Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau.

2005-12-13

HELBIDE BERRIA DU BLOG HONEK

Kamarada:


Badakizue: eusko blogariak gara, eta blogerretik blogarira pasatzeko bidea egin dute lagun batzuek.
Blog kontuetan euskaraz aritzen garenok, bada, topaleku berria dugu orain, eta blog hau ere helbide berrira aldatzea erabaki dugu.
Laster, gainera, blog honen eduki osoa izango duzue ikusgai helbide berrian.

Mila esker!

2005-12-12

Ikusten ez duguna


Antza denez, Goenkaleren 12. denboraldian, telesaila sortu zenetik lehen aldiz, ekoizleek arazoak dituzte Orioko Udalarekin.
Izan ere, eta orain arte Orioko udal agintariak gustura agertu badira ere fikzioan Arralden gertatzen dena herriko kaleetan filmatzeagatik, orain, oriotarrei ez die grazia askorik egin Arralden ere eraikuntza enpresa handien ustelkeria kontuak agertzea, eta zeharka bada ere Orio kontu horiek zipriztindu ez dezaten, zenbait tirabira izaten ari dira Goenkale ekoizten duen produktorarekin.
Izan ere, errealitatean, Orio ez da zehazki ustelkeria susmoetatik garbien dagoen herria. EAJko azken bi alkateek, kargua uzterakoan, eraikuntza enpresekin lotutako ustelkeria kontuen inguruko zurrumurru askoren artean utzi behar izan dute kargua. Orioko hondartzaren inguruan porlanak etengabe egin du aurrera azken urteotan, eta eraikuntza enpresen eta zenbait udal agintariren arteko harreman estuaren mamua etengabe ibili da herrian zehar, beti ere ustezko kontu horietan zipriztindutako udal agintariek beraiek kargua uzterakoan erabat gezurtatu baldin badute ere horrelakorik.
Kontuak kontu, orain, Arralden ere horrelakoak agertzen hasi direnean, Orioko udal agintariei ez die graziarik egin lehendik ere zurrumurruek ukituta zuten agintarien izen ona zalantzan jartzea, eta Goenkalen gertatzen dena fikzioa izan arren, herriaren irudiarentzat kaltegarria delakoan, kezka agertu diete telesaila ekoizten dutenei.
Hainbat konturen aurrean isilik egon direnek, orain ez dute askorik behar izan urduri jarri eta zerbait esateko…

2005-12-02

Uharte habitatua


Uharte habitatua da orain oihal fabrika zaharra.
Euriaren gordinak itsaso bihurtu ditu putzuak,
eta elkarrekin eraiki ditugun portuetan babestu gara.
Taupadak entzun daitezke ekaitzaren erdian.
Bizirik gaude.
Behin eta berriro hiltzen gaituzten arren.
Ametsak defendatuko ditugu, lubaki bat bezala.
Zerbait ekarri digu udazkenak,
zulatutako hostoak agertu zaizkigu begietan,
biluzik zeuden zuhaitzak besarkatu ditugu
eta bihotz bat idatzi dugu libertatearentzat.
Elurra ez da iritsi oraindik,
baina neguak ez gaitu bakarrik harrapatuko.
Uharte habitatuak dira orain gure ametsak.