko 24 lurrikara izan dira urtegiaren inguruetan ditu. Azkenekoa gaur bertan erregistratu du Estrasburgeko Unibertsitateak 01:45ak aldera, eta epizentroa Abaurrea Gainean izan du.
Koordinadoraren arabera, Estrasburgo Unibertsitateak aurrera daraman azterketa sismologikoak mugimendu berri bat jaso du gaur gauean, Itoizko urtegitik 8 bat kilometrora.
Bestalde, lekukoen arabera, aurreko larunbatean ere zarata handi bat entzun zen inguruetan, 18:45ak aldera.


[Argazkia: www.sositoiz.com].

Bizilagunek eta hainbat talde, elkarte eta erakundek behin eta berriro salatu dute arrisku larria bizi dutela Itoizko urtegiaren behealdeko herriek, lurrikara handi baten arriskua oso litekeena baita.
Urtegia baino gorago zeuden 11 herrik dagoeneko ez dute arriskurik.
Hondeamakinek eraitsi zituzten bere garaian.

ITOITZ EZ ITO!!!
ITOITZ, ARTOZKI, BIZIRIK!!!

FNAC Donostian


FNAC Donostian izan naiz gaur, lehen aldiz.
Etxe frantziarrak oraintsu ireki du lehen egoitza Euskal Herrian, eta ezagutzeko gogoa nuen.
Donostian, orain arte, Bilintx Megadenda genuen liburuak eta diskoak erosteko bilgune nagusia. Ez zuen monopolioa, jakina, baina zerbaitek bultzatzen gintuen bertara.
Nahiz eta askotan haserretu megadenden politika komertzialarekin eta euskal irakurleak tratatzeko moduarekin, hala ere, han erosten genituen eta erosten ditugu liburuak edota diskoak, beste lekuetako eskaintzei ere uko egiten ez diegun arren, jakina.

Orain beste aukera bat dugu: FNAC Donostia. Ez da Bartzelona edota Pariskoaren parekoa, baina ez dago batere gaizki.
Liburuetan, diskoetan eta DVDetan soilik aritu naiz begira gaur goizean, eta ezbairik gabe, dagoeneko, Donostiak duen liburu, disko eta DVD denda onena dela esan dezaket. Beti ere nire iritziz.

Nobedadeez gain, liburu zaharragoak, disko zaharragoak eta film zaharragoak ere aurki daitezke. Asko, gainera, prezioz oso ondo.

Ni behintzat, konbentzitu egin nau eskaintzak. Egundoko denda iruditu zait FNAC Donostia.
Hasteko, gainera, Federico Fellini oinarrian duen 40 argazkiren erakusketa paratu dute, zinema eta argazkilaritza uztartuz eta Gideon Bachmann argazkilariaren lana erakutsiz.

Kapitalismo basatian bizi gara.
Saltzea da kontua.
Eta guk erostea.
Loreak ere saltzeko haziarazten dituzte hemen.
Zilegia izango dugu, bada, eskaintza onena hautatzea, erabat lelotu eta adimena baztertu gabe, noski.

2005-10-07

Gazte Kontseilua aurkeztuko dute bihar Zarautzen

"Hitza eta erabakia” bideratzeko tresna modura, Gazte Bilgunea aurkeztu zuten hainbat gaztek hedabideen aurrean, Euskal Herriko Gazte Kontseilua aurkezteko bitarteko bezala.
Euskal gazteen eskubideen agiria osatu, eremu ezberdinetan lan egiten duten elkarte, mugimendu eta norbanakoekin diagnosia egin, ekarpenak jaso eta lehenengo biltzarra egin ondoren, kontseilua abiaraztea zuten helburu. Bada, bidea eta lanak eginda, bihar arratsaldean aurkeztuko dute Euskal Herriko Gazte Kontseilua, Zarautzen egingo den Nazio Eztabaidaren ekitaldien baitan.


Honakoa da GAZTEOK GEUREA: GAZTE KONTSEILUA izenburupean hainbat gazte erakundek ezagutarazi duten oharra:

“Denok dakigu gazteok kolektibo zapalduenetakoa garela, eskubide urrienak ditugula eta geure etorkizuna bermatzeko ez dugula ahalbiderik. Urteen iraganak erakutsi digu geure indarrez antolatu eta borrokatuz soilik lor ditzakegula geure helburuak. Bada, ordea, zorionez, etorkizunera begira sortu den proiektu berri bat: Gazte Kontseilua.
Euskal Herriko gazteoi egun ezarriak zaizkigun hiru erakunde arrotzetatik inork ez du gazteriari buruzko politika eraginkorrik garatzen. EAE, Nafarroa edota Iparraldeko erakundeek gazteen alienazioa, sistemarekiko esklabutza eta etsipena besterik ez digute eskaintzen. Ondorioz, ez da harritzekoa gazteok udaletxe edota diputazioengan sinesgarritasun falta ikaragarria izatea.
Horma hauek erausteko sortu da Gazte Kontseilua, herritarren sortu duten instituzio nazionala, bere helburua gazte problematika osatzen duten alor guztietara iristea delarik. Horretarako, egoeraren azterketa sakon bat egiteaz gain, ze eskubide eta betebehar ditugun zehaztu eta hauen defentsa egingo du.
Bada garai gazteoi entzun eta erantzungo digun instituzio bat izateko! Nazio Eztabaidaguneak larunbat honetarako antolatu duen Nazio Eztabaidaren barruan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera Gazte Kontseiluaren aurkezpena egingo da Salbatore Mitxelena ikastolako bigarren solairuan.
Gutun honen bitartez, Zarauzko gazte guztiak bertara joatera gonbidatzen ditugu. Gure ahotsa entzun eta etorkizuna eraikitzeko tresna eraginkorra izango dena ezagutu eta guregatik egin dezakeenaz ohartzeko, gazte antolakuntzaz gazte boterea osatzeko”.

2005-10-06

Bizigune programa [edo espekulazioa nola elikatu diru publikoarekin]


Gaur eguerdian Bizigune programa bultzatzeko hitzarmena sinatuko dute Zarautzen bertako alkatesak eta Javier Madrazok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak.
Hasiera batean, itxura ona du Bizigune programak.
Azken batean, hutsik dauden etxebizitzak alokairu “merke” batean etxebizitza behar duten herritarren eskura uztea da asmoa. Horretarako, udalek etxebizitza hutsen errolda egin, eta Eusko Jaurlaritzak etxe horien jabeei 18.000 euroko laguntza ematen die, etxea berritu eta bost urtez etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza alokairuan jartzen du, merkatuko prezioan baino merkeago, eta hori da hautaketa prozesu baten ostean (eta ez zozketa bidez) aukeratu duten maizterrak Eusko Jaurlaritzari ordaintzen dion kopurua.
Kopuru horren eta merkatuko prezioaren arteko ezberdintasuna, ordea, Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dio etxearen jabeari. Horrela, espekulazioari eusten eta ordaintzen dio Eusko Jaurlaritzako, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailak, guztiok ordaindutako diru publikoarekin, jakina.
Intentzioak itxura ona duen arren, errealitatea bestelakoa da. Azken batean, praktikan, politika honekin espekulazioa elikatzen du Eusko Jaurlaritzak. Ez du ezer egiten arazoa konpondu eta alokairuzko etxebizitzen prezioak behera egiteko. Are gehiago, elikatu egiten ditu prezio horiek, espekulatzaileei diru publikoarekin ordainduz.

2005-10-05

Egiak

[Testua: Jon Benito].



Mozorroa da hipokresiaren lehen seinalea. Eta Euskal Jaiek ere badute hipokresiatik. Eta ez gutxi.
—Vascoagoa haiz orain? –esaten dit Mariak, abarkak eta milrayasak jantzita lepoko zapia lotzen ikusten nauenean ispiluari begira.
—…
—Nola sentitzen haiz mozorroaren azpian? –esaten dit.
—Ni ohitua nago gutxienez urtean behin janztera.
Irten gara lagunekin gosaltzera kalera, mozkortu gara, hitz egin dugu honekin eta bestearekin: urtean zehar hitz egingo ez genukeen jende pilarekin. Politikaz eta gure arazo eta aber(r)iez, baina lagunak bezala, nola ez!. Horretan ere oinarritzen baita jaia.
—Euskal jendea!, giro jatorra! –esaten dit Mariak, inguruko jendeari begira. Baina, nago, ez ote den estereotipoez gehiegi fida, ez duen kanpoko mozorroak txunditu. Euskal Herrikoa baino, Euskadi autonomikokoa dela herri hau oraindik, abisu nik.
Mundu bat abarkak jantzita, mundu bat zapiekin, mundu bat txapelarekin: baina txapela buruan eta norbera bere munduan.
Guk ere atera ditugu argazkiak, foto-album digitaletarako, ez ahanzteko, egun batez gu ere izan ginela basko mozorrotuak.
—Ez esan ez denik estanpa ederra! Begira ze itxura ematen dugun!
Gutxienez oinetan babak aterako balitzaizkigu abarkengatik… baina ez.
Eta deabruaren egia bat hortik, oihu betean:
—Ni baserritarra nauk eta zuek ez duzue nire antzik!
Gure azken diseinuko baserritar trajeekin ikusten gaituela, garbi eta orbanik gabe, okasiorako jantzita.
Eta gu lotsatu ez. Zer da ba euskalduntasuna, egun bateko mozorroa ez bada?
—Folklorea da! –esaten dit Mariak.
—Nahiago dinat folklorea baino Folkcore –esaten diot.
Folklorea heriotzaren aurrekaria baita: museizazioa. Eta horretan gaude. Tabernetan sartu eta musika vascoa jartzen badute, urtean behin, gupidagatik:
—Quita esta puta musica! –oihu jendeak, eta arrazoi dute: Zertarako alferrikako mozorroak eta egun bakarreko gupidak!
Ez gaitezen engaina, fiestaren vascoa, jaiaren euskalduntasuna egun bateko mozorroa besterik ez da, abertzaletasunaren paradisua den zuen herri arazorik gabe horretan.
Eta euskalduntasuna ere ez da arazo bat: jaia da. Nola izango da ba arazo mozorro bat?
—Gaur antolatu behar zuten manifestazioa?
—…
—Festak politizatzen dituzue!
—Noski! –nik.
Marmarka entzuten nau Mariak, kontu hauekin nabilela. Kezkatu egiten da.
—Gehiegi tematzen haiz!
Marmarka jarraitzen dudala ikusten du, baina beste lagunak ohituak dauzkat, eta apenas egiten didaten kasurik.
Baina gaztigu hartzen diet, mozkorrek, umeek eta inozoek bakarrik ikusten ditugula egiak. Eta egia horiek ajea uzten dute.
Nazkatu ditut Maria eta ingurukoak letaniarekin: zuzenegia, txepelegia, txoroegia, zuriegia, dela hau. Faltsuegia, hipokritegia. Eta buruan borborka ditudan –egia gehiago. Beranduegi da ezertarako baina.
Horrela ibili ginen ni eta nire kontuak, Fiesta Vascak amaitu, nekeak jo eta etxera erretiratu arte.

Aupa Etxebeste! eta Obaba




Zineman bi film ikusi ditut azken lau egunotan: Asier Altuna eta Telmo Esnalen lehen luzemetraia, “Aupa Etxebeste!” eta Montxo Armendariz nafarraren “Obaba”.

Biak ikusteko gogoa nuen, arrazoi ezberdinengatik.
Azken ez dakit zenbat urteotan euskaraz filmatu den luzemetrai bakarra da “Aupa Etxebeste!”, eta horrek, dagoeneko, ikusmina sortu dit niri behintzat. Telmo, gainera, dantza irakaslea izan genuen sasoi batean, zenbait urtez, Iratzarri dantza taldean aritzen ginenean. Aspaldiko kontuak dira, baina ordudanik Telmoren lana eta umorea konplizitate apur batekin jarraitu dugu.
Telmo zarauztarra izateaz gain, lau aktore nagusietatik bi eskualdekoak dira: Iban Garate azkoitiarra eta Elena Irureta zumaiarra. Javi Aguirre argazki zuzendaria, eta Alazne Ameztoi soinu laguntzailea, berriz, koadrilakoak ditugu. Arrazoiak soberan, bada, “Aupa Etxebeste!” ikusteko.
Filma gustatu zait. Itxurakeria hutsa den gizarte kapitalista honetaz irribarre egiteko komedia polita iruditu zait, eta filmaren garapena egokia iruditu zitzaidan. Alberto Irazuk “Berria” egunkarian idatzi zuen moduan, akaso etxebestetarren etxe barruko kontuei punta gehiago atera ziezaioketen zuzendariek, baina bere horretan ere, ahalegin eta emaitza txalogarria iruditu zait filma.

Obabari dagokionez, aurreritziekin sartu nintzen atzo zinemara. Batetik, zinemaz asko dakien idazle batek batere ez zitzaiola gustatu esan zidan, eta bestetik, Atxagak “Obabakoak” liburuan bildutako giro berezia nola islatuta zegoen jakiteko gogoa nuen.
Filma ikusita, Armendarizek Atxagaren unibertso literarioa islatzen asmatu duela iruditu zait. Ez du batere erraza izan behar “Obabakoak” liburua hartu eta film bat egitea. Halabeharrez, istorioak aukeratu behar dira, eta horietako hiru aukeratu ditu Armendarizek. Aukeratu dituen hirurak ederrak dira, politak, baina geldoak. Eta filmaren erritmoa ere oso geldoa da. Dena dela, gustura ikusten da filma, eta amaieran gora eta gora egiten duela esango nuke. Ni behintzat sentsazio horrekin atera nintzen zinematik. Ederki harilkatuta daude hiru istorioak, eta hirurak lotzeko Obabara doan zinema ikasle gaztearen inguruko istorioa ere ederra da, eta asko irabazten du amaiera aldera.

Bi filmak oso ezberdinak dira. Bi mundu biltzen dituzte. Bi ikuskera. Bi estilo. Nik biak gustura ikusi ditut.

2005-10-04

Vista Alegren entseatzen duten musika taldeen bilera


Zarauzko Vista Alegre auzoan Udalak utzitako lokaletan entseatzen duten musika taldeek bilera deitu dute ostegun honetarako. Bilera entseatzeko lokaletan bertan izango da, 20:00etan.
Antza denez, Udalak zenbait lan egin ditu eraikinean, are gehiago intsonorizatzeko, eta taldeek leku gutxiago dute orain. Gainera, diotenez, 22:00etatik aurrera ez dute entseatzeko baimenik, eta hori arazoa da hainbat talderentzat. Horrez gain, hainbat musika talde berri omen daude entseatzeko lokaletan aritzeko baimenaren zain, eskaera eginda.
Hau guztia ikusita, taldeek lokal gehiago behar direla diote, eta Vista Alegre auzoan entseatzen duten taldeen eta bertan entseatu ahal izateko eskaera eginda dute taldeen bilera deitu dute ostegunean, arazoaz hitz egin eta zerbait erabakitzeko.

2005-10-03

En cada barrio, Revolución!

"Etxera itzultzea, batzuetan, daitekeen gauzarik zailena da".

Joseba Sarrionandia


Etxera itzultzea, batzuetan, asko kostatzen da, batez ere bi asterako oporretara joanez gero.
Hala ere, gehiago kostatzen zaie urteetan zehar etxera itzuli ezinik dauden herritarrei.

Gu herrialde komunista batean izan gara.
Duintasuna zer den egunez egun erakusten duen herrialde gorri eta errebelde batean.
Luze idatziko genuke Kubari buruz, bertako jendeari buruz, eguneroko bizimoduari buruz, eta abar.
Baina gaur laneko lehen eguna ere bada, eta ez dugu denbora askorik izango...

Lanarekin batera, egunero ordenadorearen aurrean aritzeko aukera izango dugu, eta ea Azken Portu hau berriro ere bizitzen dugun, denon artean.
Bada zer kontatua behintzat.
Gaurtik aurrera, berriro, ametsak biltzen ahaleginduko gara.