Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-11-24

Gure gaztetxea [Xabier Euzkitze]

Noticias de Gipuzkoa egunkariak lehen alea plazaratu du gaur.
Azken orrian, Xabier Euzkitze izan da iritzien leihoa zabaltzearen arduraduna, eta Zarauzko Gaztetxea izan du hizpide.
Hauek dira bere hitzak:


GURE GAZTETXEA

Ofizialki gazte nintzen garaian, bazten gaztetxe bat gu bizi ginen herrian, Azkoitian. Sekula ez gintuen erakarri, eta ez dut uste euren kideko ez zenik erakarri nahi zutenik ere. Behin besterik ez ginen sartu.
Orain bizi garen herrian, Zarautzen, duela bizpahiru aste ireki zuten gaztetxea, hutsik zegoen lokal bat okupaturik. Ez naiz oraindik izan, baina erakarri egin nau. Interes handiz jarraitu nuen ireki aurretik egin zuten kanpaina, irudimen eta sentsibilitatez betea. Denentzat izan nahi duen gaztetxe ireki, sinpatiko, anitz eta goxoa eskaini digute, adin, kolore eta pentsamolde guztien gainetik. Ametsen fabrika izan nahi duela esan digute, eta erakarri egin nau. Zorionak kanpainaren diseinatzaileei! Gure etxeko bat izan da Zarauzko ametsen fabrikan. 3 urteko mutikoa, Amona Papik, haurrei kroketa bana baino zerbait gehiago eskaintzen dien auzokideak eraman zuen gaztetxera, bere bilobekin batera. Ondo hartu izango zituzten, gure ttikia noiz itzuli behar dugun galdezka ari da behintzat.
Zarauzko udalak badu Gazteleku bat. Guk inoiz izan genuena baino askoz gehiago da, ez dut dudarik, baina ez du herriko hainbat gazte eta ez hain gazteren gogorik asetzen. Negoziazioak bide estua izango du, hori da nire susmoa, eta ez deritzot bidezko. Gatazka orok, handi nahiz txiki, elkarrizketa du irtenbide. Ez beti laburrena, bai ordea bidezkoena. Eta udalak, elkarrizketarako borondatea ezik, adimena ere erabili behar luke, hain adimentsu agertu zaizkigun gazteokin solasteko eta negoziatzeko. Ofizialki gaztaroa pasatutako bati gaztetxera joateko irrika piztu dion proiektuak begirunea merezi du, eta arreta. Denentzat ateak zabalik izan nahi dituen gune batek, itxuraz eta arimaz kolore askotarikoa izan nahi duenak, hain aste gutxian herrian hainbeste festa, hitzaldi, kalejira, kontzertu eta haur jolas eskaini dizkigunak, kontutan hartzea merezi du. Ez dut lagunik haien artean, ezagunak gutxi, ez nator inoren mandatari, baina herri hau gehiago gustatzen zait gaztetxea duenetik.

Xabier Euzkitze
Noticias de Gipuzkoa, 2005-11-24

2005-11-21

Duintasun ikasgaia

Ramona Africa entzutetsuak MOVE mugimenduari eta giza eskubideei buruzko hitzaldia eman zuen ostegunean Zarautzen

[Argazkia eta testua: Urola Kostako HITZA]

Ostegun arratsaldea, eta Zarauzko Gaztetxeko ekitaldi aretoa jendez beteta. Atetik kanpo ere jendea, sartu ezinik. Guztiak Ramona Africa entzuteko asmoz. 1985ean AEBetako poliziak MOVE mugimenduko kideen etxea bonbardatu zuen, eta helduak zein haurrak hil ziren sarraski hartatik bizirik atera zen heldu bakarra da Africa. Eraso hura gogor salatu zuten nazioarteko erakundeek, eta Ramona Africa ezaguna egin zen munduan zehar.
MOVE mugimendua AEBetan sortu zen, 70eko hamarkadan, zapaldutako beltzen artean, eta beltzen eskubideen alde eta bidegabekerien aurka antolatu ziren berehala. Africa abizena hartu zuten kideek, sustrietara jotzeko eta bereien arteko batasuna berreskuratzeko asmoz. Ordudanik, gaur egun arte, beltzen eta zapalduen eskubideen aldeko nazioarteko mugimendu entzutetsuenetakoa izan da.
Ramona Africak, Zarautzen, MOVEren historia errepasatu, eta bidegabekerien aurka antolatzearen beharra nabarmendu zuen, ordu eta erdiko hitzaldian.
«Legezkoa izateak ez du ezer esan nahi MOVE jendearentzat. Legezkotasunaren kontzeptua gure etsaiek asmatu zuten, jendeari nahi zuten guztia egin ahal izateko, eta gainera hori onartu egin behar izateko. Jendea engainatzen dute, legezkoa dena zuzena eta ona dela sinetsaraziz. Eta legez kanpokoa okerra eta baztertu beharrekoa dela esanez. Baina iruzurra da hori. Ez da egia inondik inora ere. Eta erraza da hori erakustea. Holokaustoa legezkoa izan zen. Esklabotza legezkoa izan zen AEBetan. Apartheida legezkoa izan zen. Baina hauetako bat bera ere ez zen zuzena edota ona. Eta hauei aurre egitea, berriz, legez kanpokoa izan zen. Horrelako bidegabekerien aurka antolatzea da zuzena. Beraz, legezkoa izateak ez du zerikusirik zuzena edota ona izatearekin. Gauza oker asko egin daitezke legearen barruan, baina ezin daiteke zuzena dena egin eta oker egon aldi berean. Zuzentasunak ez du zerikusirik legezkotasunarekin» adierazi zuen, besteak beste.

2005-11-15

Galizia ispiluan barrena

BERRIA egunkarian irakurri dut gaur AMI alde independentistako 11 kide atxilotu dituztela Galizan, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioaren baitan. Atxilotu gehienek 20 eta 25 urte artean omen dituzte, eta abar. Galizia ispiluan barrena, berriro ere.
Ez dut Assembleia da Mocidade Independentista (Gazteria Independentistaren Asanblea) delakoa ezagutzen, eta haien webgunera jo dut. "Intervenido Guardia Civil" mezua agertu zait, eta sarean bilaka jarraitu dut.

Gaurkoan, bada, isildu nahi izan dituztenen ahotsa bihurtu nahi dugu azken portu hau.



"Ser moç@ independentista neste País é ir contracorrente, é dizer, ser independentista na Galiza é nom ir ao fácil. Nós nom nos apontamos ao carro vencedor, nós acreditamos nas nossas
ideias e ninguém por nemgum meio poderá com elas; a repressom a qualquer nível nom poderá silenciar as nossas vozes.

Somos conscientes de que a Galiza tem uns traços muito definidos que a caraterizam como Naçom e a direrenciam do resto do Estado Espanhol (umha língua já em processo
de desapariçom -por nom falar da nossa ortografia-, umha cultura diferente, um território definido, umha comunidade estável, um carácter e uns rasgos que nos som próprios,...). Mas também vemos na independência nacional umha saída a muitos dos nossos problemas económicos e ao melhor uso dos nossos abundantes recursos.

Mas nom por isto se nos pode alcumar de xenófobos ou de simples frustrados que decidem botar a culpa dos seus problemas a terceiros. Nós nada temos em contra d@s espanhóis/las -@s nossos vizinh@s-, mas si o temos contra as "espanholeiras" e "espanholeiros" (aqueles dispostos a defender os seus próprios interesses mesmo pola violência e repressom, defendendo o indefendível -narcotraficantes, corruptos, G.A.L.-). Por todo isto, berramos ISTO NOM É ESPANHA porque gostariamos de regir por nós próprios e de poder escolher as nossas relaçons com outros povos, livremente.
Convem aclarar que independência nom quer dizer desuniom, senom convivência sobre a base do mútuo respeito à livre vontade. Independência opôm-se a injerencia e domínio, e rima à perfeiçom com convivência como se a história
souber de poesia, e tratando-se da história galega, o nosso futuro nom nos pode recursar essa rima.

Assim, independência nom é separatismo, independência é um mundo solidário: o melhor internacionalismo acha-se na liberdade dos Povos.
Também sabemos que o caminho para acadar o nosso objectivo é longo e cheio de dificultades. Mas, amenizado por pequenas grandes conquistas, que fam da nossa luita umha luita múltipla e variada. Assim; ecologia, insubmissom, feminismo, anti-fascismo,.. e outros, som paragem obrigatória no caminho da independência. Se bem, todas estas pretensons só ficarám num feixe de verbas se ti nom fas nada por mudar todo o que nos imponhem!

Somos abertos pois nom somos "politiqueiros", para nós o independentismo é máis que política, é o querer viver livre e que todos os que fam das nossas vidas um pesadelo nos deixem em paz. Nom temos definiçom estritamente política (marxista-leninista, maoista, autónoma,...), cremos que qualquer pessoa de esquerdas pode chegar a ser consciente de que ele/a também pode luitar por umha Galiza Ceive.

O nosso povo será livre algum dia graças à luita, nom nos enganemos: as cousas que tenhem um verdadeiro valor nom as regala ninguém, a liberdade do nosso Povo bem merece o esforço de cada um de nós".

2005-11-11

Putzua handituz eta zabalduz

Zenbat eta euri gehiago egin, zenbat eta ekaitz handiagoa jasan, gaztelu beltzaren inguruko putzua handitzen ari da.
Gainera, gero eta xakel gehiago ageri da uretan, putzua eta gaztelua kolorez betetzeko gogotsu.
Igande honetan, esaterako, skate aretoa inauguratuko dute Zarauzko Gaztetxean, eta horren harira zirkoa ere antolatu dute bertan.
Hau da Xakela Gaztetxe Asanbladak atzo iluntzean hedabideetara bidali zuen idatzia:


"Zarauzko Gaztetxea ametsen fabrika dela esaten ari gara egunotan, eta horrela dirudi. Egunak joan, egunak etorri, asanblea bakoitzean ideia asmo eta kolore berriak agertzen zaizkigu.
Horren harira, honakoa antolatu dute skate aretoaz arduratzen diren surflariek eta gainerako kirolariek:
Igande honetan, azaroaren 13an, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Zarauzko Gaztetxean, SKATE ZIRKOA.
Zer da hori? Skate aretoaren inaugurazio ekitaldiarekin bat eginez, Zarauzko haur, guraso, gazte eta herritar guztientzako ikuskizun berezia antolatu dugu.
—Malabarak ikusteko eta malabaretan aritzeko aukera.
—Magia emanaldia.
—Pailazoak.
—Haurrentzako txokolatada, dohainik.
—Pailazoak skate egiten.
Eta beste hainbat sorpresa.
Gurasoei, haurrekin batera bizkotxoren bat edo beste egin eta ekartzeko gonbidapena ere egiten diegu hemendik.
Aurreko asteburuan ia mila lagun elkartu genituen skate, BMX eta mountain board ikuskizunean, bereziki gazteak.
Orain, igande honetan, haurrentzako ekitaldia antolatu dugu: SKATE ZIRKOA.
Skate aretoa Gaztetxeko txiki park berezia bihurtuko dugu, inauguratzeko,
eta giro ederra izango dugu".

2005-11-09

"Ahalegin handiagoa"


Lagun batek, poetak, eta biok ohatzea partekatu dugu gaur. Lo gutxi eginda gaude, baina ez zirriak egiten aritu garelako. Zarauzko Gaztetxean eman dugu gaua, goardia egiten. Gaztetxea okupatu zenetik eta ateak zabaldu zirenetik hamaikagarren eguna da gaurkoa, eta gazteek urte askoan hautsa hartzen eta erabat hilda zegoen eraikinari bizitza eman dioten arren, husteko arriskua gainean du Gaztetxeak.
Horregatik, goardiak egin eta erresistentzia antolatzen hainbat lagun geratzen da gauero. Haizeak, euriak eta hotzak ez dute batere samurra egiten egonaldia. Ez da erraza lo egitea, eta zaratarik hutsalenari adi, etengabeko tentsioan igarotzen da gaua. Beti ere leihoetatik sartzen den euriak edota ituteek erdian harrapatu ezean.
Horrela hainbat gazte, gauero. Gaur, esaterako, hogeita bost bat bildu gara. 2005. urtean, Zarautz bezalako postaletako herri turistiko eta orbanik gabekoan, hogei lagun, gauero, gaua etxetik kanpo igaro beharrean. Konpromisoa, sinesten duten egitasmo herrikoia defendatzeko. Ahalegina, ametsak ezin direla debekatu erakusteko. Gogoa, denen artean koloretako oihal handia egiteko.
Eta egiten ari diren horretan sinetsita, denontzat den bilgune zabala defendatzeko, gazteak lanera, eskolara eta dagokien lekura, lo askorik egin gabe, begizuloekin, hoztuta, asko dagoeneko katarroarekin, baina gustura, egunez egun ametsen fabrikaren ateek zabalik daudela ikusita.
Eta horren aurrean, gazte hauei “ahalegin negoziatzaile handiagoa” eskatu die Udalak. Hauei, duten ia dena herritar guztientzako den egitasmo baten alde ematen ari direnei, “ahalegin” handiagoa eskatzen diete. Nork, eta herriko gazteen alde inoiz gaur igaro dugun gaua bezalako bat emango ez luketenek.
Iazko datuetara joz, herriko alkateak, hilean 4.484 euro jasotzen ditu herritar denen arduradun izateagatik. Gazteria, Hezkuntza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotziak, hilean 1.716 euro jasotzen ditu kargu hori izateagatik. Turismo zinegotziak, hilean 2.145 jasotzen ditu. Kultura eta kirol zinegotziek, bakoitzak 460 euro. Eta hauen guztien politika eskasagatik, 1.400 herritarrek bat egin dute Zarauzko Gaztetxearekin, eta dagoeneko amets fabrika bihurtu duten eraikina defendatzeko prest daude, egin beharreko ahalegin guztia eginez, orain arte bezala.
Gezurrak hitz politekin jantzi nahi izan arren, agerikoa da batzuen eta besteen arteko aldea.

2005-11-08

Oñatiko Gaztetxea bota dute

www.berria.info webgunetik:

Oñatiko gaztetxea bota dute


Gaur goizean goiz Oñatiko Gaztetxea bota dute hondeamakinekin, udaltzain eta ertzainek babestuta. Gazte asanbladako kideek salatu dute "ez abisatu eta ez ezer" ez dietela egin. Eguerdian elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, eta arratsaldean ere mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi dute. Udalak, berriz, azalpenak arratsaldean emango dituela esan du.

Goizeko 7:00ak aldera hasi dira gaztetxea botatzeko lanak eta 12:00etarako ia amaituta zeuden. Eraikina botatzen ari ziren bitartean, bi udaltzain egon dira ingurunea zaintzen, eta bertara gerturatzea galarazi dute Ertzaintzaren laguntzarekin. Izan ere, ertzain batzuk ere lanak zaintzen egon dira, baina pixka bat urrunagotik.

Gaztetxea botatzen ari zirela eguerdian jakin dute gazteek. Ordura arte ez die inork abisurik eman. Jakin bezain pronto bertaratu arren, ordurako eraikina botata zegoela adierazi dute. Udaletxe aurrean elkarretaratzea egitekotan ziren 13:30 aldera.

2005-11-03

"Bihar jakingo zara"

Azken Portu, 2005-11-04, gaueko 02:07.

Herri puta maite honetako istorio bat.
Patxi Gaztelumendiren hitzaldia izan zen atzo ilunabarrean Zarauzko Gaztetxean: “Ez gorrotatu komunikabideak: sortu komunikabideak! Euskal Herria eta informazioaren gizartea. Eredu praktikoak”. 80 lagun inguru IMC kontzeptuak, blogek eta internet sareak eskaintzen dituen aukerei buruz solasean, hitzaldi eder eta interesgarrian.


Hura bukatu, asanblea egin, eta afaltzera. Atzo, ohi baino gutxiago ginen hileroko hitzorduan, baina Patxi gonbidatu genuenez, ezin hutsik egin. Afaldu, eta zerbait hartzera, kalera.
Tarin tabernako eserlekuetan gaudela, 01:30ak aldera, eztanda antzeko burrunba handia. Trumoia zela pentsatu, eta ez ginen gehiegi aztoratu. Laster, ordea, Ertzaintzaren autoak hasi ziren Nafarroa kalean, atzera eta aurrera, argi urdinak piztuta, kontrako norabidean. Zerbait arraroa.
02:00ak aldera, etxeratzea erabakita, Patxirekin autoan sartu eta Zarauzko Gaztetxetik pasatzea erabaki genuen, “badaezpada”.
Autoan Gaztetxe aurretik igaro, eta dena lasai, barruan oraindik argiak piztuta ikusi arren. Bizkaia kalean metro batzuk gehiago egin, Altzola kalerantz sartzen hasi, eta ezin, bidea itxita. Igerain errekaren petrilean, berriz, bi ertzain eserita, linternekin…

“Ostia! Desalojorako prestatzen ari ote dira?”. Urduritasuna. Autoan aurrera segi, eta beste bide batetik Altzola kalera iritsi, autoa aparkatu, eta AEK aldera hartzea erabaki dugu, ea Zelai Ondo ingurura iristen garen, eta atzealdetik zerbait ikusten dugun, ea desalojorako prestatzen ari diren eta telefonoak dantzatzen hasteko aukera dugun. Zinta azpitik igaro, eta han goaz biak, lasai arraio. Berehala, ordea, txistua jo digute. Atzera begiratu, eta han datoz bi ertzainak korrika guregana, linternak eskuan. Ea nora goazen, oihuka, gazteleraz. Guk euskaraz, hortik goazela, ea zer dagoen, inguruan bizi garela, afaltzetik gatozela, eta abar. Ea ez ote dugun ikusten itxita dagoela, eta identifikatzeko. Kazetariak garela. Karnetak ateratzeko, eta EHNA ez ateratzeko oharraraziz, “NANak ez du balio, e?!” esan digu euskaraz dakien bakarrak. Bestea, oso serioa, gure karnetak hartu eta han doa, deiak egitera. Auskalo zein datu basetan beste behin gure izenak sartzera. Gu, bitartean, bestearekin. Ea nongoak garen, ea zer egiten dugun, ea non bizi garen. Gurasoen etxearen atarian gaudenez, ni bertan bizi naizela esan diot. Eta Patxi? Patxi Larrabetzukoa dela. Ea zer egiten duen hemen. “Aibalaostia. Lagunekin afaldu, eta buelta bat eman. Ezin da, ala? Hau ez da Zarautz?”. Bestea haserre, errespetuz hitz egiteko mesedez. Ea zerbait gertatu den galdetu diot nik, Gaztetxea husteko prestatzen ari baldin badira ezer ez digula esango jakin arren: “Bihar jakingo zara”. Erantzun digu. Bestea iritsi da gure karnetekin, eta handik ospa egiteko: “Ale! Fuera de aquí”. Eta bidali egin gaitu, etxe ataritik, gure kaletik, gure auzotik.
Autoa hartu, eta Gurmendi kaletik Araba kalera egin dugu. Hura ere itxita, eta 02:23 izan arren, telebista kamerak bertan, eta Ertzaintzaren patrol bat aurrerago. Orduan berretsi dugu susmoa: zerbait gertatu da. Irudiak hartzen ari diren langileei galdetu diegu, eta bi lehergailu jarri dituztela: bat INEMen bulegoan, eta bestea Bake Epaitegian.
Argazkiak atera, eta etxera.

2005-11-04, goizeko 08:37.
Lanera etorri, eta INEMen bulegoa oso hurbil dagoenez, argazki batzuk egitera hurbildu naiz. Ingurua itxita zuten eta oraintxe iritsi dira Arkauteko CSIkoak, eskularruekin, pintzekin, frogak biltzera, eta ingurua itxita dute. Argazki batzuk egin ditut, eta atzo gaueko bietako bat ezagutu dut, euskaraz ez zekiena. Berak ere ezagutu nau, jakina, eta honek zer ostia egiten du hemen berriro irakurri diot kopetan. Berdin zait. Ea argazki batzuk egin ditzakedan galdetu diet. Ezetz erantzun didate. Eta lanean hasi aurretik, blogean idazteari ekin diot. Eta argazkiak artxibatzeari.

2005-11-02

Mila eta bat koloreko oihal handi bat

Igandean Zarauzko Gaztetxea bihurtu den eraikina okupatu zuten dozenaka gaztek.
Gauean, besteak beste, garai bateko Vladimir Brigadak literatura taldeko lagunen irakurraldia izan zen Gaztetxean bertan. Manuela hustu zuten gauean talde horretako kideek poema irakurraldia zuten bertan, eta herenegun gauean ere, gaztetxe berriaren lehen gauean, vladimirtarrak gonbidatu zituzten. Batzuentzat berezia izan zen Zarauzko Gaztetxearen lehen gau hura, besteak beste, haurtzaroa igaro dugun baserriaren ondoan dagoelako.
Anaiak, esaterako, bihotz-bihotzez idatzi zuen gauean irakurri zuen testuetako bat.
Honakoa da.


«Ondoko baserrian jaio zen ama.
Eraikina bertan omen zen munduratu zenerako.
Garai batean beraiena zela lur sail hau, kontatu dio amonak anaiari goizean. Textil Guipuzcoana izango zenaren nagusiak, duela 60 urte inguru ez dakit zenbat mila pezetaren truke erosi zuen arte.
Gerora ehun langiletik gora ibiltzen omen zen hemen, eta gaueko txanda amaitzen zutenei, goizaldean, esnea ematen ziela ere kontatu dio.
Aitak ere iraganera egin du Gaztetxea amonaren baserri ondoko fabrika dela esan diodanean: oihalak kanpoan egoten zirela sikatzen, Axelen etxe pareraino ere Xalbardineko lurrak zirela, «hor galduko zeate behintzat!» eta txukun margotzeko ere esan dit.
Umetako oroitzapenetan murgildu naiz ni ere: bi lehengusuek futbolera jolastu nahi ez eta zenbatetan ibili ote naiz baloiari ostikoka gaur margotzen nabilen horma hauetan. Antonio osabaz ere gogoratu naiz, hor kanpoan eserita egoten zen, erreka ondotik pasatzen ziren neska gazteei kasu egiteko prest. Zer esango luke gaur, bizirik balego, hemen hainbeste neska gazte ikusita?!
Jolastu dezagun berriro. Egin dezagun mila eta bat kolore izango dituen oihal handi bat. Josi dezagun harremanen sarea, eta izan dadila gaurtik aurrera eraikin hau munduko ametsen fabrikarik handiena.
Ametsak, eta amets-eneak bizirik.
Zorionak, mila musu, eta eskerrik asko».